05 DéC. 2020 infraganti IDOIA TORREGARAI ETA MIRARI MARTIARENA «Bakean Dagoena Bakean Utzi», agindu zuten beren lehen bakarrizketa ikuskizunean. Bi urte eta erdi eta 120 plaza geroago, «Luze edo Motz» izeneko pieza berriarekin datoz. Ez daudelako inor bakean uzteko eta oraindik esateko gauza asko dituztelako. Generoaz, «emakumeen kontuez», gorputzetatik, lokatzetatik eta, noski, umoretik. Amagoia Mujika Beren bizipenetatik, egunerokotasunetik eta gorputzetatik aritzen dira taulan, ahots goran hausnartzen, publikoa zirikatzen, batzuetan deseroso sentiarazten eta batez ere umorearen bidez paretak botatzen. «‘Luze edo Motz’ izenburua jarri diogu. Izan ere, gizonezkoek luze hitz egiten dute beren kontuez, sexualitateaz, larrutan noiz eta nola egiten duten... horiek denak ezagutzen ditugu. Eta emakumeak, beti motzetik. ‘Luze edo motz’, era berean, gizarte honi asko kostatzen ari zaiolako aldatzea parekidetasunaren bidean, luze doalako kontua. Eta, askotan, aldaketa horiek motz geratzen direlako», eman du azalpena Mirari Martiarenak. Naturaltasun bortitza da umoregile bikotearen tasun nagusia. Naturaltasun horrekin lortzen dute jendea harrapatzea. «Normalean aipatzen ez diren gaiak modu askean aipatzen ditugu. Bigarren ikuskizun honetan, gainera, askoz gordinago eta zuzenago aritzen gara. Hilekoa, menopausia, ligatzeko kontuak, sexua, ginekologoarengana bisitak... Emakume gehienoi gertatzen zaizkigun egoerak dira, baina apenas hitz egiten da horiei buruz. Horrek deserosotasuna sortzen du; ‘nola ari dira bi emakume horren modu askean horri buruz hitz egiten?’», jarraitu du Idoia Torregaraik. Eta une hori askatzailea da, barre algara bat gai delako tabu pisutsu bat pitzatzeko, konplexu zamatsu bat arintzeko. Umorea gai delako deseraikitzeko eta eraikitzeko. «Guk umorearekin deserosotasuna sortu nahi dugu, gero barrearen bitartez hautsi eta askatasuna sentitzeko. Umore mota desberdinak daude, baina gu saiatzen gara “klik” bat eginarazten. Lehen helburua ondo pasatzea da, gure ikuskizunetik jendea gustura barre eginda ateratzea. Baina, gero, zer pentsatua ematea; aldarrikatzea, haserretzea eta horren aurka egitea, hausnartzea... umorea deseraikitzeko eta eraikitzeko beste tresna bat da. Gure emanaldira etortzen direnean, emakumeak identifikatu egiten dira, ia denok pasatu garelako antzeko egoeretatik. Emakume askok pentsatzen dute bazela garaia norbaitek gauza horiei buruz hitz egiteko eta gainera modu horretan, umorez. Gizonezko asko, aldiz, konturatzen dira aurretik inoiz ez dutela gai horien inguruan pentsatu. Umorea da guk bizitza ulertzeko daukagun modua. Bizitza umorearen galbahetik pasatzen dugu. Horrek ez du esan nahi gure eguneroko bizitzan miseriak ez ditugunik, baina guretzat umorea da mundura agertzeko modurik eraginkorrena eta, gainera, gozatu egiten dugu horrekin», azaldu du Torregaraik. Mirari Martiarenak umorez –nola bestela– gogoratu du Orexan lehen ikuskizuna eskaini zutenean, amaieran, gizon bat gerturatu zitzaiela bere iritzia ematera: «Ondo dago, baina emakume kontu gehiegi», bota zien. «Lehen emakume kontu gehiegi omen zeuden eta, orain, denak dira emakume kontuak», esan du Martiarenak. Proposatzen duten feminismoa oso lurtarra da, lokatzetan sartzen dena. «Gizarte bezala beharrezkoa da akademia, beharrezkoak dira pentsalariak, feminismoa zer den eta zer izango den hausnartu behar da. Baina horri forma emateko, eguneroko gauza txikiagoak ere kontuan hartu behar dira. Gu horretan saiatzen gara. Jarraitzen dugu pentsalariek esaten dutena eta horrek guztiak zer pentsatua ematen digunez, gure egunerokoan adierazteko modua topatzen saiatzen gara, umorearen bitartez». Torregaraik zehaztapena egin nahi izan du. «Gu gure errealitatetik abiatzen gara. Ez ditugu errealitate denak irudikatzen. Gu ez gara bollerak adibidez. Baina guretik bide bat zabaltzen saiatzen gara». Umorearen argitasuna Umorea gauza oso tristeei buruz hitz egiteko, emakumeak hain modu anitzetan zeharkatzen dituen matxismoari buruz hitz egiteko. «Guri tokatu zaigu bizitzan gauza gogorrak bizitzea, baina saiatzen gara umorearen