23 JAN. 2021 GOAZEN DELHIRA! Dilli Chalo, txalotzeko moduko mobilizazio izugarria Indian Nekazari herriek elikaduraren subiranotasuna baieztatzeko eta herritarren aurkako estatu politikei aurre egiteko duten boterearen testigantza da Dilli Chalo. Gobernuak ezarritako legeek botere osoa emango diete enpresa gutxiri, eta nekazari eta langile gehienak babesgabetasun egoeran utziko ditu horrek. Martin MANTXO Azaroaren 26tik, Indiak nekazarien mobilizazio handiak bizi ditu. Gobernuak irailean onartutako hiru legeren aurka daude, baina azken batean urteetan sektorea kolpatu duten politika neoliberalekin gogaituta daude. Lege horiek transnazional handiei mesede egingo liekete, nekazari txikien kaltetan. Legeak onartu bezain laster, sindikatuak tokiko protestak antolatzen hasi ziren, eta azaroan Dilli Chalo (Goazen Delhira) izeneko mugimendua hasi zuten. Milioika nekazari joan ziren nazioko hiriburura nekazaritza legeen aurka agertzera, baina gogor zapaldu zituzten bertara sartzea eragozteko. Urtarrilaren 13an, Dilli Chalok 49. eguna bete zuen; Indiaren historiako mobilizazio handienetakoa da, beraz. Partaide batek «independentziarako bigarren gudua» zela adierazi zuen egunkari batean, arrazoi osoz. Manifestariek eta haien ordezkariek, gobernuarekin negoziatzeko orduan, argi eta garbi aldarrikatzen dute: Gobernuak lege horiek bertan behera utzi behar ditu; bestela, ez dira geldituko. Bestalde, protestak koronabirusari aurre egin behar dio, baina baita bortizki eragiten ari den hotzari ere. 2021eko urtarrilaren 4rako (mobilizazioen 40. eguna) 60 manifestari hil ziren, batez ere hotzagatik, baina baita bihotzekoak jota eta istripuz ere. Beraz, Dilli Chalo alde askotatik nabarmentzeko moduko mobilizazioa da, egunen eta parte-hartzaileen kopuruagatik ez ezik, hildakoengatik eta partaideen konpromisoagatik ere bai. Hain zuzen, «manifestarien determinazio hautsezina eta horrek sortu duen batasun zabala» txalotu zuen Elikagaien Subiranotasunaren aldeko Herri Koalizioak (PCFS) 2021eko urtarrilaren 11n, Dilli Chalon mobilizatutako pertsonenganako elkartasunezko mezuan. PCFSk dioenez, «Dilli Chalo nekazari herriek elikaduraren subiranotasuna baieztatzeko eta herritarren aurkako estatu politikei aurre egiteko duten boterearen testigantza da. Horixe da guk behar dugun energia aurtengo erronka ugariei aurre egin ahal izateko, jasaten ari garen pandemiaren ondorioz larriagotzen ari den krisialdia tartean dela, baita Nazio Batuen Erakundearen elikadura sistemei buruzko hurrengo gailurra ere». Urrundik datorren matxinada Azaroaren 26an greba orokorra egin zen estatu mailan. 250 milioi lagunek parte hartu zuten. Abenduaren 4an Gobernuak eta nekazariek negoziazioak izan zituzten, baina Gobernuak ez zituen eskaerak onartu. Orduan, 2020ko abenduaren 8an, nekazariek greba egin zuten India osoan. Garraiolariek bat egin zuten, merkatuak ez hornitzeko mehatxua eginez. Abenduaren 12tik aurrera, nekazariek autobideen ordainlekuak hartu zituzten. Gobernuak zuzenketa batzuk egin zizkien legeei, baina sindikatuek erabat kentzea eskatzen zuten, eta ordutik Delhiren kanpoaldean jarraitzen dute protestan. Abenduaren 22an, Maharashtrako ehunka nekazarik Punjab eta Haryanakoekin bat egin zuten. Covid-19ren konfinamendua indarrean zegoela aurkeztu ziren lege berriak, finantza pizgarri gisa. Halere, nekazaritza sektoreak eta gainerakoek arintze neurriak behar zituzten murrizketa aldia gainditzeko. Honako lege proposamen hauek dira, zehazki, gatazka iturria: •APMC (Nekazaritzako Produktuen Merkatuko Batzordea) deuseztatzeko legea: lehen aldiz, APMCk araututako mandietatik (azokak) kanpo nekazaritza produktuak salerostea