GAUR8 - mila leiho zabalik
BEREGAIN BIZITZEKO

Dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizitza independentea bermatzea helburu

UOC Kataluniako unibertsitateko IN3eko CareNet ikerketa taldeak zainketen azpiegiturei buruzko zenbait ikerketa bateratu dituzte «Bizitza independentea egiteko azpiegiturak: etxebizitza, zaintzak eta komunitatea pandemia garaian birpentsatzeko partaidetza-ikerketa» proiektuan, covid-19aren ondorioz sortutako krisia dela-eta hiriak dituen erronkei aurre egiteko.


UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko IN3ko CareNet ikerketa taldeko hiru ikerlariek, Joan Moya-Köhler, Andrea Garcia-Santesmases eta Lluvi Farre Montalak, zainketen azpiegiturei buruzko zenbait ikerketa bateratu dituzte “Bizitza independentea egiteko azpiegiturak: etxebizitza, zaintzak eta komunitatea pandemia garaian birpentsatzeko partaidetza ikerketa” proiektuan. 2021eko Hiriaren eta Zientziaren Biurtekoaren esparruan aurkeztu zen proiektua, eta Bartzelonako Udalak deitutako Ikerketa Zientifikoko sarietan nabarmenduetako bat izan zen, tokiko ikerketa ekosistema covid-19aren pandemiaren ondorioz sortutako krisia dela-eta hiriak dituen erronkei aurre egiteko irtenbideak bilatzera bultzatzeko.

Ikerketa urtebetez garatu behar da, eta norbait zaintzeko pentsatutako espazioei buruz hausnartuko du. Horrez gain, mendekotasun egoeran dauden pertsonen bizitzari eusteko beharrezko elementuak izango ditu, hiru alderdi kontuan izanik: dibertsitate funtzionala, intelektuala edo fisikoa eta adinekoak. Ikerlari bakoitza Bartzelonako hirian abian jarritako benetako esperientzietan murgiltzen da eta, horrela, jarraitu beharreko eredu bihur daitezkeen ekimen berritzaileak nabarmentzen ditu.

Ikerketak erabateko gaurkotasuna du, covid-19aren pandemiarekin, Joan Moya-Köhler ikertzaileak adierazi duena egiaztatuta: «Zaintza azpiegitura handiek, pentsatuta dauden bezala, porrot egin dute, ez bakarrik bizitzari eustean, baita sostengatzean ere –gorputzak bizirik mantentzearen ideia–, eta nabarmen egin dute porrot bizitza oso eta duina izateko aukerak eskaintzeari dagokionez ere».

«Etxera noa»

Azterlanean, Kataluniako Sindrome Down Fundazioak aniztasun funtzional intelektuala duten pertsonentzat egindako “Etxera noa” proiektuari buruzko ikerketa bat aurkeztu du Moya-Köhlerrek. Proiektuak aukera ematen die desgaitasun mota hori duten pertsonei ohiko egoitzetan edo harrera zentroetan izan dezaketena baino bizimodu autonomoagoa izateko; izan ere, espazio horiek zazpi edo zortzi pertsonarekin eta hezitzaile batekin partekatzen dira 24 orduz. «Autonomia gutxi edo eguneroko bizitzan zer egin erabakitzeko gaitasun gutxi eskaintzen duten bizitegi alternatibak dira», azaldu du Moya-Köhlerrek. “Etxera noa” proiektuak, aldiz, «pertsona bere etxean modu autonomoagoan bizitzeko aukera ematen duten elementuak ditu, etxean laguntza zehatz bat emanez ordu jakin batzuetan».

Laguntza hori izan daiteke erosketa zerrenda egitea edo diruaren kontrola eramatea, baina pertsonari bakarrik bizitzeko aukera ematen dio, «24 orduko begiralerik gabe eta norekin bizi izan erabakiz». Bizitza independente hori balizko beste pandemia baten aurreko aukera gisa ere aurkezten da. «Jendea pilatzen ez den espazio bat izateko aukera ematen du –adierazi du ikertzaileak–, bertan ez dago eguneko 24 orduetan egoten diren monitore berrien etengabeko mugimendurik eta, ondorioz, kutsatzeko aukerak askoz txikiagoak dira eta bederatzi pertsonarekin batera bizitzeak daraman estresa ere murrizten da».

