GAUR8 - mila leiho zabalik

Ikimilikiliklik


Badirudi baietz, saguzarrak direla pandemiaren errudunak. Errudunak, hitz hori irakurri dut behin eta berriz.

XIV. mendeko izurri beltzaren «errudunak» arratoiak izan ziren, baina eman lezake katuak izan zirela, batez ere katu beltzak, epidemia sortu baino lehenagotik ere. Ez zuten bakteriorik barreiatu, ezta arkakuso bakterio-eramailerik ere, baina aurreko mendean aita santu batek, “Vox In Rama” dekretuan, katuak deabruzko errituetako funtsezko elementua zirela jakinarazi zuen eta hark ez zien onik egin felido haiei, Europa osoan haien aurkako jazarpen ikaragarria hasi zitzaienez gero, leku askotatik desagertzerainokoa. Katuei ez zien onik egin eta jazarri zituzten fededunei ere ez, izurria errazago hedatu baitzen arratoien harrapakari nagusia ia desagertuta.

Niri oso animalia atseginak iruditu zaizkit beti saguzarrak. Pentsa, etxeko leihoan agertu zen bati erretzen emanda nago. Baina erretzen baino garrantzitsuagoak dira polinizatzen, intsektu-izurriak kontrolatzen edo hainbat landareren haziak barreiatzen.

Oraindik orain egin duten ikerketa batean aztertutako 400 saguzarrengan koronabirus mota asko topatu omen dituzte, Edwuard Holmes ikerlariaren hitzetan, «koronabirus zopa bat». Birus horiek, aspaldi honetan behin eta berriz entzun dugunez, oso zaharrak dira, saguzarrak eta gizakiak baino zaharragoak, Loizuko gizona baino ere zaharragoak. Orekan bizi izan dira beren inguruan, harik eta gizakiak basoak, bertako animaliak eta birusak astintzen eta hedatzen hasi ziren arte.

Bai, badakit, denok nahi dugu hobeto bizi, denok daukagu eskubidea... Horixe, koronabirus zopa, saguzar salda urrup, edan edo klik... •