argitasuna bilatzen. Gogorra izaten jarraitzen du, baina umoreak laguntzen du horiei aurre egiten. Duela zazpi urte konturatu nintzen batez ere horrekin eta erabaki kontziente bat izan zen: hemendik aurrera gauzak beste toki batetik ikusiko ditut eta umorea nire langintzetako bat izango da», azaldu du Martiarenak. Emakumeak gerturatzen dira bereziki bakarrizketa ikuskizunera, ehunetik laurogeita bost. «Gehienak emakumeak dira, baina gizonak ere etortzen dira. Guretzat ona da gizonezkoak etortzea, deseroso sentitzen direlako eta zer pentsatua ematen dielako. Baina gehienak emakumeak izaten dira». Eta datu horrek badauka bere ertza, Torregaraik bistaratu duenez. «Guri batez ere emakumeen taldeetatik deitzen digute. Baita euskara taldeetatik, baina gutxiago. Eta kultura programatzaileek, askoz gutxiago. Gu gustura gaude emakumeen taldeetatik deitzen digutelako, guretzat plazer bat da, baina galdera botatzen dugu: Gurea orduan ez da kultura? Zer da gurea? Gizon batek gizonei buruzko bakarrizketak egiten dituenean kultura da eta gurea ez? Oraindik emakumeen kontuak dira? Mirarik eta biok egiten dugun umorea ez da unibertsala? Guk aldarrikatzen dugu gure umorea guztiontzat dela». Bada beste itzal bat, handia, bizi dugun sasoian: Pandemia garaian ba al dago kulturarentzat tokirik? Eta, umorearentzat? «Guk martxoan konpromisoa hartu genuen: udazkenean ikuskizun berria egingo dugu. Aipatu ziguten agian urtarrilera atzeratzeko aukera, baina guk gureari eutsi diogu. Apustu hori egin dugu jakinda egoera ez dela errazena, kultura egiteko garai zaila dela, jendeak musukoarekin joan behar duela... Baina nabaritzen dugu jendeak barre egiteko beharra daukala; ordubetez covida ez den zerbaiti buruz hitz egin, entzun, hausnartzeko beharra daukala», azaldu du Martiarenak. “Luze edo Motz” formatu txikiko ikuskizuna da, ez du azpiegitura handirik behar, ordutegi aldetik goiz samar ibili ohi dira eta edukiera ez da arazoa izaten. Datozen astetan badituzte hitzordu batzuk. «Ez da garai erraza. Baditugu ‘Luze edo Motz’ emanaldirako hitzordu batzuk, baina tartean aurreko emanaldiaren –‘Bakean Dagoena Bakean Utzi’– saioak ere baditugu. Herri askotan lehendabizi lehen ikuskizuna ikusi nahi dute eta gero, bigarrena. Bat ez da bestearen jarraipena, baina abenduko lehen aste honetan hitzordu dezente ditugu lehenengoarekin; Oñati, Igantzi, Derio, Leitza... Eta, gero, abenduaren 18an Goizuetan eta 19an Diman, ‘Luze edo Motz’ eskainiko dugu». Hitzorduak hitzordu, ez da kulturarentzat sasoi oparoa. «Penagarria da. Lana eta osasuna dira lehentasunak. Baina ahaztu zaigu pertsonak ez garela hori bakarrik. Gu pertsona bezala zerbait bagara, amesten, irudikatzen eta sortzen duguna gara. Horrek egiten gaitu pertsona. Kultura kentzen badigute, zer gara? Kulturak arima elikatzen digu. Osasuna zaintzea oinarrizkoa da, baina gure arima, sormena, fantasia, irudimena... ezinbestekoak dira eta horiek ere zaindu egin behar ditugu», iritzi dio Torregaraik. Lehenengotik eskarmentua “Luze edo Motz” bigarren bakarrizketa ikuskizuna da. Bi emakume oholtza gainean emakumeen gauzez hitz egiten, genero arrakalaren arrakaletan eta zaurietan hatza sartzen. Lehen aldi hartan bezala, bigarren honetan ere Lankuren babesa dute. «Guretzat oso garrantzitsua izan da Lanku. Hasieran, zer egin behar genuen oso ondo jakin gabe, konfiantza eta babesa eman zigun. Eta orain ere hortxe dugu. Asko eskertzen diegu», nabarmendu du Torregaraik. Beraiek lehenengoan bazekiten zer egin nahi zuten. Orain, kasik garbiago daukate eta 120 plazatako eskarmentua ere badute. «Niri balio izan dit neure burua umoregile bezala aldarrikatzeko. Orain seguru esaten dut sortzailea eta umoregilea naizela. Era berean, ahalduntzea izan da, jendearen aurrean eskarmentua hartzeko modua. 