Proiektu hibrido bat

Andrea Garcia-Santesmases ikertzailea, bere aldetik, “Guttmann Barcelona Life” dibertsitate funtzional fisikoa duten pertsonentzako proiektuari buruzko ikerketan murgilduko da. Guttmann Institutuaren ekimen pilotua da, dibertsitate funtzional fisikoa duten pertsonen tratamenduari eta errehabilitazioari buruzko berrikuntza zientifikotik harago doana.

Tratatutako erabiltzaileen jarraipena egiteko apustua da. «Behin tratatuta, irisgarriak ez diren etxeetara itzultzen dira, Guttmannen burbuilatik irteten dira eta ez dakite lehengo bizitzara itzultzen, eta zaila egiten zaie berri bat sortzea», dio Garcia-Santesmasesek. "Guttmann Barcelona Life", aldiz, «bizitza independentera igarotzeko proiektu hibrido bat da, paziente ohiei bideratua; banakako pisu domotiko batzuk ditu, parte bat laguntzarako eta erakunderako irisgarritasuna erraztuko duen eraikin batean kokatuak».

Guneak denentzako lekuak, atezain bat, osasun langileak eta langile soziosanitarioak ditu, erabiltzaileei laguntza emateko unean uneko zereginetan. "Etxera noa" proiektuaren kasuan bezala, "Guttmann Barcelona Life" izenekoak ere erabiltzaileen autonomia babestu nahi du bizitza komunitarioaren antolaketari dagokionez. «Beren egunerokotasuna nola antolatu eurek erabakitzea da helburua, eta paternalismoa saihestu nahi da».

Ikertzaileak gogorarazi duenez, desgaitasun fisikoa duten pertsonen kasuan, bat-batean bizitza aldatu dieten eskuratutako egoerak onartu behar dituzte: «Gorputza aldatzeaz gain, jendeak begiratzen eta tratatzen zaituen modua ere aldatzen da; aldaketa fisikoa ez ezik, kapazitismoaren ondorioz posizio soziala aldatzea ere bada».

Adinekoentzako alternatiba

CareNet taldeko ikertzaileen proiektua Sostre Civic kooperatibako Can 70en esperientziak ere osatzen du, Lluvi Farre Montala arduradun duenak. Bartzelonan diseinatzen ari den lankidetza etxebizitza seniorreko ekimena da, eta adinekoentzako lankidetza etxebizitzaren eredu bat proposatzen du. «Proiektu autogestionatua da, zahartzaroa egoitzetatik kanpo bizitzeko aukera gisa elkarlanean antolatzen dena».

Farrek azaldu duenez, proiektu honen elementu berritzailea da «testuinguru kooperatibo eta autogestionario batean bestelako zahartzaro bat bizitzeko aukera» eskaintzea. Penintsulako beste leku batzuetan antzeko ekimenak abian jartzen ari dira, «erakundeen menpe egon gabe, bizitzei buruz erabakitzeko gaitasunari eutsi eta autodeterminatu ahal izatea helburu duen esperientzia baten parte direnak». Duela gutxi, Bartzelonako Udalak iragarri du orube bat utziko duela ekimen hori abian jartzeko, eta gertaera horrek «hiriarentzako aurrekari garrantzitsua ezarri du»; izan ere, hiriguneetatik urrun dauden inguruneetan egin ohi den ekimen mota bat «bat-batean, Bartzelonan egin daiteke».

Adituak nabarmendu duenez, horrelako proiektuak gerontologia arloko profesionalen jakin-mina pizten ari dira dagoeneko, beste ekimen batzuetan sar daitezkeen berrikuntzak gogoan hartzen baitituzte. Ez da «masa» aukera bat, baina «egoitzak eta gisa horretako zerbitzu batzuk birpentsatzeko» ideiak eman ditzake, azaldu du. Erabiltzaile izango direnek berek sortutako ekimenak dira, "Etxera noa" edo "Guttmann Barcelona Life" proiektuek bezala «beren bizitzei dagokien guztia erabaki ahal izatea» aldarrikatzen dutenak: nola zaindu nahi dituzten, otorduak nola egin... batzar batean erabakiz.