22 MAI 2021 Entrevue Angel Olaran eta Maider Arostegi misiolari eta kooperantea «Gosea gerra arma gisa erabiltzen ari dira Tigray eskualdean, genozidioa da gertatzen ari dena» Angel Olaran misiolari hernaniarra omendu zuten Donostiako Aquariumen maiatzaren 12an. Harekin Maider Arostegi kooperante alegiarra egon zen Ainara Lertxundi Tigray Etiopiako iparraldean dago, Eritrearekin mugan. Baliabide naturalen muturreko ustiapenak batetik eta lehorteak bestetik gosetea hedatu dute biztanleriaren artean. Estatu federal honetan, %60k muturreko pobrezia pairatzen du. Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundeak desnutrizio tasa «oso kezkagarria» dela ohartarazi du, batez ere adin txikikoen, haurdun dauden edo bularra ematen ari diren emakumeen artean. Tigrayko Herri Askapenerako Frontearen (TPLFren) kontra Etiopiako Gobernuak azaroan hasi zuen operazio militarrak eskualdeak zuen osasun azpiegitura ia erabat suntsitu du. Sebeyan, 17.600 pertsona artatzen zituen eraikin sare bat zegoen. Obstetrizia zerbitzua eta guzti zuen. Bertan, esaterako, Fatima bere lau seme-alabez erditu zen. Zaintza berezirik behar izanez gero, anbulantzian Adigrat hirira eramaten zuten pazientea. Baina azaroan, aire eraso batek erditzeko gela, beste bi gela eta inkubagailua suntsitu zituen. Orain, beren etxeetan erditzen dira amak, horrek dituen arriskuekin. MSFk Tigrayko 50 herri menditsuetarako klinika ibiltari bat prestatu du. «Ez dakigu krisiaren tamaina zenbaterainokoa den, baina nekazaritzako eremuetan artatu ditugun paziente askok esan digutenez, ez dute modurik elikagaiak banatzen dituzten lekuetara joateko», azaldu du larrialdietako MSFko koordinatzaile Karline Kleijerrek. Azken asteetan, artatu dituzten 309 haurren laurdenek desnutrizio sintomak zituzten. 2020ko azaroaz geroztik, Adiftaw hirian bizi diren 10.000 herritarrek ezin izan dute medikuarengana joan, ezta arreta berezia jasotzeko ospitalera ere. Horien artean emakume haurdunak daude, baita adineko pertsonak eta malaria duten gaixoak ere. Janari erreserbak handitzen ez badira eta osasun langileen eta langile humanitarioen esku hartzea areagotzen ez bada, desnutrizioa orokortzeko arrisku larria dagoela ohartarazi du gobernuz kanpoko erakundeak. Angel Olaran (1938) Hernaniko misiolaria eta Maider Arostegi kooperantea eskualdeak bizi duen egoera larriaren lekuko zuzenak dira. 2020ko azaroan etorri zen Olaran Euskal Herrira, Tigrayn gerra lehertu baino egun gutxi batzuk lehenago. «Ni hona itzuli eta lauzpabost egunetan hasi ziren lehen erasoak, ez genuen halakorik espero, harrigarria izan zen», dio. Harrez geroztik testigantza zuzenak telefonoz jaso izan ditu Olaranek, testigantza «gogor eta gordinak». Ahal duen moduan eramaten du gertatzen ari dena. Tigrayn bizi den krisi humanitarioa salatzeaz gain, bertan gertatzen ari dena genozidioa dela nabarmendu dute biek. Hemezortzi urterekin egin zen misiolari. Afrika zuen buruan eta Tanzanian izan zuen bere lehenengo misioa, Aita Zurien kongregazioan. 1970. urtean iritsi zen hara. Bertan bi hamarkada luze eman zituen. 