GAUR8 - mila leiho zabalik

>Aurkariak edo taldekideak?


Amezketako Iker Karrera Amezketako trail runnerrak hirugarren postuan bukatu zuen Trail Valle de Tenaren 8k proba joan den larunbatean. 77 kilometro eta 6.800 metroko desnibel metatua duen proba. Hala ere, txalogarriena ez zen emaitza izan.

Iker Karrerak hiru urte zeramatzan lehiatu gabe eta joan den larunbatean jantzi zuen berriro dortsal bat. Modu ikusgarrian itzuli zen lehiara. Hirugarren iritsi zen Panticosako helmugara, 13 ordu eta 57 minutuko denborarekin. Hala ere, erakustaldirik garrantzitsuena hainbat kilometro lehenago egin zuen. Lasterketa erdian aurkari batekin parekatuta zihoan eta hark, zorte txarrez, oinetakoak hautsi zituen. Kontrol gune batera iristean, Karrerak bere ordezko zapatilak hartu eta antolatzaileei eman zizkien, taldekidea (edo aurkaria) iristen zenean utz ziezazkioten.

Antolakuntzak berak argitaratutako bideo batean, aurkariak Karreraren keinua onartu zuen: «Bihotzez eskertzen diot. Nirekin gelditu zen. Sinestezina. Legendazko une batzuk oparitu zizkidan».

«Mendiko lasterkari handia izatea denbora edo postu bat betetzea baino askoz gehiago da. Mendia eta zure lagunak zaintzea da. Horrela erakutsi du gaur Iker Karrerak adiskidetasun keinu handi honekin», adierazi zuten antolatzaileek. Bideoari erantzunez, sare sozialak zorion mezuz bete ziren Amezketako runnerrarentzat.

> Dabilena, Interneten hitzak bilatzeko tresna berria

Elhuyar Fundazioak Interneten hitzen bilaketak egiteko tresna berri bat jarri du abian. Euskaraz eta gaztelaniaz egin daiteke kontsulta, zer webgunetan eta zer testuingurutan erabili den jakiteko, edo bi sinonimoren artean zein erabiltzen den gehien ikusteko.

Publiko orokorrarentzat pentsatuta, Dabilena atari berriak erabilgarritasuna du hizkuntzaren arloko hainbat jardueratarako, hala nola hiztegigintza, itzulpengintza, irakaskuntza edo hizkuntza teknologien garapenaren arloetan.

Erabilera errazekoa, hiru atal nagusi ditu webguneak: «Non erabili da?», «Nola itzuli da?» eta «Zer hitzekin konbinatzen da?».

> Gune urdina, «margolariek» desagerrarazita

Txantrea Eztanda gazteen proiektu komunikatiboak bideo bat argitaratu zuen asteazkenean @eztandatx Twitterren kontuan; bertan, La Polla Recordsen “No somos nada” abestiaren erritmoan, “margolari” talde bat ageri da Iruñeko gune urdin polemikoa zuriz margotzen, TAO martxan jartzeko bezperan. Halaber, auzokideek beren kalea margotzeko deialdia egin dute: «Auzokide, margotu zure kalea, denon artean lortuko dugu».

Irailaren 1ean abiatu zuten gune urdina Sanduzelai, Arrotxapea eta Txantrea Iruñeko auzoetan. Azken hilabeteotan mobilizazioak eta sinadura bilketa masiboa izan dira.

Enrique Maya alkateak eutsi egin dio, nahiz eta Nafarroako Arartekoak berak auzoan eskatzen den parte hartzeko prozesuaren alde egin duen.

> Zazpi ordutan 120 hizkuntzatan, tartean euskaraz

Suchetha Satish 16 urteko neska indiarrak Guinness Errekor bitxi bat lortu zuen Dubain. Zazpi ordu eta 20 minutuko kontzertu batean 120 hizkuntzatan kantatu zuen. Euskaraz ere ausartu zen, Oskorriren kantu aski ezagun batekin.

Suchetha Satishek, 2005eko abuztuaren 17an Indian jaioak, munduko bi errekor ditu, 2018ko urtarrilaren 25ean lortutakoak: kontzertu batean kantuz hizkuntza gehien erabili izana eta haur batek zuzenean egindako kontzerturik luzeena.

Orduko hartan 102 hizkuntzatan kantatu zuen sei ordu eta 15 minutuko kontzertu batean, eta joan den astean, Dubain, kontzertu batean hizkuntza gehien erabiliz kantuan egiteko errekorra gainditu zuen: zazpi ordu eta 20 minutuan 120 hizkuntzatan abesteko erronka hartu zuen.

Euskaraz abestera ere animatu zen, Oskorriren “Kanuto” abestia aukeratuta.

> Zurrumurruen aurkako kontakizun laburren lehiaketa

“Zurrumurruen aurka, sartu aterpera!” kontakizun laburren lehiaketaren bosgarren edizioan parte hartzeko epea ireki zuen Bilboko Udalak asteazkenean. Parte hartzeko, hilaren 30era bitarte bidali ahal izango dira kontakizunak, euskaraz edo gaztelaniaz, udal webgunearen bidez.

Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jai Arloaren Herritartasunaren eta Aniztasunaren II. Udal Planaren barruan dago lehiaketaren deialdia. Aniztasunean oinarritutako bizikidetza sustatzeko, migratzaileei buruzko pertzepzio negatiboak aldatzen laguntzea eta istorio horiek ekarriko dituzten begirada berriak agertzea dira ekimenaren helburuak.