GAUR8 - mila leiho zabalik

Geratu mundua, jaitsi egin nahi dut


Alaba nerabea daukan aita bakarra da eta aitortu dit beldur handi bat duela: parrandan dabilela norbaitek edarira zerbait bota, lokartu eta bortxatzea. Arrisku horrekin ohartarazten omen du alaba festara ateratzen denero. Pentsatu dut telebistan hain modu sentsazionalistan ematen dituzten albisteak ikusi ohi dituela; diskotekako argiak eta edari kopa handiak.

Harrituta geratu naiz. Nire beldurren zerrendan oso atzean dago hori. Ez dakit inoiz aukera horren inguruan pentsatu ote dudan. Egia esan, ez da oso osasuntsua ditugun beldur guztien inguruan pentsatzea seme-alaba nerabeak etxetik ateratzen direnero. Azala gogortzeko ariketa kontziente bat egiten ari naiz –ea lortzen dudan–.

Baina azalaz ari naizela, saiatuta ere ezin Marieren azalean jarri. 60 urtetik gora dauzka, berrogei baino gehiago ezkonduta, hiru seme-alaba... eta orain jakin du 2010-2020 urte bitartean berrogeita hamar bat aldiz bortxatu dutela bera lo zegoen bitartean. Senarrak lokartzeko botikak ematen zizkion berak jakin gabe eta Interneten eskaintzen zuen lo zegoen bere emaztea bortxatzeko aukera. Harrigarria senarraren joera –berak ere parte hartzen zuen tarteka bortxaketa horietan–, nazkagarria bortxaketa horietan parte hartzen zuten gizonen jokaera –adin eta lanbide guztietakoak portzierto–. Frantziako Avignonen gertatu da eta azken egunetan 44 pertsona atxilotu dituzte kasu horrekin lotuta, Marieren senarra barne.

Marieren abokatuak esan du emakumearentzat «mundua geratu egin dela, bueltak emateari utzi diola».

Mafaldarekin akordatu naiz –juxtu aste honetan 57 urte bete ditu–. «Geratu mundua, jaitsi egin nahi dut», esaten du Mafaldak. Geratu mundua, emakumeak ez gaude lasai, aske eta seguru inon, ez diskotekan ezta etxeko sofan ere. •