1990. urtean islamaren inguruan formakuntza ikastaro bat egin zuen eta horren ondotik, urte horretan bertan, Etiopiako iparraldera, Tigrayra hain zuzen ere, joatea proposatu zioten. Baiezkoa eman zuen eta geroztik Wukro izeneko herrian bizi da. “Saint Mary” misioaren baitan hainbat proiektu martxan ipini ditu osasungintzaren eta hezkuntzaren arloan, batez ere. 1991n Mekelle hiriburura iritsi zenean, ez zegoen ez autobusik ez autorik, soilik kale nagusia zegoen asfaltatuta. Bigarren Hezkuntzako eskola bat eraikitzeko mandatua zuen. 1993. urtean hasi ziren eraikitzen, eta lehenengo klaseak 1995. urtean hasi ziren ematen. Lehenengo ikasturte hartan, neskak soilik %15 ziren; gerra hasi aurretik ordea, Bigarren Hezkuntzako eskoletan emakumeak erdiak baino gehiago ziren. Lehen, eskola eraiki zuten lekuan, zortzi hektareako gunean, zuhaitz bat zegoen bakar-bakarrik. Pasa den maiatzaren 12an omenaldi beroa egin zioten Olarani Donostiako Aquariumen. Abba Melaku, «aingeru aita», hala esaten baitiote Wukron, Tigrayra noiz itzuliko zain dago. Bitartean, lanean jarraitzen du. Berarekin eta Maider Arostegirekin mintzatu zen GAUR8 omenaldiaren aurretik. Ahal duten bezain azkar itzultzeko asmoa dute. Han dagoen egoerarekin oso kezkatuta, Arostegik gogor salatu du Etiopiako Gobernuak gosea «gerra arma» gisa erabiltzen duela. Genozidio hitza hainbat alditan azpimarratu du elkarrizketan. Nola iritsi zinen Etiopiara? Angel Olaran: Nire sustraiak Euskal Herrikoak dira, txistua eta trikitia entzuten ditudanean oilo ipurdia jartzen zait. Euskal kultura, Adarra mendia… odolean eramaten ditut. Konpromiso soziala Afrikan bereganatu nuen. Tanzanian hasi nintzen. Han hogei urtez egon nintzen. Euskal enbor horretan Tanzaniako esperientzia nire konpromiso sozialaren lehenengo txertoa izan zen. Apaiz egin nintzenean, ez nekien zer zen misiolaria izatea, entzunda nuen zerbait baina ezin jakin nola bukatuko zen hori. Tanzanian, harreman oso polita egin nuen jendearekin; harrera oso ona izan zen, oso atseginak izan ziren nirekin hasiera-hasieratik, elkar entzute hori ederra izan zen. Elkarren arteko ezagutza aberatsa izan zen. Guztiok aberastuta ateratzen ginen, inor ez zegoen bestearen gainetik, inork ez zuen bestea konbentzitu behar. Herritarrak pobreak ziren arren, uztaren amaierara iristeko gai ziren. Uztatzen zutenari esker, jan zezaketen, arropa erosi, seme-alabak eskolara bidali. Egiten genituen ekintzak haiek ahalduntzera bideratuta zeuden; kostata, baina esan bezala, hilabete bukaerara iristeko gai ziren. 1990ean urtebetez islama ikasi nahi ote nuen galdetu zidaten nire superiorrek, Tanzanian musulman asko baitago eta elkarbizitza estua genuen. Bestearen pentsamendua ezagutzeak ate asko irekitzen dizkizu; zerbait esaten duenean, badakizu zergatik esaten duen, alboan duzun hori hobeto ulertzeko baliabideak ematen dizkizu. Ikastaro hori egiten ari nintzela, Aita Zuriek ea Etiopiara joateko prest nengoen galdetu zidaten. Etiopian ere harrera beroa izan zen, baina herritarren egoerari dagokionez, egoera beste bat zen, Tanzanian ez bezala, miseria ikusi nuen. Umezurtzak, laguntzarik gabeko adineko pertsonak seme-alabak hiesak jota edo gerran hil zirelako… topatu nituen. Gizarte mailan behar gehiago zeuden. Herritarrek beren kabuz bakarrik