GAUR8 - mila leiho zabalik

Urrutikoa gertu, gertukoa urruti


Urrunekoa iruditzen zitzaigun. Txinan gertatzen diren txinatarren gauzak. Zelebrekeriaren begiratuaz epaitzen genituen. «Nartzisismo ideologikoa», esplikatu digu Mikel Aramendik, nazioarteko gaietan adituak. «Txinarekin gertatzen ari den drama ideologikoa, mende askotan munduko lehen potentzia ez-zuri bat edo ez-europar bat izatera doala ez onartzea».

Euskal Herriko erizainek ere begiak zabal-zabalik behatzen zieten Txinatik zetozen irudiei. «Harrituta ikusten genituen Txinako erizainen irudiak; Norbera Babesteko Ekipamenduak, ilea larru-arras moztuta, lurrean leher eginda...», aitortu du Pilar Mendiak, SATSE erizainen sindikatuko lehendakariak. Geroztik osasungintzako langileek ez dute patxadarik izan telebistari begiratzeko. Bizitzaren alderdirik latzena lehertu zaie begien aurrean eta eskuak eta bihotzak falta izan zaizkie gaixoak sendatzeko eta besarkatzeko.

Urrutikoa gertu konturatzerako. Globalizazioaren hariak munduaren txoko urrunenak josten dituelako. Baina perfektua balitz bezala saltzen ziguten globalizazioaren makina ez da hain perfektua. Niko Cuenca ekonomialariak azaldu digu: «Ustezko makineria perfektu horretan harritxo bat sartu denean, blokeatu egin da». Subiranotasunaz zer pentsatua eman beharko liguke, osasun subiranotasunaz, kasurako. Musukoak bai edo bai behar ditugun garaian armada espainoleko hegazkinek Txinatik ekarri dituzte musukoak egiteko makinak, Mondragon Taldeak egin ditzan. Pentsa.

Kultura salbatzeko armadaren hegazkinik ez du bidali inork inora. Norbaitek erabaki du kulturaren taupadarik gabe ere bizirik iraun dezakegula. Eta sortzaileak eta haien inguruko langileak lanik gabe geratu dira, haien egitekoak ez omen direlako lehen lerrokoak. Kultura ez omen delako oinarrizko beharra.

Zientzialariek pazientzia ikaragarriz azaldu dizkigute detaileak. «Arazoa izan da birus berri baten aurrean gaudela eta birus hori hedatzen joan dela. Eta immunitate txikia dagoela», Miren Basarasen hitzak. Hain xume eta hain latz, bere burua kasik garaiezin ikusten zuen jendarte zaurgarri eta zaurituarentzat.

Urrutikoa gertu eta gertukoa urruti. Txinako kontuak etxe ondoan eta gure ondokoak urruti. Zenbat denbora egoitzetan dauden nagusiak bisitatu gabe, ukitu gabe, besarkatu gabe. «Birusak ez banau akabatzen, tristurak hilko nau», bota dio amonak bilobari. Sarraskia eragin du covid-19ak zaharren egoitzetan eta oso bistan utzi ditu sistemak lehendik zeuzkan zartatuak. Horiek ere beharko dute neurriko txertoa.

Hezkuntzan, berdin. Orain enbatari eusten ari dira. Ekaitza pasatzen denean, zulatuak josteko eta sistema indartzeko unea izango da. Beste ekaitz bat etor daitekeelako? Ez, hezkuntzak izan behar duelako eraiki nahi dugun jendartearen zutoin.

Igor Fernandez psikologoak esan digu lasai egoteko, aurrera aterako garela, gure aurrekoak beste miseria eta gerra batzuetatik atera ziren bezala. Baina ezin dugula luzaroan egon eusten eta eusten, «denbora bat igarota gure azalak, bihotzak eta tentsioak beste pertsona bat behar dute atseden hartzeko». Zuen azaletan atseden noiz hartuko zain gaude.