GAUR8 - mila leiho zabalik
GAZTETXEA, ERREMINTA BIZIA

AGAKO eta AGA, hiru hamarkada luze Arrasaten autogestioan lanean

AGAKOk, Arrasateko Gazte Asanbladak, 30 urte bete ditu. Ospakizunetik harago, AGAKOk berak 30 urteotan izan duen bilakaera eta bere aurrekari izan zen AGAren historia jaso eta zabaldu ditu dokumental, liburu eta bideoklip bat argitara emanez. Helburua? Egindako bidea eta oztopoei aurre egiteko grina erakustea.


Ospatzeko ezer ez dagoela dirudien garai honetan, Arrasaten izan da eta badago harrotzeko moduko arrazoi handi bat. 30 urtetik gora bete dira gazte batzuk herrian Gaztetxea eraikitzeko lanean eta borrokan hasi zirenetik: AGA (Arrasateko Gazte Asanblada) izenarekin 80ko hamarkadaren bigarren erdian lehenengo, eta AGAKO gisa (Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatua) 1991tik gaur egunera arte. Erabat borobila den eta bizi-bizirik dagoen lorpena “Hiru hamarkada luze” izenpean izan dute gogoan. Izan ere, AGAKO sortu zenetik 30 urte bete badira ere, herriko oroimen kolektiboan zizelkatuta gelditu da, halaber, honek 80ko hamarkadan izan zuen aurrekaria, AGA hain zuzen ere; ezin dira gero etorri direnak hura gabe irudikatu.

Hori guztia presente izateko eta belaunaldi berriek ere horretaz ikasteko oroimen historikoko lan ederra egin dute gaur egungo AGAKOko kideek pandemia erdian, kide ohien laguntzarekin: herriko gazte asanbladen inguruko dokumentala, herrian izan diren gaztetxeen historiari buruzko liburua eta urteurreneko bideoklipa dira emaitzak. Horren guztiaren lanketan oraindik gazte direnek, baina gazte izandakoek ere bai, parte hartu dute, eta hartu-eman hori oso aberasgarria izan da guztientzat. Gainera, hiru lan horien aurkezpenean –pandemia testuinguru honetan bada ere– belaunaldi desberdinetako ia 300 pertsona batu ziren eta ekitaldia bera ospakizun borobila izan zen, hunkitzeko, harrotzeko eta aurrera begiratzeko balio handia duena.

Arrasateko Gaztetxeko asanbladak, pandemia erdian, 29. urteurrena konfinatuta ospatu behar izan zuen, eta sare sozialak baliatu zituen inoiz eten ez den mugimendu indartsu horren ibilbidearen trazu nagusiak marrazteko. Hortik etorri zen ideia: 30. urteurrenak izan behar zuen mugarri garrantzitsu bat, erakutsiko zuena nondik datozen eta nolakoa izan den bidea. Horretarako, belaunaldi desberdinetako agakokideak batu zituzten beren kontakizun eta bizipenak jaso eta plazaratzeko. Horrez gain, AGAKOk bere aurrekariarekin aspalditik zeukan zorra kitatu du: saihestu ezineko AGAri ere ahotsa eman dio testigantza emateko, premisa garrantzitsu batekin: «Kontatu dezagun guk geuk historia beste inork kontatu ez dezan».

AGA eta Gurea zinema

«Herriko gazte batzuek gaztetxe bat sortzeko kezka genuen eta horretaz informatzen hasi ginen. Bisitatu genituen beste gaztetxe batzuk, parte hartu genuen topaketa batzuetan… orduan ulertu genuen gaztetxe bat zela gizartea eraldatzeko erreminta aproposa eta guztia zegoela egiteko», dios ku Diegok, AGAren sorrera bultzatu zuen horietako batek. Batzarrak egiten hasi, jende gehiago batu eta herrian lehen aldiz «gaztetxe» hitza idazten eta izendatzen hasi ziren. Tabernetan mila sinadura inguru batu eta EAJ alkatetzan zuen udaletxera jo zuten eskatzeko hiltegi zaharra zena gaztetxe bilakatzea. Udaletxeak, baina, gazteek batutako sinadurak desagerrarazi eta egun gutxitan hiltegia zena eraitsi zuen. Orduan konturatu ziren okupazioa zela zuten bide bakarra. Hala, 1987ko apirilean gazte ugarik aspalditik itxita zegoen Gurea zinemako sarraila apurtu eta berau gaztetxe bihurtu zuten. Hasieratik izan zituzten tirabirak Ertzaintzarekin, eta izan ziren hutsarazteak, baina gazteek gogor ekin zioten.

