GAUR8 - mila leiho zabalik

Jolastu, irribarre egin eta borrokatu


Asmamena zorroztu beharreko garaiotan, DBH4ko ikasleak agurtzeko grabatutako bideoa iritsi zait. Grabazioan, hezitzaile talde batek beren ikasleei desio on sorta bat eskaintzen die hastera doazen aldi berrirako.

«Ez zaituztegu ahaztuko», «jarraitu jator»; bizitako hainbat pasadizoren aipuak, hau eta beste, eta hainbat komeriaren artean, atentzioa eman zigun hezitzaile baten mezuak: «… eta izan zaitezte pixka bat errebelde, pixka bat bada ere!».

Gogoeta sorrarazi zidan: zenbat espazio uzten edo sortzen ote dugu heziguneetan errebeldiarako?

Zintzoak izate aldera, Hezkuntza proiektuetan hitz larriekin idatzita dugun bezala ikasle kritikoak, ekintzaileak, sortzaileak, arduratsuak, autonomoak eta beren buruen jabeak hezi behar baditugu, nola arraio egingo dugu jendarte eta, ondorioz, hezkuntza sistema zurrun, kapitalista, segregatzaile, baztertzaile eta heteropatriarkal honek ezartzen dizkigun harresi sendo horien barruan ito beharrean bagaude, ez baditugu artesiak bilatzen argia eta airea sar daitezen gure heziguneetan?

Dagoeneko batek baino gehiagok pentsatu du hori politika egitea dela… zenbat denbora ote daramagu eskolan ez dela politikarik egin behar pentsatzen eta praktikatzen. Izan ere, zeinen gaizki ikusia dagoen politika hezkuntzan!

Nora Salbotx Alegriak, argitaratu duen “Askatu ala moztu. Hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak” liburuaren harira, zera dio, ordea: «Hezkuntza ez da batere aseptikoa, guztiz politikoa den eremu bat da, eta estatuek bezala herriek ere jakin dute hezkuntzak beren garapenean zer garrantzi duen ikusten; transmisio kulturalean, hezkuntzarenean eta balioenean».

Politika heziguneetatik kanpo utzi genuen, aspaldi. Eta, akaso, hezkuntza eta heziguneak apolitikoak bilakatzeko ariketa ia ezinezkoan esanahiz hustu dugu heziketa bera, ukatua den eta hizkuntza gutxitua duen herri batean pertsona libreak eta jendarte justuagoak nola eraiki asmatu ezinik gabiltzalarik.

Oinharri eskolak antolatutako «Haurren heziketa eta prestakuntza politikoa. Nazioarteko eta bertako esperientzien trukaketa» mahai-inguruan parte hartzea egokitu zitzaidan. Han, El Maizal (Venezuela) komunako hezkuntza arduradun batek azaldu zuen zergatik diren garrantzitsuak heziketa eta prestakuntza herria modu egokian antolatzeko. Komunako haurren heziketan pentsatuz eta komunaren balioek jarraipena izan dezaten, haurrei zuzendutako prestakuntza politikorako eskola sortu zuten. Ondoren, herri heziketarako eskola bilakatu zen. Helburu estrategikoa komuneroen seme-alabak komunako batasunaren garrantziaz ohartzea eta proiektuarekin konpromisoa hartu eta komuneroen borrokan aritzeko gaitasuna izatea da. Ezaguera teknikoak eta zientifikoak eskuratu eta gizarte kapitalistaren printzipioen kontrako jarrera duten ikasleak hezi nahi dituzte. Kezka, erakundeetatik zetorkien eredu pedagogikoa nola aldatu zen.

Jolastuz ikasten dute haurrek. Haien irribarrea da hezitzaileok jaso dezakegun saririk ederrena. Eta zein balioren alde borrokatu irakatsiko bagenie?

Horra gure tiroa ilargira, ikasleentzat eta geuretzat ere, urte berrirako desioa: izan gaitezen pixka bat errebelde, pixka bat bada ere. •