24 JUIL. 2021 Kriptotxanponak eta klima aldaketa Olatz Perez de Viñaspre Garralda UPV/EHUko Informatika Fakultateko ikerlari eta irakaslea Azken urteetan gero eta maizago eta altuago entzuten ditugu kriptotxanponei buruzko berriak: bitcoinaren balioa berriz igo dela, Facebook-ek berea sortu duela, Txinak debekatu dituela... Baina berri gutxi aurkitu ditzakegu kriptotxanpon horien energia kontsumo erraldoiei buruz eta horrek sortzen dituen CO2 isuriei buruz. Gaur egun Bitcoin eta Ethereum dira munduan gehien erabiltzen diren kriptotxanponak, eta bien energia kontsumoa ikaragarri altua da: 2021eko Cambridgeko Unibertsitatearen ikerketa baten arabera, bitcoinek urtean Argentina osoan kontsumitzen den energia baino gehiago kontsumitzen dute. Baina nondik dator energia kontsumo erraldoi hori? Kriptotxanponen funtzionamendua goitik behera azaltzeak luze joko lukeen arren, azal-azaletik kontsumo horren arrazoi nagusiak ulertzeko gakoak aztertuko ditugu. Kriptotxanponak Blockchain teknologian oinarritzen dira transakzioak erregistratzeko edo balioztatzeko, eta horri «blokeen minatzea» deitzen zaio. Bitcoin edo Ethereum bezalako kriptotxanponek Proof of Work (PoW) delako teknika erabiltzen dute minatze hori gauzatzeko, eta meatzariei trukean kriptotxanponak ematen zaizkie egindako lanagatik. PoW teknikak lan bat egitea eskatzen du, gerora sareak balioztatuko duena. Kriptotxanponen kasuan, kostu konputazional altua duten eragiketa, algoritmo eta kalkulu matematikoak egitea eskatzen da (kriptotxanponaren arabera aldatzen dira). Kostu konputazional altu horren eraginez, konputagailu espezializatuak erabiltzen dira minatze horretarako, zeinen energia kontsumoa oso altua den. PoW teknikaren arazo ezagun batzuk konpontzeko, 2011. urtean Proof of Stake (PoS) delako teknika zabaldu zen. Teknika honetan erabiltzaileak ez ditu kostu konputazional altuko eragiketak egin behar bloke bat minatzeko, eta bere kriptotxanpon kopuruaren araberako aukerak izango ditu bloke berri bat minatzeko. Eredu bakoitzak bere alde on zein txarrak dituen arren, ingurumenaren ikuspegitik garaile nagusia dago: PoS. Hori dela eta, Ethereum kriptotxanponak (Bitcoinen atzetik gehien erabiltzen dena), 2022. urterako PoW utzi eta PoS teknika erabiltzera pasatuko dela argitaratu du, eta bere sareak kontsumituko duen energia nabarmen murriztuko da horrela. Kriptotxanponen minatzeak sortzen duen energia kontsumoaren eragina kriptotxanponen mundutik harago joan da dagoeneko. Ibilgailu elektrikoak ekoizten dituen Tesla konpainiak kriptotxanponekin izandako tirabiren berri izan dugu 2021eko martxotik gaur egunera. Teslak bitcoinak onartzen hasiko zela iragarri zuen. Berri horrek kriptotxanponaren balioa izugarri igoarazi zuen arren (%20 igo zen haren balioa berria zabaldu zenean), segituan Teslak atzera egin eta bitcoinak onartzeari uko egin zion, ingurumenean dituzten albo ondorio kaltegarriak argudiatuz. Azken hilabeteetan kriptotxanponen munduan aldaketak datozela ikus daiteke, aldaketa klimatikoaren kontrako neurriek gero eta garrantzi handiagoa hartzen duten neurrian. Baina aldaketa horiek azkartzeko estatuek eta enpresek egin dezaketen presioa ezinbestekoa izango da, energia kontsumoa behingoz eta betiko gutxitzeko. •