GAUR8 - mila leiho zabalik

Ezkerreko planteamenduak eta eskuineko jarrerak


Pandemiak zer azaleratu duen guztiok geure buruari galdetuko bagenio, ia aho batez erantzungo genuke: zaintzaren beharra. Lehenengo minututik ikasi genuen hori eta gaur arte oso presente dugu. Baina hilabeteak pasatu ahala, kontzeptua zentzuz eta norabidez ere aldatu dugula antzematen dut: hasieran herritar sareak nagusitu baziren (besteak zaintzeko nahia, alegia), denborarekin nork bere arreta propioa, eta asko jota bere ondokoena, lehenetsi duela ematen du (autozaintza, alegia). Auzoko osasun etxetik pare bat aldiz pasatzea tokatu berri zaidala, oso tristea izan da egiaztatzea zenbat adineko ibiltzen den bakar-bakarrik pasabide horietatik. Berdin supermerkatuan, parkean edo kalean; adineko asko gero eta bizimodu korapilatsuago honi bakartasunetik aurre egitera behartuak, zeresanik ez gero eta eginbeharreko gehiago guztiz arrotz zaien era telematikoan eginarazten diegunean.

Lan mundua da covid-19ak astindu duen beste esparruetako bat, kasu honetan jadanik abian ziren dinamika batzuk azkartuz (telelana, ordutegi estuak, multiaktibitatea) eta beste batzuk astinduz (iazko martxoaren aurretik pil-pilean zen kontziliazioaren inguruko eztabaida zertan geratu da?). Ez dakit dinamika honek prekarizazioa larriagotuko edo arinduko duen, berdintasuna hurbilduko edo urrunduko duen, baina momentuz begien aurrean jarri diguna zaintzaren bilakaerarekin gertatu denaren berdintsua da: indibidualizazioaren indartzea, dinamika eta asmo kolektiboen kaltean. Jakina lan arrakalak plano bertikalean sortzen direla, kapitalismoak hala agintzen duelako, baina horizontalean ere badago bidegabekeriak eragiteko arriskurik, eskubideak orokortzen diren neurrian betebeharrak ere egoki banatzen eta betetzen ez badira.

Testuinguru nahasi honetan lankidetasuna kolokan bada, zeresanik ez militantzia deitu ohi dugun horretaz (borroka, inplikazioa, parte-hartzea… nahi den sinonimoa hartu, nork bere belaunaldiaren araberakoa). Etxekotzeko joerak, elkarrekiko distantziak eta kolektibotasuna ahultzeak ez diote ezer onik ekarriko jada nabarmen ahultzen ari zenari. Bidegurutze honetan, ezkerreko planteamendu zintzoetatik «konfort guneen» apologia ozen zabaldu da sareetan egunotan. Ulertu dut zer esan nahi duten horrekin, baina gaizki interpretatzeko tentazioa oso gertu sumatzen dut; ikuspegi iraultzaile sutsu edo eraldatzaile xume batetik ere (ez da honetarako Che Guevara edo «Txiki» izan behar), norberaren erosotasuna lehenestea ez baita ortzimuga egokia. Ozeano bat zeharkatuz, Kubako protesten testuinguruan Silvio Rodriguezi bi sortzaile gaztek aurpegiratu diotenak ere zer pentsa ematen du: haren kantu ezagun bat erabiliz, «gelditzeko gonbita egiten duten aulkien» kontra egin dute kritikoek. Zinikoki beharbada, baina erosotasuna oraingo ezkerraren ajea dela seinalatzen ari ziren gazteak. (Portzierto, eztabaidaren ostean ondorio hauxe atera du trobadoreak: «Belaunaldi gisa, ez dira Kubako prozesuaren parte sentitzen, beste gauza bat baizik; asko kezkatu nau honek». Indibidualizazioa, berriz).

Honen guztiaren artean hari fin kezkagarri bat antzeman daiteke. Ezkerreko aldarrikapen justu eta beharrezkoak praktikan eskuineko zenbait joera ez ote dira sustatzen ari, teoriatik praktikara eta esparru kolektibotik pribatura jaisten direnean? Zaintza autozaintza bihurtzean, lan eskubideak lankideen aurka astintzean edo militantzia eta erosotasuna bateragarriak direla sinetsaraztean, esaterako. •