23 OCT. 2021 BENGOETXEA AUTOBUSAK Dispertsioaren urte astunak eta kilometro luzeak arintzen saiatu den bolantea Dispertsioaren lehen unetik Errenteriako Bengoetxea Autobusak enpresa lehen lerroan egon da, asteburuero senideak eta lagunak kartzeletara gerturatu dituzten autobusen bolantean. Lana izan da, 43 urtez segidan egin duten lana, baina ez lana bakarrik. Bidaia fisikoa eta emozionala izan da, bidaiarientzat bezala gidarientzat. Ander Bengoetxea, autobusaren bolantean. Andoni CANELLADA | FOKU Amagoia Mujika Erretiroa hartu du Ander Bengoetxeak duela hilabete batzuk. Bere lan bizitza oso-osoan ezagutu du dispertsioaren krudela lehen lerroan. Lehen lerroa da asteburuero senideak eta lagunak Estatu espainoleko kartzeletara gerturatzen dituen autobusaren bolantea. Askotan joan da bolantean, gidari. Beste askotan antolatu ditu autobus horiek bulegotik, telefono dei bat eta beste bat. Eta beti, bolantetik edo Errenteriako bulegotik, gertutik jarraitu ditu bidaia horiek eta lasaitua hartu du bidaiari bakoitza etxera onik iritsi dela ziurtatzean. «Duela 43 urte inguru egin genuen lehen bidaia, Soriara. Nik artean ez neukan gidatzeko baimenik. Autobus txiki bat ateratzen genuen asteburuero, 45 toki zituen. Ez ziren bidaia errazak, garai gogorrak ziren. Mehatxuak, guardia zibilen aldetik tratu latza... beldurra pasatzen genuen. Baina inoiz ez dugu atzera egin eta beti eraman ditugu autobusak kartzeletara». Erabakitasun horren atzean urte batzuk lehenago Ander Bengoetxeak kartzela espainol batera egin zuen lehendabiziko bisita dago. «Nik 18 urte nituela, 17 urteko anaia atxilotu zuten, Gernikako beste gazte batekin batera. Anaia Martutenen sartu zuten eta Gernikako gaztea, Ocañara. Mikrobus txiki bat antolatu genuen bisitan joateko. Nik ez neukan gidatzeko baimenik eta gidariaren ondoan joan nintzen. Ez ziguten utzi bisitarik egiten. Dispertsioa nire azalean ezagutu nuen lehenengoz bidaia hartan eta astakeria bat zela ikusi nuen. Orduan erabaki nuen nire esku zegoena egin behar nuela dispertsioa sufritzen zutenen alde. Ez nekien nola, baina banekien lagundu egin nahi nuela». Bengoetxea Autobusak enpresa dispertsioaren hasieratik egon da kartzeletara bidaiak egiten, 43 urtez. Hasierako urte haietan, Madrilen, Sorian, Herrera de la Manchan eta Puerto de Santa Marian zeuden euskal presoak. «Gidatzeko baimena atera eta hasi nintzen gidari joaten kartzeletara. Puerto de Santa Mariara joan nintzen lehen aldian, bakarrik joan nintzen, joan eta etorri ni gidatzen. Ostegunean ateratzen ginen eta igandean bueltatu. Lau eguneko bidaia zen. Eta, gainera, askotan bisitarik gabe uzten zituzten senideak edo zortzi minutuko bisitak baimentzen zizkieten. Oso ohikoa zen, gainera, guardia zibilak autobuseko norbait atxilotuta Jerez de la Fronterako komisaldegira eramatea. Horrekin lortzen zuten autobusaren etxerako buelta atzeratzea. Autobusean joaten ginen Jerezeraino, komisaldegira eraman zutena noiz askatuko zuten zain egotera. Eta askotan gaueko hamaikak arte ez zuten askatzen eta gure bidaia atzerarazi egiten zuten, apropos. Oztopo latzak jartzen zizkiguten beti, gure sufrimendua areagotzeko lan egiten zuten». Ondo gogoan ditu Bengoetxeak Cadizeko kartzelaraino joan eta bisitarik gabe geratzen ziren senideen malkoak. «Baina, hala ere, inork ez zuen esaten hurrengoan ez zela bisitan joango. Alderantziz, autobusera igo eta ‘ea hurrengo asteburuan bisita izateko zortea dugun’, esan eta aurrera. Harrigarria da senideen eta lagunen indarra». 