GAUR8 - mila leiho zabalik

Zenbakien menpean


Neurtu ezin den hori ezin da hobetu» esaldi ezaguna Peter Druckerri lotzen zaio, enpresa eta negozioen testuinguruan definitu zituen lana egiteko modu modernoen testuinguruan.

Lana egitea tokatu zaidan leku eta proiektuetan, erabat barneratuta dago printzipio hori. Ez dago leku askorik substantziarik gabeko erretoliketarako; plan konkretuetara bultzatu behar dira kontzeptua eta estrategia. «So what?», «eta zer?», esaten dugu askotan, baina ingelesez indar handiagoa dauka galdera horrek, tonu umiliagarriz entzun duzun hori ez dela nahikoa garbi adierazten du, itxurakeria biluzten du. Esan benetan zer den egin duzuna, neurtu al duzu eraginkortasuna, zenbat da, nola egingo duzu. Zein da zenbakia.

Garai zail hauetan inkesta bidez neurtzen da enpresan langileen ongizatea. «Nola sentitzen zara?» galderari bost erantzun posiblerekin erantzuten diogu, baita «Nola ari da zure beharrei erantzuten une honetan enpresa?» galderari ere. Erantzun guztiak kontuan hartuz eta ekuazio konplexu bat erabiliz zenbaki bat ateratzen da: poztasuna eta betetasuna deskribatzen dituen indizea. Oraindik altua izaten jarraitzen du, baina azken hiruhilekoan %10 jaitsi da.

Ia urtebete da gehiengoa etxetik lanean ari dela. Asko, ez dira ordutik enpresara itzuli. Langile kritikoak, estudioetako jendea eta ikus-entzunezkoen operazioan beharrezkoa zen jendea babestu nahi izan zen hasteko. Gero, salbuespen batzuk ere egin ziren noski. Baina, orokorrean, logistikoki 8.000 pertsonatik gora zituen campus bat ez zen bateragarria birusaren transmisioarekin. Hamabi hilabeteren ostean covidaren nekea zartadurak sortzen hasi da, ordea, eta ongizatea kolokan jartzen. Familia-lana-espazio pertsonala nahasita daude, eskolak itxita eta haurren hezkuntzaren erantzukizuna ez genuen triangelu horretan sartzen, “Lana egin, jan, lo egin eta errepikatu” gure eguneroko “zonbifikatuen” emaitzak ikusten ari gara.

Orain hainbat emozio kudeatzeko lana eman zaie tituluan kudeatzaile direnei. Eta, zalantzarik gabe, inoiz baino argiago gelditu da kudeatzaile titulua emateak ez duela bat kudeatzaile egiten. Eta neurtu ezin diren beste hainbat emozio daude zakuan. Zentzu ona edukitzea dohain garrantzitsua zela aspaldi esan zuen Aristotelesek, eta hori da askotan falta dena.

Beste zenbaki asko hasi dira gure bizitza eta erabakiak neurtzen. R indizea, hildako kopurua, txertoa jaso dutenen zenbakia, hotelean koarentena egitea inposatu zaien lurraldeen zerrenda, eskolak irekitzeko falta diren egunak, covidaren eraginez diru sarietan aplikatuko den deskontu portzentajea. Egunero jarraitzen ditugu, norberaren interpretazio subjektiboak sartuz.

Ia urtebete, 350 egun dira gurasoak besarkatu gabe, hilabete iloba txikia ezagutu gabe eta denbora luzeegia eguneroko Skype bidezko deiekin distantzia hitzekin mozorrotu nahian nabilela.

Baina, tamalez, epe motzean zenbakien menpe jarraituko dut. Baikor jarraitzearen indarrak itxaropentsu mantentzen nauen bitartean, amaiera gertu(ago) nabari dut. •