GAUR8 - mila leiho zabalik

Zahartzaroa zaharberritu


Zaharrek islatzen dute erabat gure gizarteak baztertzen duen guztia edo, hobeto esanda, gizarte horrek eraikitako zahartzaroan pairatzen dute haiek funsgabe hamaika zama. Bada, agure eta atsoen bizitzak ez datoz bat egungo dinamika pertsonal eta kulturalekin, denak izan behar baitu erakargarria, eraginkorra, emankorra eta presaka lortu beharrekoa.

Berrikitan plazaratutako “Yo, vieja” (Capitán Swing, 2021) liburuan Anna Freixas egileak emakumeak beste zahartzaro bat eraikitzera gonbidatzen gaitu. Pertsonalki eta politikoki amankomunean sortu beharreko zahartzaro hori askatzailea izan dadin, lehenik eta behin adindu gaztearen loturak eta torturak ere gainditu beharko ditugu, egon badagoelako gaur egun agindu kultural berri bat: adineko emakume gazte eta aktibo bat izatea. Emakume zaharraren gorputza kulturalki debaluatua dagoenez, zoriontasunaren industriak ondo baino hobeto daki nola heldu edadetua izatearen estigmari: behin eta berriz gorputz gaztearen utopia aseezina astinduz estetika praktika diziplinarioak direla medio. Eta, bestalde, ezinegonak dakarzkien une txarrak, ingurunearen bihozgabetasunari baino gehiago, banakakoei leporatuz. Izan ere, egilearen arabera, dinamismoa inperatibo immateriala bihurtu da, zeinak galaraz dezakeen bizimodu lasai, eroso eta kontenplatiboa bizitzea.

Beraz, egungo emakumezko adinduak aurreko hamarkadetan beren sexualitatea liberatzen saiatu ziren bezalaxe, egokitu zaie orain gerontofobiaren atzaparretatik askatzea. Luzaroan depresioa, menopausia, alarguntza edo habia hutsa izan dira gai nagusiak. Esperientzia horietako gehienak, hain justu, emakumeak gizonen mendeko izakitzat hartzearekin lotuta daude. Freixasek dio badela garaia emakume adinekoei benetan eragiten dietenak izendatzeko eta aztertzeko: erretiroa, pobrezia, osasuna, sexualitatea, zahartzeko esperientzien aniztasuna, egoitzak, habitata edo edadismoa.

Botererik ez izateak, ziurgabetasun ekonomikoak, edo karga afektibo zein emozional astunek, itxuraz, ez dute zerikusirik gorputzarekin. Desberdintasuna da, ordea, emakumeak gaixotzen dituena, urtez urte gaizki bizitzeak bere prezioa baitu emakumeen osasunean. Osasungintzaren jokaera pasiboak bultzatuta, zama handiko motxila horrek, denbora pasa ahala, nagusien gorputzaren medikalizazioa ekarri du. Osasun sistema ez da lokatz sakonetan sartzen, eta nahiago du adinaren aitzakian sinpleki medikuek pilulak gora eta behera agindu ditzaten. Horren atzetik datzan ideologiak zahartzaroa zahar-haurtzen du, adinekoei agentzia kenduz. Etorkizuneko gure bizitza zahar beteak eraikitzen hasiko bagara, gaurtik bertatik izango da. Horretarako ardura pertsonal eta komunitarioak bateratu beharko ditugu zahartzaroa benetan zaharberritzeko. •