80ko hamarkada hartan, asteburuak mugituak ziren Bengoetxea Autobusak enpresan. Autobus bat Puerto de Santa Mariara, autobus bat edo bi Herrera de la Manchara, beste bat Alcalara, beste bat Carabanchelera eta bosgarrena, Aranjuez eta Ocañara. Batzuetan seigarren autobus bat ere abiatzen zen Caceres eta Badajoz aldera. «Ohikoa zen asteburuero bost autobus ateratzea kartzeletara. Garai hartan Bengoetxeak ez zituen hainbeste autobus eta beste enpresa batzuei alokatzen genizkien. Beti ez zen erraza, baziren bidaia horietarako autobusak alokatu nahi ez zituzten enpresak. Baina handik edo hemendik, lortzen genituen». Bi urtez segidan asteburuero egin zuen Cadizerako bidaia Ander Bengoetxeak. Gero erreleboa pasatu zien enpresako beste gidari batzuei. «Beti zaindu izan dugu zein gidari bidali bidaia horietara. Garbi esaten genien nola egin bidaia, zer egin behar zuten eta zer ez. Bidaia bereziak dira, helmuga berezia da, bidaiariak egoera sentibera bizi dute eta hori guztia zaindu egin behar da. Bidaiariak fisikoki eta emozionalki zaindu behar dira eta horrela helarazi diegu beti gure gidariei». Telefonoz mehatxu larriak Bidea ez da samurra izan, luzea bezain neketsua. «Guk enpresan telefono deiak jaso izan ditugu, mehatxu larriak. Kartzeletara autobusik ez eramateko eskatu digute eta mehatxu egin digute, abiatuz gero, ez ginela iritsiko. Bidean hilko ginela egin digute mehatxu, bulegora bertara deituz». Telefono deiak baino lehen bestelako erasoak jasotakoak ziren autobusak eta bidaiariak. «Madrila bidean, Buitragon, harriekin eraso egin ziguten zortzi bat aldiz. Autobusaren aurreko kristala puskatzen ziguten harrikadaka, beti toki berean. Somosierratik jaisten, ehun kilometroko abiadan, oso arriskutsuak dira harrikada horiek. Beti ordu berean pasatzen ginen Buitragotik, gaueko ordu bata eta laurdenean, eta erasotzaileek bazekiten. Justu Buitragon Guardia Zibilaren kuartela dago eta gaueko txandakoek bazeukaten gure berri». Bidaiak gogorrak ziren eta, gainera, telefono bidezko mehatxuak ere iritsi ziren enpresara. «Nik gidariei aipatu nien mehatxuak zeudela, jakin beharra zeukaten. Beldurtu egin ziren eta erabaki zuten pixka batean ez bidaiatzea. Ulergarria zen, beldurra pasatzen zuten bidaietan, baina nik erabaki nuen nik egingo nuela Puertorako bidaia. Lagun bat etorri zen nire ondoan. Ez zuen gidatzen, baina lagundu egin zidan». Garai batean ez zegoen takograforik eta gidaria txandakatu beharrik. Gaur egun horrelako bidaia luze batean derrigorrez bi gidarik joan behar dute, hiru ordu eta erdira txandakatzeko. «Gauzak asko aldatu dira, baita errepideak ere. Pentsa, gu Tolosa erdi-erditik pasatzen ginen, ez zegoen errai bikotzeko errepiderik. Neguan zenbat denbora Somosierran elurrarekin geldirik, kateak jarri, kateak kendu... Aberiak izan ditugu, autobusak alokatu behar izan ditugu bueltatzeko, basurderen bat agertu zaigu errepide erdian... baina istripu larririk, zorionez, ez dugu izan». Autobusa etxe bihurtuta «Bidaia gogorra zen gidari bakarrak egiteko, neketsua. Baina, era berean, oso bidaia berezia zen. Nik ilusioz egiten nuen. Jakitun nintzen zein garrantzitsua zen autobus hori senide askorentzat, adineko guraso horiek... oso giro ona zegoen, jendeak asko zaintzen zintuen. Bizipen asko biltzen ziren autobus hartan». «Normalean jende bera joaten