ezin zuten aurrera egin. Hamarkada luzeetako gerraren ondorioz ez zegoen azpiegiturarik. Tigrayko eskualdeak zortzi milioi biztanle ditu eta Bigarren Hezkuntzako bederatzi eskola besterik ez zeuden. Lehen Hezkuntzako ikastetxeak elkarrengandik oinez lauzpabost ordura zeuden. Ospitaleekin gauza bera. Oinarrizko osasun eta hezkuntza zerbitzuak oso utzita zeuden. Wukroko administrazioak Gotzaindegiari Bigarren Hezkuntzako eskola bat eraikitzea eskatu zion. Zortzi hektarea eman zizkiguten horretarako. Eraikitzen genuen bitartean, bertakoekin harremana sendotuz joan ginen. Poliki-poliki, bizilagun batek bakarrik bizi zen adineko bat ekartzen zuen guregana, hurrengo egunean, beste batek umezurtz gelditu ziren lau ume ekartzen zizkigun, etxea erori egin zitzaion jendea guregana etortzen hasi zen. Tanzaniara iritsi nintzenean, Elizak, eraikin eta komunitate gisa, 80 urteko historia zuen. Wukron ez zegoen katolikorik, ez zegoen tenplurik ere. Lehenengo gizarte zerbitzuekin hasi ginen eskolan, kartzelan… eta horrela, harreman sarea eraikitzen joan ginen. Gizarte zerbitzuak antolatuta eta bideratuta egon arte, ez zuen Elizak eraikin fisiko bat izan. Guk egiten duguna kuantifikatu daiteke, zifratan ipin dezakezu orrialde txuri batean, baina haiek zuri ematen dizuten guztia ezin daiteke inolaz ere idatzi. Maitasuna ematen dizute, eskutik helduta beren kaleetatik eramaten zaituzte… hori ezin da inolaz ere zenbatu eta hori da, hain zuzen ere, ikasten ari naizena Etiopian. Euskal Herrira etorri eta gutxira, Etiopiako Armadaren erasoak hasi ziren. Nola bizi dituzu hango berriak? Angel Olaran: Itzuli aurretik ere bazegoen gatazka, egia da azaroaz geroztik areagotu eta okertu egin dela. Wukron sei bat gerra fronte daude, horietan giroa izugarria izango dela suposatzen dut, ez bakarrik tiroengatik eta lehergailuengatik, baizik eta soldaduak etxeetara sartzen direlako, emakumeak bortxatzen dituzte, etxeei su ematen diete, ondasunak lapurtzen dituzte… horrelako urraketek jarraituko dute baldin eta horiek eteteko erabaki sendo bat hartzen ez badute. Guk ez dugu hori egiteko ez gaitasunik ez botererik. Urraketa horiek amaitzeko boterea dutenek tamalez ez dute hori egiteko prestutasunik: Nazio Batuek, Afrikako Batasunak, Europar Batasunak, Ameriketako Estatu Batuek. Etiopiaren eta Eritrearen gainean boterea izan arren, ez dira ari ezer egiten. Gizateriaren kontrako krimenak eta gerra krimenak gertatzen ari dira, horren frogak daude eta balizko epaiketa batean erabil daitezke. Erantzuleak Armada nazionala eta Eritrea dira. Baina, orduan Etiopiak zera esaten die beste potentziei eta Nazio Batuei: ‘Ez, ez, guk zuek baino hobeto dakigu zer gertatzen ari den eta jakin badakigu erantzule bakarrak Tigraykoak direla eta Eritreako soldaduak ez daude Etiopian’. Segurtasun Kontseiluan, Txinak eta Errusiak Etiopiako barne arazo bat dela diote, haiek konpondu behar dutela, lehen ministro etiopiarrak segurtasuna eta ordena berrezarri nahi dituela eta eskubidea duela. Etiopiak Txinaren alde bozkatu du Segurtasun Kontseiluan uigurren kontra duen aferan eta Txinak Tigraykoa barne arazo bat dela dio. Mandatari bakoitzak bere interesen arabera