GAUR8 - mila leiho zabalik

azokatik edo azokara?


Rol argazki agentzia 1904an sortu zen, Marcel Rolen eskutik. Hasieran, kirol argazkigintzan espezializatu zen, baina aldizkarien eta egunkarien eskaerak zirela-eta, oso azkar zabaldu zen argazkigintza dokumentalaren beste arlo batzuetara. Bere irudiekin I. Mundu Gerra eta beste gatazka batzuk ilustratu zituzten eta, era berean, interesa izan zuten garraioan eta merkataritza jardueran. Oso gutxitan bidaltzen zituzten korrespontsalak beste herrialde batzuetara, baina salbuespen batzuk izan ziren, hala nola Palestina edo Siria. Beste agentzia batzuetan bezala, tokiko argazkilariekin harremanetan jarri eta lan egiten zuten. Artikulu hau ilustratzen duen irudia, Rol agentziak sinatua, 1925ean egina da, negatiboa 13 x 18 cm-ko beirazko plaka bat da. Argazkian dagoen erreferentziagatik badakigu Ipar Euskal Herriko lekuren bat dela. Astoak zakuz beteta daramatzan emakumea baliteke azokatik etortzea edo hara joatea, eta haren ondoan beste emakume bat, saski batekin, norabide berean doa. Zakuek «Bayonne» inskripzioa daukate.