09 JAN. 2021 Zubipean Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar Arkitektoa Azkenaldian dezentetan joaten naiz Soraluzera, lan kontuengatik. Autobusa Altzolan irteten da AP-8tik eta Usatorreko biribilguneko «corten» altzairuzko eskulturak agurtzen gaitu, atera nazazue hemendik esanez bezala, laguntza eske. Eskubitara jotzen du orduan autobusak, eta ikuspegiak aldiro-aldiro liluratzen nau: AP-8ko biaduktua dugu parez pare, hormigoizko bina zutabe erraldoi alboetara, 30 metro luze, errepide zaharra erditik eta, ezkerrean, bospasei pisuko etxebizitza blokea, 60ko hamarkadakoa-edo. Usatorre jatetxea dago haren oinean, terrazatxo batekin, eta zuhaitz bakan batzuk. Apur bat zaintzea, txukuntzea, behar duen arren, estanpak izugarri erakartzen nau. Leruntxikitik sartzen gara Elgoibarrera. Beste biribilgune bat, eskulturarik gabe oraingoan. Alboetara supermerkatu bana, BM eta Mercadona, aparkalekuekin, gertuko merkataritza pasioz besarkatu dezagun Udalaren eta Jaurlaritzaren laguntzarekin. Autobusa Elgoibarren gelditzen da ondoren, Margaret Thatcherren garraio publikorako aholkulariak diseinatua dirudien inguru batean, eta aurrera jarraitzen du Maltzagarantz. Telesforo Monzon sentitzen naiz orduan baina kontrako noranzkoan, metafora politikorik eta epikarik gabe, ahoan musukoa eta poltsikoan gel hidroalkoholikoa ditudala. Kontrako noranzkoan, agian hori da metafora politikoa. Soraluzera iristea zubi-festa bat da: AP-8 autobidearen biaduktuaz gain, bost aldiz pasatzen da gure gainetik Eibar-Gasteiz autobideko loturaren bat eta behin autobidea bera. Maltzaga makina erremintari dedikatutako zubipeko biribilgune bat da, eta horrek badu metaforatik asko. Nik gora begiratzen dut bitartean, zubien azpitik eta zubien artetik, pentsatuz zubipeak beti izan duela konnotazio negatiboa. Anthony Kiedisek, bere dekadentziaren onenean, Los Angeleseko autobide zubi baten azpian erosi zuen droga eta hortik atera zuen “Under the bridge”, Red Hot Chilli Peppers musika taldearen hita. «Under the bridge downtown, I gave my life away». Zubiak gainetik begiratzeko diseinatu izan ditugu, zeharkatzen ditugula kontenplatzeko eta urrundik begiztatzeko. Donostiako Zurriola zubiko Art Deco farolak eta Maria Kristina zubiko obelisko handiusteak, Ondarroako eta Bilboko Calatravak, La Salve zubiko Arku Gorria instalazioa. Egituraren diseinuak ere lagundu du horretan. Azpiko espazioa, ordea, ez zaigu hainbeste axola. Zeinen trakets pausatzen diren batzuetan zutabeak lurrean, zimentazio erabilgaitza agerian, eta zeinen erabilera residuala ematen diegun ia beti; zenbat sastraka, hartxintxar eta aparkaleku eta zer diseinu gutxi. Eta hala iristen naiz Soraluzera, zubipeko espazioak buruan, pentsatuz gai estetiko bat –beste bat– dugula hor jorratzeke. •