jokatzen du, ez bakearen mesederako. Horrela, oso zaila izango da gerra amaitzea eta herritarrek batzuen zein besteen alde libreki bozkatzea. Abuztuan, tigriñoek beren talde politikoen alde bozkatu zuten ia aho batez. Etiopiako lehen ministroak orain esaten du Tigrayko biztanleak berarekin oso pozik daudela gaizkileengandik askatu dituelako –TPLF zegoen agintean Tigrayn. Abiy Ahmed lehen ministroak maiatzaren 6an eskualderako gobernadore berria izendatu zuen, Abraham Belay, talde politiko berekoa–. Eritrea oso sartuta dago gatazkan eta jada Tigrayrenak ziren lur batzuk bereganatu ditu eta nekez askatuko ditu. Beraz, ez dut erraz ikusten gerraren amaiera. Nola deskribatuko zenuke bertako egoera? Angel Olaran: Egungo egoera oso txarra da. Industria eta eskola asko desagertu egin dira erasoen ondorioz. Ospitaleetan zegoen materialaren %85 ez badute apurtu, lapurtu egin dute, eraikinak suntsitu edo hustu dituzte. Jendea beldurrez bizi da. Bi milioi desplazatu omen daude… hara iritsi arte, ezinezkoa da erradiografia zehatza egitea. Maiderrek zerbait ikusi zuen atera aurretik, nik bakarrik argazkiengatik irudikatu dezaket giroa. Auskalo zer aurkituko dudan bueltan, baina nire ustez oso zaila izango da konfederazio bat osatzea. Maider, zerk eraman zintuen kooperante gisa Tigrayra? Maider Arostegi: Iazko otsailean joan nintzen hara. Urtarrilaren erdialdean itzuli naiz. Angelek eraman ninduen. Lehen aldiz duela sei urte joan nintzen, nire opor garaian joaten nintzen. Txikitatik, mojek Etiopiako diapositibak jartzen zizkigutenean, herrialde horretara joateko grina sentitzen nuen. Besteen bizi kalitatea hobetzen laguntzeak bete egiten nau. Lagun batek Angel ezagutzen zuen eta berarekin harremanetan jarri ninduen. Hasieran opor garaian joaten nintzen eta, gero, bertan gelditzea erabaki nuen. Hiru hilabeterako joan nintzen, baina azkenean bost izan ziren. Adimen urritasuna duten haurrentzako hezkuntza proiektu bat garatzea proposatu nion Angeli, zehazki haientzako gela propio bat. Programa horretan ari nintzen lanean Euskal Herrira etorri aurretik. Ez dakit itzultzen garenean programarekin jarraitu ahal izango dugun, egoerak ahalbidetuko duen, pentsatzen dut bestelako behar batzuk egongo direla. Etiopiako Armadaren erasoa azaroaren 4an hasi zen eta zu, Maider, urtarrilean itzuli zinen. Hilabetez, zure senideek ezin izan zuten zurekin harremanetan jarri komunikazio oro eten zuelako Etiopiak. Asko dira erasoaldia genozidiotzat hartzen dutenak. Maider Arostegi: Hala da, garbiketa etnikoa egiten ari dira. Gosea arma gerra gisa erabiltzen ari dira. Ez dute eskolarik, ez dago osasun publikorik, ez dago deus ere, pentsa. Eskualdean talde armaturik egon ez arren, bonbardaketak egon dira, herritarrak beldurrez daude; droneekin, misilekin, hegazkinekin, eraso ziguten bost egunez, Tigraykoak borrokatzen ari ez ziren arren. Eritreako okupazioa gertatu zen ondotik, arpilatzeak egon ziren, pertsona edo txakur baten bizitzek balio bera dute. Angelek esan duen bezala, bi milioi pertsonak ihes egin behar izan dute, familia asko banatuta daude, emakumeak erditzean hiltzen ari dira, haurrak, sendagarriak diren gaixotasunengatik jendea hiltzen