ahalbidetzen du; herrialde osoan mandi pribatuak ugaritzeko bidea zabaltzen du horrek, eta horrela, mandi pribatu horiek prezioak kontrolatu ahal izango lituzkete eta, ondoren, merkatua. •Kontratu bidezko nekazaritzaren legea: erein aurretik, nekazariaren eta eroslearen artean aldez aurretik zehaztutako prezio baten araberako hitzarmena ahalbidetzen duen lege esparrua da. Esperientziak erakusten du halako hitzarmenekin zorpetzea handitzen dela, baita berdintasunik ezaren bideak ere. Zorpetzeak lurrak galtzea eta kontzentratzea dakar. •Elikagaiak metatzeko legea (enpresentzako askatasuna): Helburutzat du merkatariek nekazaritza produktuetan izakinak edukitzeko Gobernuak ezartzen dituen muga arbitrario eta aldizkakoak ezabatzea. Horren ordez, «salbuespen egoeretan» soilik erabiliko diren neurriak sartzen ditu lege berriak. Orain arte, izakinei mugak ezarri ahal izateko, prezioa %100etik gora garestitu behar zen, produktu galkorretan; galkorrak ez direnetan %50 baino gehiago. Muga horiek 69 aldiz urratu izan dira, ordea, azken hamar urteetan. Eskaerak Horiez gain, Laguntzarako Gutxieneko Prezioaren (MSP) legearen eraginkortasuna bermatzeko eskatzen dute nekazariek. 23 labore barne hartzen zituen, baina, egia esan, Punjaben eta Haryanan 2 laboreri (garia eta arroza) bakarrik aplikatzen zaio. Eskaera hori betetzea funtsezkoa da manifestarientzat; izan ere, 2018ko protestetatik datorren aldarrikapena da. Urte hartan legebiltzarrean aurkeztu zuten lege hori, India osoko Kisan Sangharsh (Nekazari Borroka) delakoen Koordinazio Batzordeak (AIKSCC) idatzia. AIKSCC-k herrialde osoko ehunka nekazari erakunde biltzen ditu. 2017ko Mandsaurren matxinadaren ondoren sortu zen eta gaur egun ere mobilizazioaren buru da. 2018aren ondoren, nekazarien protestak baretu egin ziren, baina lege berri horiek berriro piztu dituzte orain. Nekazaritzako lege proiektuek lan merkatuaren eta nekazaritza merkatuaren kontrol handiagoa errazten diete korporazio handiei. Nekazarien eta langileen bizitzaren gaineko kontrol horrek irismen handiko ondorioak izango ditu oinarrizko produktuen prezioetan, finantza egituran, soldatetan, osasun publikoan eta ingurumenean. Nekazaritzaren arloko langileak ekoizleak eta kontsumitzaileak dira aldi berean. Kontrol horrek botere osoa emango die enpresa gutxiri, eta nekazari eta langile gehienak babesgabetasun egoeran utziko ditu. Beste lege polemiko bat Elektrizitatearen Zuzenketa da, oraindik eztabaidan dagoena. Hainbat estatutako nekazariek diruz lagundutako tarifak baliatzen dituzte, eta estatu bakoitzeko gobernuek argindar banatzaileei gainerako kopurua modu irregularrean ordaintzen diete. Gaur egun, ordainketa balantzeak atzeratuta daude. Lege berriarekin, nekazariek guztia ordainduko dute eta estatuko gobernuak beraiei emango die laguntza. Nekazariak beldur dira ez ote duen gaizki funtzionatuko eta ez ote diren gehiago zorpetuko. Azkenik, Gobernuak lau lan kode onartu ditu berriki. Narendra Modi egungo presidentearen promesetako bat izan zen 400 milioi langile informal baino gehiago onartzea, orain arteko gobernu guztiek ez baitzituzten aintzat hartu. Promesa hori ere ez du bete. Nekazaritzaren pisua Indian Brasil, Errusia eta Txinarekin batera, BRICetako bat da India, 2008an, AEBen finantza hondamenaren ondoren mundu mailan potentzia ekonomiko berri gisa aurkezten zen herrialde blokekoa. 