GAUR8 - mila leiho zabalik

Mugak


Anariren “Oreinak” abestia ekarri dit belarrietara irratiak. «Marraztu dizkizuten parentesien artean bizi zara», dio abestiak, baina parentesiak beharrean mugak ikusi ditut. Mugak errepidean, mugak mendietan, nazioarteko mugak, mugak nire baitan. Esango duzue lotura bitxiak egiten dituela nire garunak, baina askotan ez dakigu nola pasatzen garen pentsamendu batetik bestera.

Parentesietatik mugetara, hiztegira jo dut, ‘muga’ hitzaren definizio bila. Zerbait amaitzen den tokia edo unea izan liteke, nik zerbait hasten den tokia edo gunea ere gehituko nioke. Bestela gogoratu “Lehoi erregea” filmean Mufasak nola esaten dion Sinba txikiari: «Seme, eguzkia ateratzen den lekutik sartzen den tokiraino gure erreinua da». Hori da gutxi gorabehera baserritar bat ezagutu eta bere etxera joandakoan egiten dizuna, bere lurrak erakutsi eta mugak zein diren azaldu: «Hemendik hasi eta haraino gure terrenoak dira, besteak ondoko baserrikoak».

Bi lurralde bereizten dituen marra ere badago definizioen artean eta zoritxarrez euskaldunok badakigu zerbait horri buruz. Nahi ez dugun nazioarteko muga bat dugulako erdi-erdian eta herri bat garela sinesten dugun arren, muga deitzen diogu Bidasoa ibaiak banatzen duen gune horri. Abuztuko oporraldiarekin batera askotan aipatzen dira albistegietan Biriatuko auto ilarak zenbat kilometrotakoak diren. Eta kontrabandoaren historia gertutik jaso dugunok badakigu muga hori abuztuko oporraldietako auto ilara luzeak baino gehiago izan dela. Lanera joateko egunero pasatu naiz Behobitik uda honetan, lasai ibili naiz, auto ilarak egokitu zaizkit zenbait ordutan. Pausun jarritako jendarmeen kontrolak eragin zuzena du trafikoan. Egun batzuetan zorrotzago ibili dira eta auto guztiei eskatu izan dizkiete paperak. Ez nago seguru zer eskatzen zuten, izan ere, Hendaiara joan naizen aldiro lasai utzi didate pasatzen eta susmoa dut nire azalaren koloreak bazuela zerikusia jendarmeen erabakian.

Europak mugak zabaldu zituen teorian, baina horma ikusezin bat du Afrikatik datozenentzat. Abuztuaren 8an hil zen itota Abdoulaye Coulialy Bidasoa ibaian. Frantziara iritsi nahi horretan muga pasatu behar, modu batera edo bestera. Bere bizitzaren azken hilabeteak mugak gaindituz biziraun duena, bizitzaren muga gainditzeko prest. Irungoa beste bat gehiago, berez egon behar ez lukeen muga bat gehiago.

Aipatzekoa eta eskertzekoa da Irungo Harrera Sareak egunero egiten duen lana. Norbanako anitzek osaturiko migratzaileentzako laguntza sarea da. Pertsona guztiek harrera duina izateko eskubidearen alde lanean ari diren 100 pertsona baino gehiagoko sarea. Modu solidarioan 2018ko udan hasi ziren antolatzen, Irungo tren geltokian abandonatuta eskubiderik gabe geratzen zirenen egoera ikusita. Beste behin ere erakundeek egin beharreko lana herritar sare batek egiten du, borondatez eta agintariek zer egin zain eserita egon gabe lanean.

Egunero igarotzen naiz Behobitik eta pasatzen naizen aldiro pentsamendu berberak etortzen zaizkit burura. Ea egunean bertatik pasatzen garen milaka lagunek pentsatzen ote dugun Bidasoa ibaia migratzaileentzat zeinen muga handia den. Ez dut nire burua zurituko, bertatik pasatzen ez naizenetan ahaztu egiten zait.

Hiztegira jo dut berriz ere ‘muga’ hitzaren esanahi edo aldaera gehiagoren bila. Zerbaiten edo norbaiten garapenerako muga edo oztopo den gabezia. Unea, denbora, ordua. Azken muga. Muga barru. Mugan. Mugaz. Muga zerga. Muga egun. Muga jo. Mugara iritsi, zerbaiten azken muturreraino iritsi.

Zein dira zure mugak? •