GAUR8 - mila leiho zabalik

Isiltasuna eta dinosauroen geroa, meteoritoa meteorito


Asteon aditu diot minkideari meteoritoaren eta dinosauroen metafora. Batzar batean bota zuen, maisuki, prentsa idatziaren geroa, egunkarien kinka eta aurrera begirako erronkak, horiek guztiak egunkari honen errealitatean kokatu, jokatu, eta zailtasun eta aukerak jorratzen ari ginela.

Dinosauroa, kasu horretan, idatzi beharrik balego, papera da, egunkaria. Baina jar genezakeen beste zerbait, adibidez frantziskotarrak, gure Arantzazuren zaindariak. Frantziskotarrak ez daudenean zeinek hartu eta zainduko du Arantzazu? Eta bai, dinosauroak ugaritu egin dira Euskal Herrian, nonahi ikus daitezke. Aldaketak bizkortu egin dira, dena doa zorabiatzeko abiadura batean, erantzun askok ez omen digute balio galdera berrien aurrean. Lehen urteetako prozesu geldoak zirenek orain egokitzapen azkarrak eskatzen dituzte, bat-batekoak ia. Eta zurrunbilo honetan dinosauroak ito egingo direla.

Ez nago hain ziur hala ere. Hasteko, dinosauroek errespetua behar dutelako. Espezie bezala hori zor diegu, ze dinosauroek milioika urtean mundu hau dominatu zuten eta, gu, hominidook, 100.000 urtez existitu ginen alfabetismoaren lehen seinaleak azaldu baino lehen. Eta beste 5.000 urte pasatu ziren gizakien gehiengo batek irakurtzen eta idazten ikasi zuen arte. Beraz, kontu berrikuntzaren izenean, ekintzailetasuna aldarrikatzen, darwinismo teknologikoa lege izango dela eta hori egiteko gai ez direnei dinosauroena gertatuko zaiela esaten dutenekin. Kontu egunkariei eta «mundu zaharreko» beste hainbat instituziori eskelak jartzen dizkietenekin.

Etorkizuna dinosauroena izango delako. Ez bakarrik haiena, baina bai haiek erakutsi zutena gorde, zaindu eta egunero baieztatzen dutenena. Dinosauroena irauna delako, geroa ez delako zerbantinoz esan eta hain modako diren «enprendedore» horiena bakarrik. Geroa «superbibienteena» ere izango da; irauna, konstantzia, erresistentzia, milioika urtean dinosauroek frogatu eta erakutsi zuten ahalmen horiek behar dira. Bietan jarrai, beraz: «enprendedore» eta «superbibiente»; aurreikusteko ahalmena eta moldagarritasuna bai, baina egoera latzetan eutsi eta pedalei emateari ez uztea ere bai.

Batzarretik kanpo beste lagun batekin berbetan, mundua, Euskal Herria, hitzez gainpopulatua dagoela aipatu zidan, laburrak izatea, isilik egoten jakitea zenbat eskertzen duen. Geroa isiltasunak kudeatzen dakitenena izango dela ziostan. Zalaparta eta marmarra ez dugula faltan. Eta aipatzen zidan, agian horregatik, sarri, detaile txikien zentzua eta gure komunitatearen erreguen esanahia ongi interpretatzerakoan zorabiatu xamar gabiltzala. Isiltasuna behar dugula, lasai-lasai geldiuneak egiteko, begirada eguneroko ohikeriatik altxatu eta urrutiko gogomiraz horizonte sakonetan aurrera egiteko. Isilik egoten eta isiltasuna probokatzeko, etenak kudeatu eta momentu egokia itxoiteko.

Isiltasuna gauza handia da gero! Ez da hutsunea, ez da basamortu idor bat, ez da ahanztura, ezta iluntasuna ere. Bizitza irakurtzeko eta berrirakurtzeko espazioa da, pentsamenduaren arnasleku, sormenaren akuilu. Trebetasunez erabiliz, sorpresa probokatzen du, atentzioa ematen du, atsedena, giroa baretzen du, hausnarketa sustatu. Hitzak hiztegi eta purrustak purrustategi dituen euskal oilategi politiko eta komunikatiboan, egokiro erabiltzea eta isilik egotearen artea, gustua eta taktua landu behar zirela. Eta ni, lagunarekin ados. •