Muturreko garai bizia zen hura, adierazpide politiko ugari zeuden borborrean eta jendea ordura artekoa apurtu eta eraikitzeko gogo biziz zegoen. Oso azkar atondu zuten eraikin erraldoia eta hasi ziren antzezlanak, kontzertuak, hitzaldiak, bilerak… eta Sorgina Irratia! Herrian zeuden adierazpide, gogoeta, irrika eta borroka desberdinak batu zituen Gaztetxearen aniztasunaren adibide argia zen irrati libre hura, eta arratsaldero gaueko ordu txikietara arte kolore oso anitzetako saioek betetzen zituzten uhinak. Garai hartako gazteei ikuspuntu eta eztabaidagai oso aberatsak ekarri zizkien autoeratutako esperientzia hark.

Garai oso-oso emankorrak izan ziren Gurea gaztetxearen baitan eta orduko gazteek zerotik ikasi zuten ordura artekoa suntsitzen, sortzen, lantzen eta aurrera eramaten. Baina tamalez botere ilunek, Euskal Herriko beste herri askotan bezala, gazteria eta horren errebeldia suntsitu nahi izan zuten kosta ahala kosta eta heroina barra-barra zabaldu zuten. Ondorioz, AGAk garai latzak bizi izan zituen: zarata dela eta ez dela bizilagun dezente kontra, heroina –kalean bezala– Gaztetxearen barruan ere, eta udaletxeak (HB alkatetzan) Gaztetxeari zenbait oztopo jarri zizkion. Halako batean, La Polla Records-en kontzertu batean ezker abertzaleko bi kidek argindarra moztu zuten, eta hura kolpe latza izan zen. Aste batzuk beranduago, AGAko kideek etsita Gaztetxeko giltzak udaletxean entregatu zituzten. Urte eta erdiko txinparta itzela izan zen, iraultzailea eta demasekoa, baina itsasoan aske nabigatzeko gaitza.

Ospitale Zaharra

Handik urte eta erdira, 1991ko apirilean, inork espero ez zuenean, gazte talde bat Gurearen pare-pareko eraikinera sartu zen asperkeriaren eta jakin-minaren ondorioz. Ez zegoen ez asmo ez plan jakinik, baina epe laburrean, Gurean ikasi eta barneratutakoa azaleratu eta gaztetxe bat egitea erabaki zuten. Azkar zabaldu zen berria herrian, gazte asko batu ziren eta gazteriak erakutsi zuen bere kasa antolatu eta lanean jartzeko gogo handia zuela. Izena ere asmatu zuten, lehiaketa txiki baten bidez: AGAKO (Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatua). Errespetua zioten aurrekaria izan zen AGAri eta hark erakutsi zien gaztetxe bat zer zen, baina izen berri batekin ekitea erabaki zuten.

Eraikin handia –hau ere– atondu eta poliki-poliki lanari ekin zioten. San Joan jaietarako programa propioa eratu, lehen kontzertu eta ikastaroak antolatzen hasi eta 1992ko ospakizunen atzean zegoena (Ameriketako indigenen sarraskia, Expo…) herrian salatzea eta zabaltzea jarri zuten jomuga.

