GAUR8 - mila leiho zabalik

Gustuko eragiletza


Badira gustuko ez ditugun gauza batzuk, gertatuz gero, haien eragilea pertsona edo talde jakin bat izatea gustatuko litzaigukeenak. Kalte egiten badigute, nahi dugun eragile horri ere kalte egin diezaiotela, eta kalte egiten ez badigute ere, hari kalte egin diezaiotela. Horregatik erabiltzen dute batzuek gustuko baina balizko eragiletza benetakoa balitz bezala. Adibiderik ez da falta azkenaldion: Ortuzar eta bere «mozkorra borroka», Urkullu eta gaueko zurruta-Ertzaintza-ongietorriak...

Azkena, Iruñeko alkate Enrique Mayarena, Txantrea Eztandako gazteek sare sozialetan zabaldu duten bideoa dela-eta, Iruñeko auzo horretan gune urdina zuriz margotzen ageri direna. Mayak gustura jakingo luke nork egin duen ekintza hori, ez du uste Txantreako auzokide batek marrak egiten jarduten duenik, baina badaki EH Bilduk tentsioa sortzeko «ekinbidea» duela, eta badaki «gauza horien» atzean dagoela.

Ez dakit indar abertzale horrek zer esan duen eztabaida sortu duen gune urdinaren gainean; hala ere, haren kontra agertu balitz, zer? Mayak lasai ederrean onartzen ditu horrekin pozik ez daudenak. Baina ez ditu aintzat hartzen. Nafarroako Arartekoak begi onez ikusi zuen hainbat auzokidek eskatu zuten eztabaida prozesua, baina Mayak –eta Ortuzarrek eta Urkulluk...– ezin du eraman aginteak xedatzen duena zalantzan jartzea, eta gustuko eragilea tiraderatik atera eta demokraziaren aurka jokatzea egozten dio.

Eta demokrazia, denok dakigunez, eztabaida saihestu eta aginteak xedatzen duenari men egitea da. •