zen bisitan. Hasierako urteetan, emaztea, neska laguna, ama... gehienak emakumeak. Garbi ikusten zen zaintza zeinek egiten zuen. Gero hasi ziren lagunak joaten, jende gazte gehiago, haurrak... Baina hasieran familia joaten zen nagusiki, lagunek ezin zuten joan. Hasierako bidaia horiek oso emozionalak izan ziren, oso bereziak. Autobusa etxea bihurtzen da, babestuta zauden tokia, elkar zaintzeko tokia. Hori guztia sumatzen zen. Etxetik ateratzerakoan bazekiten bidaia luzea eta gogorra izango zela, baina preso zegoen etxekoa ikusiko zutela jakiteak samurtzen zien bidaia. Horrekin nahikoa zuten. Buelta latzagoa izaten zen, tristeagoa. Negar asko entzun dut autobusean, asko». Aipatu bezala, gidariek tarte batean atseden hartu zuten, mehatxuak eta erasoak tarteko. Bigarren asteburuz segidan abiatu zen Puertora Ander Bengoetxea, bigarren horretan beste gidari batekin. «Gainontzeko gidariek oraindik ez zuten hasi nahi berriz kartzeletara joaten, baina gidarietako batek esan zidan bera nirekin etorriko zela, ez zeukala beldurrik». Ondo gogoan du Boceguillaseko zerbitzugunean kafe bat hartzen ari zela, nola bi ezezagun gerturatu zitzaizkion. «Autobuseko gidaria ote nintzen galdetu zidaten eta nik baietz. Lasai egoteko esan zidaten, beraiek aurretik zihoazela auto batean eta autobusaren atzetik beste auto bat zetorrela, guri bidaian laguntzeko. Ez dakit nor ziren, baina izugarri eskertu nien babesa. Borondatez joan ziren senideen autobusa babestera. Sekulako elkartasuna erakutsi ziguten». Asteburuero zerbitzugune berak, taberna berak, geldialdi berak. «Askotan aipatzen ziguten zerbitzuguneetako langileek –asko politikoki oso urrun daudenak–, miresgarria iruditzen zitzaiela erakusten genuen elkartasuna, ez genuela inoiz hutsik egiten». Erabaki politikoak tarteko, dispertsioa mugitzen joan da hamarkada hauetan eta horren arabera joan dira aldatzen autobusaren ibilbideak. Azkenera arte, duela hilabete batzuk arte, iraun duena Puertorako autobusa izan da. Azken urteotan, Algeciraseko kartzelaraino joaten zen autobus hori. Andaluziako kartzeletaraino joaten zen autobusari ohatzeak jartzea aurrerapen handia izan zela gogoratzen du Ander Bengoetxeak. «Puertoko bidaian ohatzeak jarri genituen, duela 25-30 urte. Sekulako hobekuntza izan zen. Oso desberdina da bidaia luze hori eserita egitea edo parte bat, behintzat, etzanda. Gogoratzen naiz hasieran bidaiari batzuek ez zutela etzan nahi, arraroa egiten zitzaien, ez ziren fio. Baina behin probatuta, mesede handia egiten ziela esaten zuten, nahiz eta lo askorik ez egin, pixka bat atseden hartzea lortzen zutela». Unerik latzena Une latzak asko izan dira. Horietan latzena moduan jaso du Ander Bengoetxearen memoriak 1989ko maiatzean Alcala Mecon gertatutakoa. 1989ko maiatzaren 28ko “Egin” egunkariak jaso zuen albistea. Zenbait polizia sindikatuk manifestazioa deitu zuten bezperan –euskal presoen senideen bisita egunarekin bat eginez– «ETAko presoen pribilegioak» salatzeko. Hamarnaka pertsona elkartu ziren deialdira, tartean polizia ugari, espetxeetako funtzionarioak eta batzuen eta besteen emazteak. Manifestariek gogor eraso zioten tamaina handiko harriak jaurtiz senideen autobusari, horiek barruan zirela. Autobusa birrindu egin zuten eta zaurituak eragin zituzten. Berez manifestazioa kontrolatzera joandako poliziek ez zuten ezer egin erasoa eragozteko. «Ni Puerton nengoen, autobusarekin gidari. Irratian entzun