24 AVR. 2021 infraganti JON ARANBURU Lagunekin Stockholm Sindromea sortu zuenetik, beste hainbat talderekin kolaboratu izan du Jon Aranburu Artanok grabazioetan eta kontzertuetan parte hartuz. Orain Konpost taldeko gitarrista da. Euskara irakaslea. Musikaria. Musikaren bidez sartu zen Hala Bedi irratira, eta Arrosa Sarean denetariko lanak egin zituen. Xabier Izaga Alegiarra jaiotzez, gasteiztarra bokazioz; nolanahi ere, «beti estu lotuta» segitzen du Jon Aranburu Artanok familiarekin eta Alegiarekin. «Zer kontatuko diat nik, ba?». Eta badu, baduenez, zer kontatua. Euskara irakaslea da. Lehenago, ordea, ikasketaz, musika irakaslea. Musikatik sartu zen irakaskuntza mundura, eta Bilbon musika ikasketak bukatu ostean, Gasteizera joan zen Euskal Filologia ikastera. «Ez zakiat zerk erakarrita gehiago, Euskal Filologiak edo Gasteizek». Ez zuen Gasteiz hiri bezala ezagutzen, baina bai «haren inguruko mitologia, literatura, edo aura hori». Laurogeiko hamarkadako umea eta laurogeita hamarreko hamarkadako nerabea izanda, Gasteiz erreferentea izan zuen musika aldetik, mugimendu kultural gisa… «eta parranda aldetik ere bai». Ostegunetako parranden berri bazuen ordurako, Jon Arretxeren “Ostegunak” irakurrita zeukan, baita Hertzainak taldearen gaineko “La confesión radical”, edo “Del Txistu a la telecaster” ere. Gasteizen irakasle Beste alde batetik, euskarak ere erakartzen zuen, euskaltzaletasuna etxetik baitzekarren, betidanik. Behin Arabako hiriburura iritsita, ez zuen denbora galtzeko, nonbait, eta luze gabe hasi zen Ika euskaltegian eskolak ematen. Bertan segitzen du gaur, hemezortzi urte igarota. Ondo gogoan du hasiera hura, “Egunkaria” itxi zuten aste berean izan baitzen. «Azkenean, gure memoria zoritxarrez horrelako istorioetan egituratzen diagu, ez?». Gasteizera iritsi zenetik euskarari dagokionez zer aldaketa sumatu duen pentsatzen hasita, honela dio: «Batez ere nire baitan. Ez nauk gogoratzen orain dela 18 urte zer pentsatzen nuen, baina segur aski pentsatzen nian gipuzkoarrok salbatuko genuela Araban euskara, jende askok pentsatzen duen hori». Eta «belarriak jaitsi» egin zituen. «Askoz gehiago ikasi diat euskaltzale bezala Gasteizen segur aski nire herrian geratu izan banintz baino, eta ez nire herrian euskaraz egiten ez delako, nik euskaraz egingo nikek, nire ama hizkuntza delako eta hobeto moldatzen naizelako, baina hemengo euskararen inguruko jarrera, militantzia, hizkuntzaren gaineko ideiak… gaur egun niretzat erreferente inportantea dituk Oion edo Gasteiz, bertako euskaltzale batzuk». Kazetari Joan den martxoan NAIZ Irratiko “Beste bat” saioan Konpost taldeko kideek aukeratutako musika aurkeztu zuen lau saiotan. Nabari zen ez zuela ingurune arrotza; izan ere, aspaldi hasi zen irratian trebatzen. Duela bospasei urte eten bat egin zuen euskararen irakaskuntzan. Euskaltegia beti izan dela gorabeheratsua dio, «eta oraindik ere gure baldintzak ez dituk onenak, nahiz eta asko hobetu diren». Horrek nekea eragiten duela dio, eta urte biko atseden bat hartzeko momentu aproposa iruditu zitzaion. Eta irakaskuntza utzi zuen, behin-behinean, baina euskara ez. Arrosa irratien sarean hasi zen koordinazio lanetan. Lehenago ere Hala Bedi irratian eta Arrosa Sarean bertan esatari jardun zuen. Herri mugimenduei lotuta, «gauza batean sartzen haiz eta ahal duan guztia laguntzen saiatzen haiz». Arrosa Sareak lagun bat liberatu behar zuen eta Joni esan zion. Baietz esan eta horrela eman zuen garai bat, liberazioaren lanaren eta militantziaren arteko «marra estuan». Koordinazioa, komunikazioa, kazetari lana... ordu asko eman zituen, baina oso oroitzapen onak dituela dio. Kazetaritza ez du irratian bakarrik landu, ordea, eta lumarekin ere trebea dela erakusteko aukera izan zuen bi urtez “Argia” aldizkarian hainbat kontzerturen kronikak idatziz, Arabako kontzertuen kronikak, hain zuzen. Hartarako halako erronka jarri zion bere buruari: ohiko kritiketan ez oinarritzea. «Musika kritika maiz egiten duk adjektiboz josita, oso modu kronologikoan, kantuz