GAUR8 - mila leiho zabalik

Hamar urte geroago, saltsa poxi bat eta ekarpen batzuk


Astea urteurren batek markatu du, Aieteko Adierazpenaren hamargarrenak: ETAk borroka armatuaren akabera aldarrikatu zuela hamar urte. Saltsa egon da, bai. «Otegiren hitzak» albistegietan, zalapartak eta zahar usaineko erretolikak haizean. Hala ere, egon da adierazpen hori baino gauza inportanteago bat. Asko harritu eta oso gustura utzi nauena.

Hamar urte igaro eta gero, ez da izan liturgian egindako ospakizunik, egutegian data biribila tokatzen zelako, espedientea konplitzeko. Gauza asko kontatu dira, produkzio komunikatibo oparoa ikusi da, pentsamendu kondentsatua nazioartetik, testu oso onak; eta hori guzti hori, aurreikuspen guztien kontra. Ze batzuetan ematen du Aietera bueltatzeak nagia ematen zuela, kontatu ez dena jada kontatzerik ez dagoela, nobedadeak gutxi, transzendentzia apurra eta harro egoteko motibo eskasak zeudela. Oin puntetan gainetik pasatzeko gaia balitz bezala. Ez da erre egiten duela, baina bai bazegoela gai oso erabilia zelako ustea, batzuentzat enpatxagarria zela, are beti berdin genbiltzala: alde batek keinuak eta ekarpenak, beti ematen; eta besteak bueltan ezer ez, mespretxuak eta azterketa moralak pasatzeko deialdiekin beti.

Poztu nau landu den ikuspegiak, gustatu zait egin den lana. Inpaktua izan duten erabakiak eta produktuak egon dira, ekarpenak, bizitza propio bat hartu duten gauzak. Hamar urte igaro eta gero, kontatzeko asko dagoela erakutsi da, pedalei ematen segitu behar dela. Autopistak baino gehiago lokatza eta gurdibideak egongo diren arren, eman, eta eman, eta eman egin beharko zaiola. Maratoi batean geundela pentsatu eta helmugan ironman batean gaudela ohartuko garelako, oraindik igeri luze eta pedalkada askoren faltan. Asko eman du asteak, bai; eta pedagogia horrekin geratzen naiz ni: eman, eta eman, eta eman. Ondo, oso ondo.

Otegik eta Rodrigezek Aieten, solemneki, hitzez adierazi dituzten ideiak ekarpen bezala ikusten ditut, pedagogia horretan –eman, eta eman, eta eman–. Gero, betiko demontrea dago: esan dituzten hitzak eta esandakoaren esanahiaz besteen hitzak. Albistegi eta egunkari bete hitz, hitzak hiztegi eta purrustak purrustategi. Gauza asko esan dituzte, baina batek bereganatu du atentzio osoa: ETAren biktimei zuzenduriko mezuak. Inorekin trukean aritzeko ez diren hitzak, analisi eta konbentzimendu propio batetik ahoskaturikoak. Esateko errazak ez diren hitzak, esan beharrekoak. Esateko kuraia behar duten hitzak, argitasuna.

Hitzok astinaldi moduko bat probokatu eta erretratu bat utzi digute. Batzuk pozik eta besteak haserre, baina egon da ere beste ezinegon bat, etxe barrukoa. Sentitua eta ulergarria batzuetan, antzeztua eta itxuratia bestetan. Traiektoria batzuentzat ez dira hitz errazak eta sarraskijale politikoentzat bazka erraza dira. Maila batean ulergarria da ezinegona, baina horrek ez du, inolaz, sinesgarria egiten.

Ekarpen bat dira niretzako. Gainera, arrastoa uzten duen seinalea, etorriko diren plater berrien aurreko zizka-mizka. Betoz. Flashak eta ekarpenak ez daitezela gai horretara mugatu. Pedagogia zabal dadila euskal mundura, banatu dadila jokoa gure herrian, hedadura handienean. Ez dugulako lotsarik nor garen, zer garen aitortzeko; horregatik utzi behar zaio molusku izateari, porrotez porrot munduan azkenak sentituta bertan gozo oskolean gordeta egoteari. Hor kanpoan daukagu herria, zain, gurekin uste duguna baino pozikago. •