2018an, India planetako 5. ekonomia bihurtu zen, Erresuma Batuaren aurretik. Baina biztanleko BPGaren arabera, 124. postuan dago, eta horrek asko dio aberastasunaren banaketari buruz. Agian, gaur egun, nekazariek lege berrien aurka duten borrokan murgilduta ikusirik, ondoriozta dezakegu ekonomialariek proiektatu zuten potentzia izatera iristeko gaitasun hura pribatizatzeko, industrializatzeko eta bere burua merkatu transnazionalari are gehiago saltzeko anbizio horretan geratu zela. Bere ondare espirituala gorabehera, India gatazka estrukturaleko lurraldea da, sistemarik desorekatuena eta prokapitalistena duena, bere gizartean nagusi den kolonizazioaren eta kasta sistema horren jarraipena, neoliberalismoaren ondorioak gehituta. Inperio britainiarrak Indiatik 37 bilioi euroko aberastasunak atera zituen. Baina espolio horrek jarraitu egin du. Nazionalismoa eta lagunkeria Eta espolioak Bharatiya Janata (BJP) edo Indiako Alderdi Popularraren eskutik jarraitzen du, alderdi nazionalista eta eskuindarra, gaur egun Narendra Modiren eskutik gobernatzen duena. Modik hinduismo fundamentalista eta neoliberalismoa irudikatzen ditu pribatizazioari, elitearen faboritismoari, kontzentrazio ekonomikoari, berdintasunik ezari eta oposizioaren eta gutxiengoen militarismoari eta errepresioari dagokienez, bereziki dalit biztanleriarekin (kastarik baxuena, ukiezinak esaten zaiena). Giza eta ingurumen eskubideen aldeko erakundeak deslegitimatzeko eta haien aurkako errepresioa justifikatzeko «antinazional» kalifikazioa erabiltzen du Modik. Eskuineko nazionalismo handi orok bezala, nazio osoari dei egiten dio, baina bere elitea lehenesten du, herria bere onurarako erabiliz. Indian elite bat azaleratu da azken urteotan, eta lotura estua du Modiren egungo gobernuarekin; izan ere, Gujarat eskualdekoak dira guztiak, eta gobernuak mesede egin die lagunkeria kasu lotsagabeetan (Adanik pribatizatutako aireportuak bereganatu zituen, nahiz eta azpiegitura horiek ez dituen inoiz kudeatu). Elite horren gailurrean Gujarati Konexioko bi pertsona baino ez daude: Indiako pertsonarik aberatsena den Mukesh Ambani, 66.000 milioi dolarrekin, eta atzetik daukan Gautam Adani, 32.400 milioirekin. Azken honek bere ondarea %230 handitu du (26.000 milioi dolar baino gehiago) Modi gobernuan dagoenetik. Modik hauteskundeak irabazi zituenean Gujaratetik New Delhira Adaniren jet pribatuan joan zen. Adani meatzaritza, gas, portu eta aireportu konpainien jabea da, eta, adi, ikatzezko zentral termikoez gain, bere mozkin iturri handienetako bat berriztagarrien enpresa baita, Adani Green Energy, orain 8 GW-ko eguzki zentralak proiektatzen dituena. Aurreko legealdian Modik ekonomia eta gizarte arloan egindako ekarpenek egungo nekazaritza matxinadaren egoera ere azaltzen dute, langabeziaren gorakada eragin baitzuten (hauteskundeei begira zifrak ezkutatu zituen, berriro hautatzeari eragin ez ziezaioten) eta zorra %50 handitzea. Agintaldiko hirugarren urtean (2016) monetarizazioa egin zuen eta 29.000 milioi euroko galerak eragin. 150 milioi jornalari ez ordaintzea ekarri zuen horrek. Horren eraginez ehun bat pertsona hil ziren. Jakina, protesta eta greba ugari eragin zituen horrek ere. 2019ko abenduan Herritarren Legea ezarri zuen, baita beste erreforma batzuk ere, eta protestak izan ziren eta hainbat ekintzaile erail zituzten. Nekazari protesten historia Nekazari protestek historia luzea dute Indian eta bereziki Punjaben, gutxienez 120 urte, britainiar domeinuaren aurkako oposizioan ezinbestekoak izan baitziren. 2017an, nekazariak ez zeuden pozik Modik 2014an emandako hitza ez zuelako bete, hau da, ekoizpen kostuen %50eko etekina lor zezaketela. Mendebaldeko Madhya Pradeshen protesta egin zuten zenbait egunetan. Abenduan nekazaritzako produktuen prezioak behera egin zuen bigarren urtez jarraian. Protestak areagotu egin ziren sei nekazari hil eta hogei baino gehiago zauritu ostean. 