kantu zerrendatuz… eta nik neure gogoetak egiten nitian, jendearen edo taldearen jarrera, edo aretoa zer inportantea den, edo musikari batek nola aldatu duen kontzertu batetik bestera bere emanaldia jendearen jarreraren arabera. Nik uste diat, nahiz eta kazetari bezala-edo deitu zidaten, nire pertzepzioa beti izan dela musikariarena, eta hortik tiratzen nian, modu kontzientean edo inkontzientean». Musikari «Orain, hitz egiten ari garela, konturatu nauk ni beti sartu naizela gauza guztietara musikatik, baina gero proiektuak oso gutxitan izan dituk musika bakarrik». Hala Bediko “Hiru kortxea” saioa egiten ari zela, Arrosa Sareak ekoizten duen “Zebrabidea” magazinean esatari hasi zen; beraz, ia musikarekin zerikusirik ez zeukan zerbait egiten bukatu zuen. Gitarra jotzaile eta kantari aparta da Jon. Ez du berak esan, jakina, beste musikari batzuen ahotik entzun du GAUR8k. Txikitatik dituen oroitzapen nagusiak musikarekin lotutakoak dira. Oso umetan gitarra bat oparitu zioten eta gogoz ekin zion jotzeari. Solfeoa ikasten ari zen ordurako, eta herriko koruan ere kantatzen zuen, abesteko aukera bakanetakoa zuen-eta. Gitarra jotzen, berriz, Gaztetxean zebilen lehengusu batekin ikasi zuen. Hainbat musika talderekin jo izan du, kontzertuetan eta grabazioetan parte hartuz nahiz haietako kide gisa. Gasteizera iritsi eta aurreneko urtean, Stockholm Sindromea taldea sortu zuen Julen Zulaika bertsolari eta Jonen ikaskidearekin eta haren pisukide Hodei Esteban musikariarekin batera, «ikasle pisuko zoro ideia horietako bat». Arratsalde libreetan, edo fakultatetik itzulita, etxeko egongelan kantu batzuk egiten hasi eta disko bat grabatu zuten. Bigarrena grabatzeko ideia gauzatu gabe utzi zuten. Garai hartako oso oroitzapen onak dauzka Jonek: «Nahiko diziplina gutxi, baina edozein lekutara joan eta jotzeko prest, eta oso ondo pasatzen genian». Bi disko grabatu ditu Jonek eta beste batzuen grabazioan parte hartu; besteak beste, Bide Lapurrak eta iaz desegin zen Montauk taldeekin.«Nik uste diat musikari gehienoi pasatzen zaigula grabatutakoa ez dugula entzun nahi izaten, emaitza egokiei baino akatsei gehiago erreparatzen diegulako». Hala ere, lehengoan lagun batek whatsapp batean «hi, ederki zagok diskoa!» esan zion Stockholm Sindromearekin egin zuenaz, eta orain gustura entzuten duela dio, hamazazpi urte igaro direnean. Oraindik gutxienez azken kontzertua emateko daukatela dio; hara, beraz, taldekideentzako oharra. «Ez diagu elkarrekin hitz egin, e? Baina espero diat». Ikuskizunak Beste proiektu interesgarri eta ederretan ere parte hartu izan du Jonek, betiere musikaren bidez; esate baterako, literatura oinarri duten hiru ikuskizunetan. Lehenengoa, “Hi gogora”, 2008an Manex Agirreren testuaren gainean egindakoa. 2015ean, “Ardoa eta odola”, Agirreren eta Gaizka Amondarainen testuaren gainean, Joseba B. Lenoir, Miren Narbaiza eta Ander Mujikarekin batera. 2017an “Aginako Zero Bat” prestatu zuten, Joxe Azurmendiren “Manifestu atzeratua” abiapuntu, Agirrek eta Amondarainek egindako testuarekin, Marco Bianchiren irudiekin eta Jonen musikarekin. Azurmendiren poema horrek, 1968koa izanda, zer gaurkotasun duen harritzekoa dela dio Jonek, «oraindik ere zer erreferente izan daitekeen eta oraindik ere zenbait gauzatan zein atzean gauden harekiko». Euskararen arloan ikusten du gertuen, bera mugitu izan den arloan, alegia: «Oraindik ‘pixka bat es mucho’ entzutea, euskararen guayismoa... eta Joxe Azurmendik folklorekeria horien kontra botatzen dituenak». “Aginako Zero Bat” ikuskizunaren azken emanaldia Joxe Azurmendiri eskainitako “Euskal pentsamenduaren ur-jauzia” kongresuan egin zuten, Donostiako San Telmo museoan, 2019ko abenduan. Erraia 2018an Jonek Erraia zigilua sortu zuen Jon Basaguren (Izaki Gardenak), Joseba Baleztena (Joseba B. Lenoir) eta Beñat Goitiarekin (Montauk) batera. «Autogestiozaleak gaituk. Gaur egun musikaren industria nik uste diat autogestiotik bakarrik uler daitekeela, gure mailan behintzat». Diskoetxeak indarra galtzen ari direla