GAUR8 - mila leiho zabalik

Maite ezinaren latza


San Valentin edo maiteminduen eguna omen da bihar. Gaur, berriz, torturaren aurkako eguna Euskal Herrian. Izan ere, 40 urte bete dira Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra poliziaren esku jasandako tortura latzen ondorioz ospitalean hil zenetik. Hertzainak taldeak abesten zuen «ez dute uzten maitatzen gauean», eta abesti horren hitzak buruan bueltaka ditut, maiteminduen egunaren bezperako efemeride edo urtemuga borobil honetan.

Tortura sufritu zuelako Arregik, Carabanchel espetxeko zeldan usteltzen utzi zutelako ia, eta espetxeko ospitalean hil zelako, minari eutsi arren, egin ziotena jasan ezinda. Ospitale berean ziren Iñaki Agirre, Xose Lois Fernandez Gonzalez, eta Lois Alonso Riveiro, ETA (pm)-ko, GRAPOko eta PCE (r)-ko preso politikoak ere. Arregirekin egon eta bere lekukotza jasotzeko aukera izan zuten. Horma haietatik kanpora helarazi zuten gutunean adierazi zutenez, «oso latza izan da!» esaldiarekin laburbildu zuen Arregik hamar egun haietan pasatakoa.

Latza, bai, duela 40 urtetik hona ehunka euskal herritarrek jasan dutena. Askok sentitu dute bakardadeak irensten zituela espainiar zein euskal poliziaren atzaparretan zeuden bitartean. Eta espainiar auzitegietan ez dela justiziarik egiten, eta Estrasburgok Espainia kondenatzen badu ere, tortura salaketak ez ikertzeagatik, Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiari entzun behar izan diogu «neurri onargarrian» torturatu dela Espainian.

Ez, ez dute uzten maitatzen gauean, ez egunez, ez inoiz. Arregi hil zutenetik 40 urte bete direnean, asko, gehiegi izan direlako borrokan irauteko gogoa eduki arren, hiltzea nahiago zutela sentitu dutenak. •