2018an herrialde osora zabaldu ziren, beraien produktuengatik irabazpidea ekar lezaketen prezioak eta zorra ezeztatzea eskatzeko. Orain bezala, urriaren 12an Kisanetik Mumbaira ibilaldi luze bat (180 km) egin zuten 50.000 lagunek. Abenduan beste martxa bat iritsi zen Delhiko parlamentura. Orduan Maharashtrako gobernuarekin akordioa lortu zuten, baina gauzatu ez zenez, 2019ko otsailaren 27ko martxa luzea eragin zuen. Bai, Indian borroka handiak daude ustiapen ereduaren aurka (estraktibismoa), eredu esportatzailearen aurka, aberri saltzaileen aurka, meatzaritza proiektu handien aurka, energia proiektu handien aurka, nekazaritzako eta basogintzako ekoizpen proiektu handien aurka edo transnazionalen arrantza espoliazioaren aurka. Hegoaldean inposatzen diren monolaborantza handiak nekazari txikien eta ekosistemen lurretatik arrabola bezala igarotzen dira, iparraldean esportatuak eta kontsumituak izateko. India munduko seigarren elikagai inportatzailea da. Finantza erakunde handiek ezarritako politikak dira horiek, eta gobernu nazionalek eta tokiko erakundeek beren gain hartzen dituzte diru azkarra sartzeko. Luzera begira, apustu horiek negargarriak dira, elikagaien subiranotasuna galtzea, ondare ekologikoa galtzea, elikagaien kalitatea galtzea eta milaka urteko kultura galtzea dakartelako. Baina, batez ere, klima larrialdiarekin lotutako egungo aldaketa planteamenduekin kontraesanean daude: alegia, bertan ekoitzi eta tokian kontsumitzea, garraioa eta emisioak saihesteko; baita maila txikiagoan ekoiztea ere, askotariko ekoizpenean, modu ekologikoan edo ekosistemekin integratuta, hala emisioak eta inpaktuak gutxitzeko; eta herritarrek jateko barazki gehiago ekoiztea, beste leku urrunetan dauden animaliak gizentzeko produktuen ordez. Gainera, eredu erauzle horrek eredu industrializatu eta bateratu bat ezartzen du, langileak soberan dauden eta dena makinetara, energiara eta teknologiara mugatzen den lan eredua, hain zuzen. Nekazariak erabili eta botatzeko gai bihurtzen dira. Eta haientzat, eredu honek ere ez du irtenbiderik planteatzen. Klimaren krisiari beste krisi batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola koronabirusarena gaur egun. Indian eragin izugarria izan du osasun eta ekonomia arloan. Oraindik gogoan ditugu konfinamenduaren hasierako errepresioaren irudiak; izan ere, 450 milioi indiar ekonomia araututik kanpo bizi dira, eta 800 milioi, pobrezian. Indiako nekazaritza hiru ataletan banatzen da, erresistentzia horren helburuari eta zergatiari buruz asko diotenak: elikadura laborantza, merkataritza laborantza eta landaketa laborantza. Lehenengoan, Indiako askotariko gastronomiaren labore horiek guztiak sartzen dira: zerealak (garia, arroza, artatxikia), lekaleak eta baratze laboreak (fruta eta barazkiak). Baina beste biak batez ere esportaziora bideratzen dira, eta oso leku garrantzitsua daukate bai Indiako ekonomian eta bai mundu mailako elikaduran eta ekonomian. Merkataritzakoen artean azukre kanabera (bioetanolerako asko erabiltzen da, erregai gisa), tabakoa, kotoia eta olio haziak (kakahuetea, koltza edo ziapea) daude. Eta landaketa laborantzan, tea, kafea, kokoa, kautxua eta beste. Indiako lan sisteman kontuan hartu beharreko beste alderdi bat nekazaritzako kooperatiben presentzia da. Independentziaren osteko Lurraren Erreformaren barnean garatuak izan ziren, Gandhi, Nerhu eta sozialistak eta komunistak bat zetozen puntuetako bat izan zen. Hainbat garapen fase izan ditu, eta tipologia desberdinetakoak ere badira. Batzuk hazi egin ziren, eta kooperatiba faltsuak deitzen duten hori bihurtu ziren. Kooperatiba horiek beren egiturari eta izenari eusten diete, baina pertsona baten edo