GAUR8 - mila leiho zabalik

Biharamunerako zenbait galdera


Txertoaren eskutik urte hasiera honetan pandemiaren inflexio puntua etorri dela pentsa –edo amestu– daiteke. Txertaketak hastapenean hartu duen abiadura eskasak zalantzak pizten baditu ere, beharbada denbora aldetik tunel honen erdia igaro dugu. Beste muturrera iristean, autobidean gertatzen zaigun legez, topatuko duguna ez da izango aurrean utzi genuenaren segida. Paisaia nabarmen aldatu behar du izurriteak. Gauden tokitik ezin da aurreikusi nolako agertokia aurkituko dugun kanpoaldean: lanbrotsua ala eguzki izpiekin, lehorra ala hezea, hotz-hotza ala epelxeagoa. Baina hausnartzen hastea komeni...

Beste batzuek esan dute aurretik: erantzunak ikasi aurretik galderak aldatu dizkigute, aldatu zaizkigu. Larrienetatik hasita, zaintzaren beharrak bortizki jarri zaizkigu begien aurrean. Txertatzen lehenak zahar etxeetako egoiliarrak izan behar zirela inork gutxik jarri du zalantzan, baina hortik haratago, tunel honen amaieran zer zaintza eredu eraiki behar dugu, porrot egin duenaren ordez? Non eta nola izan gure aitona-amonak eta mendekotasun egoeran diren gainerako guztiak? Nork ordainduta? Zama hori nola banatuta: familien eta administrazio publikoen artean, emakume eta gizonen artean, profesional eta boluntarioen artean...? Sistema publiko oso bat egingarria al da? Eta jasangarria? Nola bermatu bakoitzaren eskubideak trantze horretan, bizitza duina izatearena jakina, baina bai eta eutanasiarena ere, esaterako? Jaiotza tasa handitzerik badago?

Bat-batean orain arte ikusezin ziren pertsona zaurgarrienez ari garela, nola ekidin bazterkeria egoera horiek? Nola jokatu konfinamendu zorrotzenaren asteetan kalean segitu zuten herrikide horiekin? Kartzelan oraindik isolatuago gelditu direnekin? Ziztu bizian digitalizatu den lan mundutik aparte gelditu direnekin, robotizazioaren aroa etorri aurretik? Etxetik jada agian inoiz atera nahi izango ez duten aitona-amonekin? Gizarteratzearen garaian nor bere oskol barruan sartuta gelditu ziren nerabe eta gazte guztiei laguntzerik ba al dugu? Hezkuntzaren haria –edo euskalduntzea bera– galdu duten haur guztiei? Inoiz baino prekaritate handiagoaz ari diren etorkinei?

Euskal Herriaz ari garela, galdera eraberrituak ere bai: balio bereziekin erantzun diogu pandemiari, edo inguruko besteen antzera? Kudeaketa estatuen aginduek guztiz baldintzatu izanak zer ondorio uzten du? Armada espainola nola ikusten dute euskal gazteek, UMEren propaganda masiboaren ostean? Eta jaun eta jabe izan diren hemengo poliziak? Ez al gara EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria bakoitza bere aldetik aztertzera berriz ohitu? Etxerako eta indibidualizaziorako joerak eman al dio gure nortasunari kolpe latzik? EAEko Estatutu Berriaren prozesua zertan gelditu da? Gure Esku? Katalunia? Independentziaren ortzimuga?

Herritarrok orokorrean oso arduratsu jokatu dugula ikusita, demokrazia parte-hartzailean sakontzeko biderik ba al da? Zenbait boterek arduragabe egin dutela eta, gobernantza eredu berriak asmatzerik? Benetan zientziak lehentasuna hartu badu, nola sustatu erabaki politikoak zutabe horien gainean? Zinez ahuldu al dira fake newsak, gainbeheran al dira ultraeskuineko populismoak, edo urrats bat atzera egin dute bi aurrera eman aurretik? Askatasuna/berdintasuna lehian zerk egin du aurrerago fase honetan? •