Eratu bezain laster AGAKOk elkarlana landu zuen herriko eragile askorekin: herriko kuadrillak (San Juan jaien antolakuntzan), euskara eta aisialdiko taldeak (AEDrekin), intsumisioa bultzatzen (Kakitzatekin), hiesaren inguruko kontzientziazioa lantzen (HIES Ekimenarekin), droga mendekotasunaren gaia mahai gainean jartzen (Askagintzarekin)… Eta beste lanketa askoren aterpe eta bultzatzaile izan zen asanblada.

Kultura eskaintza ere izugarri hazi zen: kontzertu ugari, antzezlanak, performanceak, erakusketak… etenik gabeko jarioa. Eta poliki-poliki etorri ziren, baita ere, Udaleko sailekin lankidetza ekimenak: Sexologia Zerbitzuarekin, Gazteria Sailarekin, droga mendekotasunaren alorrarekin… Horrez gain, Gaztetxearen baitan, Arrasateko AHTren Aurkako Asanblada indartsua jaio eta hazi zen.

Era berean, Udalarekin (HBrekin zein EAJrekin) batzar nahikotxo izan zituen AGAKOk. Tentsio puntu handiena izan zen bizilagun talde baten kexen ondorioz Udalak Gaztetxeari kontzertuak egitea galarazi zionean. AGAKOk epe laburrean mila sinaduratik gora batu zituen eta oreka lortuz berriro ekin zion sasoi hartan halako pisua zuen eskaintza horri.

Testuinguru horretan, AGAKOk behin eta berriro eskatu zion Udalari lokala intsonorizatzeko, baina honek Gaztetxearen behin-behinekotasuna azpimarratzen zuen eta, poliki-poliki etorkizuneko Gaztetxea izango zenaren gaineko eztabaida luzean eta aurrediseinuan aritu ziren.

Gaztetxeen bizitzak eta indarrak ziklikoak izaten dira; hala, bigarren milurtekoaren hasieran asanblada ahul zegoen eta Gaztetxeko taberna kudeatzen zutenak autoantolaketarako oztopo ziren. Hala, deialdi irekia zabaldu zen herrian eta AGAKO berrindartu egin zen nabarmen. Ondorioz, asanbladak tinko bukatu zituen Udalarekin hasita zeuden negoziazioak, etorkizuneko gaztetxearen ingurukoak, aldegia. Nahiz eta AGAKOren baitan zalantzak izan ziren, azkenean Ospitale Zaharra borondatez hustu, urte eta erdiz Altamirako behin-behineko lokal batean asanblada berritu baten oinarriak eraiki, eta Udalak (ezker abertzalekoa) egindako dohaintzaren bidez, 2003an AGAKOk Uakarpeko gaztetxe berria inauguratu zuen.

Urte askotako emaitza

Uarkapeko Gaztetxea ere itzela da. Areto handia, bestelako ekintza txikiagoetarako bigarren solairua… Gazteek beren gustura diseinatu eta, behin giltzak lortuta, ederto apaindu zuten pilotaleku atzeko gunea. Indartsu eta lanean berriro ekiteko gogoz zegoen AGAKO. Lokala okupatutakoa ez izateagatik nolabaiteko hausnarketa bizi izan zuten, baina gazteek azkar ondorioztatu zuten urte askotako lanaren emaitza zela, eta lokalaren jatorriak baino gehiago eguneko erabilerak ematen ziola eta diola izana. Eta hala izan da: kritikotasuna eta sormena ernaldu dira herriko gazteriaren baitan. Makina bat hitzaldi, erakusketa, kontzertu, antzezlan, jai eta aurkezpen egin izan dira eta egiten dira bertan. Dozenaka eragilek erabiltzen dute aterpea eta azpiegitura; eta asko dira eraikitako sareak. Erreferentea da aspalditik Gaztetxea herrian eta baita Arrasatetik kanpo ere, eta hainbat eta hainbat eragilek ezin dute ulertu egunerokoa, lau hormen artekoa baino askoz gehiago den AGAKO gabe.

