17 JUIL. 2021 «Baby boom-boom!» Itziar Elizondo Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea Boom-boom! Eztanda egin du medioetan «baby boom»-aren belaunaldia osatzen dugunon pentsioen auziak. Egia esatearren, asko jota, 48 orduz baino ez dituzte nahastu polemikaren osagaiak saltsa mediatikoan. Ondoren, ohi bezala, hurrengo 48 orduko eztabaida erraldoia etorri zaigu, eta akabo. Horrelako saltsak gehienetan sinpleki maneiatzen direnez aho-keru mingatza geratzen zaigu bidean. Lerroartean gailendu den diskurtsoa zera da: asko dira baby boomer-ak; sistemaren “onura” guztiak baliatu dituzte bizitzan zehar eta, orain, erretreta hartzeko zorian daudelarik, sistema bera goitik behera amilduko dute, baldin eta “ganorazko” erabakiak hartzen ez badira. Edozein belaunaldi bezala, gurea ere ez da monolitikoa. Izan ere, askoz ere gutxiago hitz egin da egunotan sistematik kaleratutako adinkideez. Batik bat, 45 eta 55 bitarteko tarte horretan lanik gabe geratu eta bizitza berreraiki behar izan dutenez. Zorionekoenak beren lan bizitza luzean eskuratutako eskubideei eutsiz kanporatu dituzte. Bigarren talde batean daude lan munduan modu prekarioan mantendu direnak, autonomo edo besteren kontura zabor lanetan arituz. Horiek ere pairatzen ari dira belaunaldi gazteagoek errotik jasaten duten soldata arrakala eta lan baldintza miserableak. Egokitu egin behar izan dute beren burua lan prestakuntzako ikastaroetan etengabe aipatzen duten ditxosozko mindset izeneko formulara. Arrakastaren eredua inposatzen zaie, horrek dakarren indarkeria psikologikoaren zama guztiarekin. Gainera, lan merkatuan mantendu ahal izan direnen ahultasun egoera hori bat etorri da teknologia berrien ondorioz lan munduan izandako paradigma aldaketa basatiarekin. Autonomoen kasuan, pandemiaren aurretik ere presio handia jasaten zuten. Normalean deskonektatzen ez duten profesionalak izaten dira; lo arazoak izaten dituzte eta ez dituzte lan ordutegiak eta ordutegi pertsonalak bereizten. Pandemiak ziurgabetasuna eta beldurra areagotu ditu, eta kontsulta psikologikoetara jotzen dute aholku eske. Askok ezin diote 50 urterekin etorri zaien tsunami horri aurre egin. Nagusi den eredu bortitzak beren porrotaren errua egozten die, eta faltsukeria hori agerian uzten ez bada autoerruduntasuna errotzen da. Hori da zuk sinestea nahi dutena. Zu zarela arazoa. Zure esku zegoen txintxo ibiltzea eta ez zara behar beste saiatu. Ezinegona, frustrazioa eta, azkenean, depresioa –boom-boom!– gero eta gehiagotan eztanda egiten du baby boom-er prekarioen bizitza prekarizatuetan. •