uste du, oro har, eta nork bere kabuz argitaratzea gero eta errazagoa dela, nahiz eta iristea zailagoa den. Lehen diskoetxe batek egiten zuena orain banatuta dagoela dio: «Kontzertu antolatzaileak, banatzaileak, aparteko estudioak... eta bakoitzak aukeratuko du bere modura zer egingo duen. Autogestioa duk bidea, nire ustez». Baina ez du ulertzen autogestioa kontu indibidual gisa, bakoitzak berea egitea, baizik eta autogestioa egiteko elkartzea. Gaztetxeko tradiziotik datoz, «baina gaztetxeroari jartzen zaion etiketa negatibo hori nik ez zioat jartzen, e? Gaztetxeroa duk gure herriko jende askoren autonomia, indarra, gauzak egiteko gaitasuna... ezaugarri onak besterik ez zauzkak niretzat gaztetxeroa izateak». Helburu komertzialik gabe elkartu ziren, autogestioa auzolanean «eta Arabatik» egiteko, Jonek nabarmendu duenez; izan ere, «Araban ere euskarazko musika egiten duk, potentea, eta batzuetan kexaka ibiltzen gaituk Arabako sortzaileoi kasurik ez digutela egiten. Batu eta buila atera behar diagu jendea erakartzeko». Konpost Hain zuzen ere, Erraiaren eskutik argitaratu du Konpost taldeak bere lehenengo diskoa. Oraindik orain NAIZ Irratian taldeko kideek Iker Gurrutxagari esan ziotenez, Konpost ez daukate supertaldetzat, baina ibilbide luze eta emankorra egina duten lau kidek osatua da. Duela lau urte taldea osatzen hasi izanaren «erruduna» Ruben Sanchez bertsolari eta taldeko kantaria da: «Geldirik egotekoa ez duk», dio Jonek. Hala Beditik eta herri mugimendutik oro har ezagutzen zuen, eta taldera sartzeko eskatu zion Rubenek. «Bingen eta Txerra ura eta olioa ziren musikan, bata punk, musika azkar eta gogorrekoa, eta bestea oso folkzalea eta filmetako musika sinfonikoa egiten zuena». Tartean sartu zen Jon, Bingen eta Txerrarekin jotzeko aukerak erakarrita batez ere. Eta hainbat proba egin ondoren, kantaren bat egin zezaketela pentsatu zuten. 2018ko udan eman zuten beren lehen kontzertua Gasteizko Alde Zaharreko jaietan. Bigarrena, berriz, Zumaiako Erriberako 81. muralaren parean. «Nik uste diat ari garela gozatzen, ari garela jokatzen nerabe talde bat bagina bezala. Gure ezagutzetatik, gure esperientzietatik, baina disfrutatzen... Pretentsio handiegirik gabe. Beti dago pretentsio bat, baina euskal musikaren eszena iraultzeko asmorik behintzat, ez». Ondo pasatzeko jotzen dute; hori bai, «hasiz gero, ahalik eta ondoena». Ez dute estilo definitu bat, ezta hurrik eman ere. Rock ukitua badute, Jonek jarria, hain zuzen. Txerraren eta Bingenen artean zer egiten zuen pentsatzen zuela dio, zentzu guztietan, estilistikoki eta horiek bi artista potente izanda... «Tartean sartu eta isilik ez egon, eta gitarra elektrikoa hartuz gero, rocka ateratzen zaidak». Baina sekula ez diote beren buruari esan rocka edo beste egin behar dutela. Lehen disko honetan Joseba B. Lenoirren lana nabarmendu nahi du Jonek. Laguna dute, eta ekoizpen lanak egiteko ere eskatu zioten. Hitzez baino areago nahasketetan eta bere jarrerarekin asko lagundu diela dio. Euren kanpoko begirada izan da, soinuari dagokionez. Joseba tarteko, jotzeko modua ere aldatu dutela dio. Benetan eskertzen diote bere ekarpena. Konpost sortu baino lehen, Bingen Mendizabalekin hasita eta gaur Jon Aranbururekin amaituta, taldeko lau kideak igaro dira “In fraganti” honetatik, laurek ere ekarpen jakingarria egin baitute batez ere kulturaren arloan. Gaurko hau, ordea, ez dadila azkena izan, oraindik ere zer esana ez ezik, zer egina ere izango dute-eta laurok. • Ondo gogoan du euskaltegian hasi zenekoa, «Egunkaria» itxi zuten aste berean izan baitzen. «Azkenean, gure memoria zoritxarrez horrelako istorioetan egituratzen diagu, ez?» Gasteizera iritsi eta Stockholm Sindromea taldea sortu zuen Julen Zulaika bertsolariarekin eta Hodei Esteban musikariarekin batera, «ikasle pisuko zoro ideia horietako bat» Gaztetxeko tradiziotik dator Erraia zigilua, «baina ‘gaztetxero’-ari jartzen zaion etiketa negatibo hori nik ez zioat jartzen, e? Ezaugarri onak besterik ez zauzkak niretzat gaztetxeroa izateak»