GAUR8 - mila leiho zabalik

Covid-arentzako txertoak: miserableen hipokrisia


Covid-aren aurkako txertaketa kanpainaren bilakaera gero eta lotsagarriagoa da. Otsailaren 25ean hasi zen Covax programa lehenengo txertoak banatzen: 600.000 dosi bidali zituzten Akkrara. Horrela, programa horren lehen jasotzailea Ghana izango da. Ia hiru hilabete pasatu dira Britainia Handian lehen txertoa jarri zenetik eta, aldiz, munduko herrialde asko ez dira oraindik pertsona zaurgarrienak immunizatzen hasi. Banaketa justu eta orekatua lortzeko tresnak hiru hilabete behar izan ditu lanari ekiteko.

Egoerari aurre egiteko, zenbait estatuk, India eta Hegoafrika buru, eta hainbat GKEk Munduko Merkataritza Erakundeari eskatu zioten txertoen jabetza-eskubideak eteteko, era horretan ekoizpena ahalik eta azkarrena handitu ahal izateko. AEBek, Australiak, Norvegiak, Suitzak, Brasilek, Kanadak, Japoniak, Britainia Handiak eta Europar Batasuneko estatuek ez dute eskaera hori babesten eta dosiak “harrapatzen” eta pilatzen jarraitzen dute. Horretaz hitz egitea ez dute gustuko; beste gauza batzuez, ordea, hitz-jario amaigabea dute. Otsaileko G7koen bilera telematikoan –Joe Bidenek lehenengoz parte hartzen zuela– EBk txerto kanpaina «ondasun publiko globala» izendatzea eskatu zuen. Kontzeptuak asmatu bai, baina patenteak eten... ezta pentsatu ere!

Bilera horretan EBko estatuek babestu zuten Macronen proposamena; hau da, txertoen %5 esplotatutako herrialdeetara bideratzea. Astebete lehenago, Munich-eko konferentzian, Macronek esan zuen 13 milioi dosiak ahalik eta lasterrena bideratu behar zirela Afrikara, bestela «guk gaur bilioi batzuk iragartzen baditugu sei hilabetean, urtebetean, entregatzeko, gure lagun afrikarrak txinatarrei eta errusiarrei joango zaizkie dosiak erostera (...) eta Mendebaldeko indarra ez da errealitate izango», gehitu zuen Estatu frantseseko presidenteak. Kezka bakarra, beraz, eragin politikoa galtzeko beldurra. Ezbairik gabe, zentzuz eta altruismoz beteriko adierazpena.

Zu nolakoa, besteak holakoak direla uste. Jean-Yves le Drian Estatu frantseseko Atzerri ministroak adierazi zuen Txinak «txertoen diplomazia» martxan jarri duela bere eragina areagotzeko, batez ere Afrikako herrialdeetan, eta ohartarazi zuen «aireportuetan txertoen argazkiak egiteak ez duela esan nahi txertaketa-politika bat duenik». Bide beretik, Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidenteak esan zuen pandemia «une geopolitiko» bihurtu dela, non herrialde batzuk –Errusia eta Txina– dosiak bideratzen ari diren helburu politikoak dituzten beste herrialde batzuetara, eta horrek «gure etorkizunerako ondorio izugarriak» izan litzakeela. Mendebaldeko herrialdeek asmo onak eta sanoak dituzte; ekialdekoak, aldiz, beti maltzurkeriatan. Hori bai, txertoaren patentea ezin da askatu. Aurpegi bikoak.

Iñigo Urkullu ere ezin saltsa horretatik kanpo gelditu. EAEko txertaketa kanpaina ez doa oso bizi eta, irudia hobetzeko, lehendakariak iritzi artikulu bat plazaratu zuen joan den larunbatean. «Herrialde bakar bat ere ez da salbu egongo, immunitatea kontinente eta herrialde guztietara iristen ez bada», zioen OMEko zuzendariaren adierazpena babestuz baina gauza bat ahaztuz, alegia, Tedros Adhanom Ghebreyesus-ek adierazpen horrekin txertoen patenteak eteteko eskatzen zuela. Karitatearen alde dago Urkullu, eta etekin pribatuen oinarriak ukitzearen aurka. Bestela, nondik atera karitaterako sosak? •