GAUR8 - mila leiho zabalik

Lagunartea


Lehen bizitza ez zitzaigun kabitzen agendako orrialdeetan. Hartzen dut tiraderaren zokoan ahaztuta gelditu zen agenda lodi horietako bat eskuetan eta zorabio halako bat sentitzen dut hango anabasaren aurrean. Hitzorduak daude, bilera lekuak, telefonoak, elkarrizketatu beharreko norbaiti buruzko ohartarazpenak eta galderak, bidean autoa gidatzen nindoala letra baldarrez idatzitako burutazioak. Sentipena dut, ordea, lana eta lagunartea nahastu egiten nituela.

Orain bizitza soziala eta lagunartea Laboraleko egutegi txiki batean kabitzen zaizkit. Ordenagailuaren ondoan daukat eta aspaldi honetan, urte eta erdi bai, ia-ia hutsik ikusten nuen, ez hitzordu eta ez zirriborro, eta bizitzari muzin eginda bizi nintzela sentitzen nuen, barne bizitza gehiegi eta lagunarterik batere gabe.

Kolpetik oreka berregiten hasi dela ikus dezaket. Gaur bertan euskal sortzaileen elkarte berri baten aurkezpena dugu Sanagustinen. Datorren aste honetan lagunarteko sardina jana baserrian. Hurrengoan alabak jotzen duen talde baten kontzertua Bilboko Kafe Antzokian. Hurrengoan manifa Bilbon. Laugarren astean bazkari bat daukat apuntatuta Asteasun, trikitiaren inguruan hitz-aspertu bat egiteko, eta semeari Euskaltzaindiak atera dion liburu baten aurkezpena ere ikusten dut zirriborroen artean. Luis Cañasen Amaren upategira bisita dugu segidan eta Durangoko Azokaren lehen egunean alabak jotzen duen beste talde baten diskoaren aurkezpena Ahotsenean. Zirriborro eta ohar horiek lagunartea badudan sentipena ematen didate.

Bizitzan gauzarik zailenetakoa da lagunartearen eta barne bizitzaren arteko oreka hori. Badu Roland Barthesek “Comment vivre ensemble” (Nola elkarrekin bizi) izeneko liburu bat gaiaz. Anakoreta bakartien eta fraide komunitateen bizimoduaz azterketa harrigarria egiten du, baina bakoitzak bere formula aurkitu behar du. Batzuon kasuan literaturak elikatzen du barne bizitza, beste askori musikak edo arteak. Eta badirudi gastronomiak elikatzen digula lagunartea. Baina kontzeptu lausoak dira, gertatu izan baitzait upategi edo sagardotegi batera joan eta hirugarren tragotik aurrera barne bizitzaren susperraldi izugarri bat sentitzea ere. •