 

«Gero eta argiago dago AGAKO ez dela lau pareta hauen artean dagoena bakarrik»

Zer dela-eta bururatu zitzaizuen AGAKOren 30. urteurrenerako halako memoria lana egitea?

Iaz konfinamenduan geundela 29. urteurrena etxetik ospatu behar izan genuen, irudiekin izan garena erakusten. Eta hor hasitako lanari jarraipena ematea erabaki genuen. Nahi genuen erakutsi nola egin den lana azken 30 urteotan herriko espazio autogestionatuetan, datozen belaunaldiek ere jakin dezaten; transmisio hori egon dadin.

Zer izan da? Zaila, ilusionagarria?

Lan handia, baina ilusionagarria: agakokide ohiekin elkartzea, hari hori jarraitzea, bizi izandako krisiak ezagutu eta nola erantzun zaien horiei asanblearismo eta autogestioarekin. Hori oso aberasgarria da, eta ez bakarrik gaur egungo AGAKOkoentzat; baita ere agakokide ohientzat, herriarentzat…

Nola dago AGAKO gaur egun?

Oso ondo dago, indartsu. Belaunaldi berri asko datoz, jende gazte asko. Nagusienek 25 urte dituzte, beste guztiak gazteagoak dira. Oso garrantzitsua da ikustea atzetik hainbeste jende datorrela.

Era berean, emakume asko daude. Baina emakume asko egotearena da gaur egun orokorrean militantzia eredu hauetan gertatzen ari dena.

Zer eragile daude lanean gaur egun Gaztetxean?

Kooltur Ekintza, Pottogorriak talde feminista, Arrasateko neska* gazteak, Arrasateko Bilgune Feminista, Guraso eta Haur Asanblada eta Jaiki. Horrez gain, bilerak egiteko topagune garrantzitsua bihurtu da Santamas eta Maritxu Kajoi komisioentzat, Deposgaz musika taldeen antolamendurako eta beste askorentzat.

Eta nola ikusten dute oro har AGAKO eragile eta herritarrek?

Dagoeneko AGAKO erreferente da Arrasaten elkarte, eragile eta herritarrendako. Orain dela 30 urte sortu zenetik ez da etenik egon eta hori tantaz tanta herrian blaitu da. AGAKOren oinarriak dira asanblearismoa, autogestioa eta horizontaltasuna. Betidanik izan da eragile askoren aterpe eta laguntzaile, baina hori gehiago indartu zen AGAKOren 25. urteurrena pasatu eta gero. Aterpe garrantzitsua da herriko eragileentzat, kultura eta bestelako herritar taldeentzat.

Zer ekintza egiten dira?

Astelehen eta asteazkenetan boxeo tailerra egiten da; ostiraletan asanblada; Kooltur Ekintzako emanaldiak orain arte ostegunetan eta orain igandetan; hamabostean behin Bilgune Feministaren bilerak… Horrez gain, sarritan izaten dira liburu aurkezpenak, hitzaldiak, kontzertuak…

AGAKO ez da bakarrik lau pareta horien artean bizi dena, ezta?

Hala da. Heldu egin da AGAKO. Gaur egungo espazioa 2004tik dago martxan, baina gero eta argiago dago AGAKO ez dela lau pareta hauen artean dagoena bakarrik. Izan ere, konfinatuta egon garenean ere AGAKOk lanean jarraitu du. Konfinamenduan zehar unean uneko arazoei erantzuna eman die: zaintza sarearen motorra izan da AGAKO, gazte desberdinen ikuspegi eta problematika jaso da, apunte banku bat sortu zen…

Izan ere, unean uneko kudeaketa hobetzeko gailuak bilatu dira, betiere autogestioa ardatz: agertokia eraiki, serigrafia antolatu, soinu ekipoa erosi… Horrek guztiak ahalbidetu du kudeaketa bermatuta, bestelako helburuak lortzea.

Eta pandemiatik bueltan, auzolanean hasi ginen berriro Gaztetxea txukuntzen eta gaur egungo asanbladara egokitu dugu, gureago bihurtuz.