genuen Alcalan autobus bati eraso ziotela. Harremanetan jarri ginen berehala. Gidaria maletategian zegoen lo senideak bisitan zeuden bitartean. Lehen horrela egiten genuen. Gidariak oihuak eta harrikadak entzuten zituen, baina ez zen mugitu ere egin, ez zekien zer gertatzen ari zen kanpoaldean. Erasoa bukatuta, maletategia zabaldu zuten senideek zaurituak artatzeko zerbaiten bila eta han topatu zuten gidaria, beldurrak jota. Gerora tratamendu psikologikoa behar izan zuen». Autobusaren kristal guztiak hautsi zituzten. Garaiko “Egin”-en Teresa Toda kazetariak kontatu zuenez, manifestari batzuek autobusari su emateko asmoa ere agertu zuten, bidaiariak barruan zeudela. «Puertotik bueltan Boceguillasen geratu ginen, han egin genuen Alcalako autobusekoekin hitzordua. Autobusa bertan utzi genuen, han zeukaten garaje handi batean, eta bidaiari guztiak autobus bakarrean ekarri genituen Euskal Herrira. Sekulako triskantza izan zen. Inoiz izan dugun sustorik latzena izan zen, gaizki pasatu genuen, ikara handia. Baina hurrengo asteburuan berriz joan ginen». Ez zuten inor epaitu edo zigortu eraso hargatik, nahiz eta erasotzaileak egun argiz eta aurpegia erakutsiz aritu ziren. Bidaia gozoagoak ere izan dira, presoren bat etxera bueltan ekarri duenean kasu. «Hiru preso ekarri ditut etxera autobusean, Tolosako bat eta bi donostiar. Oso bidaia hunkigarriak izan dira. Herrira iritsi autobusean eta denak zain... sekulakoa. Gogoan dut preso egondako donostiar bat zetorrela autobusean eta esan zigutela Bulebarrera sartzeko, han zituela denak zain. Eta iritsi baino lehentxeago, nigana etorri eta autobusa lehenago geratzeko eskatu zidan, ez zuela jendetza haren aurrean jaitsi nahi autobusetik. Ama eta emaztea errietaka, denak zain zituela esanez... A zer momentua. Oso kontentu egin zuen bidaia osoa baina, azken unean, sekulako bertigoa sentitu zuen. Ulertzekoa ere bada. Azkenean Bulebarrean jaitsi zen». «Bagenekien non sartzen ginen» Gazitik eta gozotik izan du duela 43 urte Bengoetxea Autobusak enpresak hartutako erabakiak. Gozotik, bidegabekeria sufritzen dutenen alboan egoteak ematen duen epeltasunetik eta bizitako guztiagatik. Gazitik, erabaki horrek familia enpresari kalte bat ekarri diolako. «Gu kontziente gara urte askoan Euskal Herriko sektore batzuek ez gaituztela inoiz kontratatu, ez dutela gure zerbitzurik kontratatu, kartzeletako bidaia horiek egin ditugulako. Udaletxe eta erakunde askotan betoa jarri digute. Guk bagenekien non sartu ginen eta bagenekien gure erabakiak ondorioak izango zituela enpresan. Baina, era berean, garbi genuen zer egin behar genuen. Azken urteetan pixka bat samurtu da kontua eta gero eta jende gehiago gerturatzen da gugana, gure enpresa kontratatzera». Hasperena. Isiltasuna. Elkarrizketa geratu egin behar izan dugu tarteka, Ander Bengoetxeari kostatu egin zaiolako malkoei eustea. «Hainbeste urte eta inoiz ez nuen honi buruz hain luze hitz egin. Bizipen asko dauzkat barruan gordeta, batzuk politak eta beste batzuk ez hainbeste. Baina garbi daukat berriz egingo nukeela egindako guztia». «Telefono deiak jaso izan ditugu, mehatxu larriak. Kartzeletara autobusik ez eramateko eskatu digute eta mehatxu egin digute, abiatuz gero, ez ginela iritsiko, bidean hilko ginela» «Normalean jende bera joaten zen bisitan. Hasierako urteetan, emaztea, neska laguna, ama... gehienak emakumeak. Garbi ikusten zen zaintza zeinek egiten zuen»