hasi da eta goseak eragindako lehen heriotzak gertatu dira jada. Egoera benetan oso kritikoa da eta latza da. Tamalgarria da 2021. urtean egonik hau gertatzea eta horrelakorik baimentzea. Orain ereintza garaia da, baina haziak blokeatu dituzte, animalia denak hil dituzte nekazariek lan egiteko aukerarik izan ez dezaten, lanean harrapatzen badituzte hilko dituztela esanez mehatxatu dituzte. Mundu guztiak daki genozidioa dela, baina beste alde batera begiratzen du. Angel Olaran: Tigrayn, biztanleriaren %85 nekazaria da, familia bakoitzeko hektarea bateko lurra dute. Uztailean eta abuztuan bakarrik egiten du euria, gainerako hamar hilabeteak lehorrekoak dira. Uzta oso ona bada ere, hektarea batekin, familia batek bost-sei hilabete biziraun dezake, urtearen gainerakoan “lana janariaren truke” gobernu programari esker bizi dira. Gobernuari haziak iristen zaizkio eta hazi horiekin azpiegiturak eraikitzen, errepideak konpontzen... lan egiten dutenei ordaintzen die. Janari horri esker hurrengo uztara iristen dira. Aurten ezin badute erein, bizirauteko kanpoko laguntza horren mendekotasuna erabatekoa izango da, baina mugak itxita daude eta ez dute hazirik sartzen uzten. Eritreak hazi horiek blokeatuta ditu mugan. Maider Arostegi: Azaroan ezin izan zuten uzta jaso gerran geundelako. 80ko hamarkadan egon zen gosetearekin konparatzen ari dira etor daitekeen egoera. Inork ez badu zerbait egiten orain, sei hilabete barru 1985eko irudi lazgarri horiek errepikatu egingo dira Tigrayn. Krisi humanitarioa oso latza izan daiteke. Angel Olaran: Gogoratu behar dugu 1984-85eko gosetea ez zela janari faltagatik izan. Urte hartan uzta oso txarra izan zen. Laguntza eskatu beharrean, Gobernuak herritarrak errefuxiatu kanpalekuetara bideratu zituen urik eta janaririk gabe. Tifus eta koleragatik hil ziren asko. Orain, gobernuak laguntza eskatuko balu ere, laguntza hori mugan geldituko da, blokeatuta baitute. «Industria eta eskola asko desagertu egin dira erasoen ondorioz. Ospitaleetan zegoen materialaren %85 ez badute apurtu, lapurtu egin dute, eraikinak suntsitu edo hustu dituzte. Beldurrez bizi dira herritarrak»«Tanzanian, harreman oso polita egin nuen jendearekin; harrera oso ona izan zen, oso atseginak izan ziren nirekin hasiera-hasieratik, elkar entzute hori ederra izan zen. Guztiok aberastu egiten ginen hartu-eman horrekin, inor ez zegoen bestearen gainetik» IBILBIDEA Angel Olaran Hernanin jaio zen 1938an. Apaiz egin ostean, misiolari izatea erabaki zuen Aita Zurien kongregazioan. Tanzania izan zen bere lehenengo misioa. Bertan hogei urtez egon ostean, Tigrayra, Etiopiara bidali zuten, Wukrora. Maider Arostegi alegiarra opor garaian hasi zen Etiopiara joaten kooperante gisa. 2020an Wukrora itzuli zen adimen urritasuna duten haurrekin hezkuntza proiektu bat garatzeko. Urtarrilean etorri zen Euskal Herria. «Eskualdean talde armaturik egon ez arren, bonbardaketak egon dira, droneekin, misilekin, hegazkinekin, eraso ziguten bost egunez Tigraykoak borrokatzen ari ez baziren ere»«Guk egiten duguna kuantifikatu daiteke, zifratan ipin dezakezu orrialde txuri batean, baina haiek zuri ematen dizuten guztia ezin daiteke inolaz ere idatzi»