120 plaza egin ditugu eta denak ez dira samurrak izan. Izan da barrerik egin ez duen jendea, izan dira baliabide eskaseko egoerak... Saio onak izan direnean munduko nagusiak sentitu gara eta saio txarrak izan direnean horietatik ere ikasi egin dugu. Niretzat berrespen bat izan da, bizitzan umorea egin nahi dudala sinesteko bidea. Nik duela hiru urte nire lana utzi nuen umorea egiteko. Monologo bakarra neukan lotuta. Dena utzi eta apustu hau egitea garrantzitsua izan da eta espero ez nuen tokira iritsi naiz», aitortu du Martiarenak. Torregarai ados dago. «Hau gure ametsa zen eta gure ametsa betetzen ari gara». Gorputzetik eta gorputzez Proposamenak asko du gorputzetik. Jendaurrera, mintzo publikora, agertzen dira beren gorputzetatik eta, gainera, emakumeen gorputzetan gertatzen diren errealitateak plazaratzen dituzte. «Gure emanaldian gu biok gara, ez dago beste ezer; ez apaindurarik, ez argirik, ez irudirik. Oholtza gainera igotzen diren bi emakume arrunt gara eta normalean oholtza gainean ikusten ez diren gorputzak ditugu. Bakoitza gure gorputzetik aritzen gara eta ez gara zehazki gizarte honek inposatzen dituen estereotipoak. Oholtzara igotzea eta hor egotea bera aldarrikatzailea eta normalizatzailea da. Gure mezua garbia da: ‘Guk geure burua legitimatu egiten dugu hemen egoteko. Zuek ere, nahi baduzue, gauza bera egin’», esan du Torregaraik. «Bakean emanaldian loditasunaz eta bular handiez hitz egiten genuen. Niretzat ahalduntze ariketa handia izan da. Jaso dudana ere sekulakoa izan da, nirekin oso identifikatuta dauden pertsonak gerturatu zaizkidalako. Niretzat garrantzitsua da nire gorputza erdigunean jartzea. Nik nire bizitzan gauza askori uko egin diet loditasunagatik, beldurra ematen zidalako. Indartu egin naiz eta niretzat mezu hori ematea garrantzitsua da. Emakume guztiak gaude konplexuz beteta, baina gizarte honek seinalatzen gaituenak lodiak gara. Horri karga kendu behar zaio, loditasunaren atzean ez dagoelako janaria bakarrik. Nik nire gorputzari buruz umorez hitz egiteko gai izan aurretik gaizki pasatu dut. Badago taularatu ez dudan nire zati bat. Oraindik ez naiz gai jendaurrean eta umorez horri buruz hitz egiteko, baina pozik nago egin dudan bidearekin», aitortu du Martiarenak. Konexioa, konexioa eta konexioa. Behin eta berriz nabarmendu dute bi umoregileek parean izan dituzten emakumeekin nagusiki lortu duten konexioa. «‘Nik gustura esango nukeena, sekula esan ez dudana, jendarte honek baimentzen ez didana, bi hauek esaten dute oholtza baten gainetik eta umorez’. Nik uste dut hori sentitu dutela emakume askok. Une hori katartikoa da, barrearen bidez zerbait hausten da. Eta emanaldia bukatuta, gai horiei buruz hitz egiten jarraitzen dute. Hori lortzea sekulakoa da guretzat». Umorearen bidetik, Euskal Herriko herriak ibili dituzte bi urte eta erdian. «Herri batzuk hotzagoak dira edota justu egokitu daiteke hotzagoa den talde bat. Baina toki guztietan lortu dugu konektatzea. Pentsa, aste bakarrean Otxarkoagan, Vianan eta Bidarrain egon ginen. Pentsa ze desberdinak. Eta hiru lekuetan funtzionatu du», kontatu du Martiarenak. Tokiak toki, tarteka izaten da barrea modu zaratatsuan egiten duen norbait, «zoriontasun banatzaile zoragarriak» umoregileen ustez. «Horiek barre olatuak altxatzen dituzte eta giro fisikoa eta emozionala berotu egiten da. Horrelako jendea opari bat da. Aretoan horrelako bat dagoela konturatzen garenean, sekulako poza ematen digu», esan du Torregaraik. «Munitibarren bazen emakume gazte bat, hasieratik bukaeraraino barre egin zuena. Une batean barrez lehertu beharrean zegoen eta geratu egin behar izan nuen, neroni barrez hasi nintzelako», kontatu du Martiarenak. Eta barrez hasi gara, besterik gabe. • «Guk umorearekin deserosotasuna sortu nahi dugu, gero barrearen bitartez hautsi eta askatasuna sentitzeko. Gu saiatzen gara umorearekin ‘klik’ bat eginarazten» «Ez da ikuskizun bat egiteko garai erraza. Baina nabaritzen dugu jendeak barre egiteko beharra daukala; ordubetez covida ez den zerbaiti buruz hitz egin, entzun, hausnartu...» «‘Nik gustura esango nukeena, sekula esan ez dudana, jendarte honek baimentzen ez didana, bi hauek esaten dute oholtza batean eta umorez’. Uste dut hori sentitu dutela emakume askok» «Bakoitza gure gorputzetik aritzen gara eta ez gara zehazki gizarte honek inposatzen dituen estereotipoak. Mezua garbia da: ‘Guk geure burua legitimatu egiten dugu hemen egoteko’»