gutxiren kontrolpean funtzionatzen dute, baita beste enpresa batzuen kontrolpean ere. Eta badaude instituzioek kontrola izan dituztenak ere, batzuetan gizartearen eta ingurumenaren interesaren aurka, dirulaguntza gehiegiz mendekotasuna sortuz. Kooperatibek baratze ekoizpenak, azukre kanabera eta esnekiak lantzen dituzte. Kasu batzuetan ia monopolio tamaina hartu dute, Amul esne kooperatibak esaterako, 3,6 milioi kide ditu. Bere pisu ekonomikogatik, bere lotura politikoak oso indartsuak dira. Punjabeko sikhak Egungo protestaren beste ezaugarri bat da sikh komunitateak bultzatu duela, Punjaben gehiengoa direlako. Punjab Indiako «aletegitzat» hartzen da, han biltzen baita herrialdeko garia, hain oparoa egiten duena. Oparotasun hori dela-eta, sikh komunitatea sozialki eta politikoki herrialdeko aurreratuenetakoa da. Punjabek New Delhi hiriburuarekin muga egiten du, eta, beraz, ezinbestekoa da bere hornidurarako. Aldi berean, protestak antolatzeko eta hauek epe luzera eusteko nahiko gertu ere badago. Setio bihurtzen dira. Industria nekazaritza, Iraultza Berdea deiturikoa, 1960ko hamarkadan sartu zen Indian. Hasiera batean, herritarren nutrizio beharrak asetzea zen helburua. Baina malnutrizioa eta janaria eskuratzerik ez izatea Indiako gaitz endemikoa da oraindik, munduko haurren desnutrizio kasuen herenak hantxe daude. Agian, horren azalpena nekazaritzan ez, baizik eta nagusitu zen eredu ekonomikoan aurkitu dezakegu. Industria nekazaritzaren hastapenak produktibismoarekiko neurrigabeko debozioa ekarri zuen, eta are forma zorrotzagoetarantz aurrera egin zuen, egungo esportazio eredurantz. Bertako barietateak galarazi zituen eta lurzoruaren mantenugaiak galtzea ekarri zuen, ezemankor bihurtzea, eta jarraian elikagaietan eta ingurumenean hondakin kimikoen presentzia handitzea ere bai. Era berean, arazo sozial larriak ekarri zituen, hala nola lurraren jabetzaren eta bere ekoizpenaren kontzentrazioa. Nekazari txiki gehienak industrializatu egin behar ziren, zorpetu, eta horren ondorioz lurrak galdu. Baserriak utziz hiri handietako auzuneetan pilatu behar izan ziren. Horiei proiektu eta azpiegitura handiengatik kanporatutakoak ere gehitu behar zaizkie. India 1947an independizatu zenean, biztanleriaren %90 nekazaritzatik bizi zen. Egun %50 da (245 milioi). Hori dela eta, pertsona askok beren buruaz beste egitea aukeratzen dute: 2019an, gutxienez 10.281 izan ziren. India da nekazaritza eta abeltzaintza azalera handiena duen munduko herrialdea, Txina eta AEBak atzetik dituela. Baina horrek ez du esan nahi biztanleriaren beharrak asetzea, azalera gehiagoren erabilera ingurumenaren eta biztanleriaren kalterako izan baitaiteke, beste behar batzuk betetzen ez badira. Dilli Chalo nabarmentzeko moduko mobilizazio bat da, egunen eta partaideen kopuruagatik ez ezik, baita hildakoengatik eta parte-hartzaileen konpromisoagatik ere Gobernuak zuzenketa batzuk egin zizkien legeei, baina sindikatuek erabat kentzea eskatzen zuten, eta ordutik Delhiren kanpoaldean jarraitzen dute protestan Lege proiektuek lan merkatuaren eta nekazaritza merkatuaren kontrol handiagoa errazten diete korporazio handiei. Botere osoa emango diete enpresa gutxiri India gatazka estrukturaleko lurraldea da, sistemarik desorekatuena eta prokapitalistena duena, kolonizazioaren eta kasta sistema horren jarraipenaren ondorioak Eredu erauzle horrek eredu industrializatu bat ezartzen du; lan eredu horretan langileak soberan daude eta dena makinetara, energiara eta teknologiara mugatzen da Egungo protestaren beste ezaugarri bat da sikh komunitateak bultzatu duela, Punjaben gehiengoa direlako. Punjab Indiako «aletegitzat» hartzen da