GAUR8 - mila leiho zabalik
Zaintza lanak pandemian
Entrevue
CYNTHIA LUZ BURGUEÑO
IDAZLE FEMINISTA

«Badago emakumeak bai produkzioan bai erreprodukzioan langile klaseko eta ezinbesteko parte diren kontzientzia»

Ia urte biko pandemiak ageriago jarri du zaintza lanen feminizazioa, arrazializazioa eta prekarizazioa. Erruz idatzi du Cynthia Luz Burgueñok horretaz, eta horretaz mintzo da elkarrizketa honetan.


Langile prekarizatu gisa aurkeztu du bere burua Cynthia Luz Burgueñok. Langile klaseko familia argentinar batetik dator. Kataluniara joan zen zenbait kausa direla-eta, batez ere proiektu militante bategatik. Historia ikasi eta frankismo garaiko langile klasearen gaineko doktoretza egin zuen. «Argentinan oraindik doako unibertsitaterako eskubidea daukagu, eta ez da zerutik etorritako eskubidea, baizik eta ikasle mugimenduaren greba eta borrokekin hamarkadatan lortua», dio, eta ikasketak egin zituen aldi berean lan egiten zuela.

Gaur egun hezkuntza langile azpikontratatua da, eskolaz kanpoko jardueretan, aisialdikoetan eta errefortzu eskolak ematen aritzen da. «Ez zait gustatzen genero eta klase arteko erlazioaz hitz egitea mundu horretatik aldendutako ikuspuntu batetik. Asko idatzi dut langile klasearen gainean, baina ez leku arrotz edo urrun batetik, langile klasearen parte naizelako».

Haren ikerketa guztiek, langile klasearen historiatik genero eta klase arteko erlaziora, lanaren feminizazioa eta emakume langileen grebak eta borrokak dituzte gaitzat.

Nabarmena dirudi pandemiak zaintza lanen garrantzia ageriago utzi duela, eta lan horiek emakumeen ardura direla.

Bai horixe. Pandemiak bi kontu bistaratu ditu, nire ustez genero eta klase arteko elkargunearen eztabaida eguneratu egiten dutenak. Lehenik, argi eta garbi utzi duelako zein diren ezinbestekoak. Kapitalistak ezinbestekoez hitz egiten hasi ziren, lehenengo lerrokoez, pandemian erabiltzen hasi ziren terminologian esanda, eta oso argi geratu zen ezinbestekoak langile klasekoak direla. Argi geratu zen, era berean, langile klase hori ez dela buzo urdinekoa, gaur egun oso desberdina baita eta, batez ere, oso feminizatua. Mundu mailan langile klasearen %50 emakumeak dira. Halaber, arrazializatua da, belaunaldi artekoa... Pandemiak hori bistaratu du, ezinbestekoak direla osasun langileak, supermerkatuetakoak, zahar etxeetakoak… kapitalismoak beti gutxietsi dituen lan horiek guztiak egiten dituztenak. Garbiketa sektorea, esate baterako, ikusezina da, inork ikusten ez dituenean sartu behar dute lanera eta atzeko atetik irten. Gutxietsiak izan dira historian, eta sistema kapitalistak sistema patriarkala behar izan zuen desparekotasun horietan oinarritu eta sektore horiei esplotazio handiagoa ezarri ahal izateko.

Erreprodukzio lanei dagokienez, pandemiak erakutsi du ezinbesteko horiek produkzio eta erreprodukzio lanak egiten dituztela, modu gordinean erakutsi ere. Eskolak itxi eta langile familietako haurrek konfinatu behar izan zuten momentutik, pentsa zer bizi prekaritate maila ekarri zieten emakume gehienei zaintza lanek. Lan bikoitz hori, esplotazio bikoitz hori, ordainik gabeko lana, eta kapitalismoaren funtzionamendurako lan estrategikoa da.

Erreprodukzio lanak, mugimendu feministako hainbat emakumeren azterketaren arabera, ez dira etxeko lanak bakarrik, nahiz horiek ere badiren eta emakume langileen denbora garrantzitsua hartzen duten, baizik eta baita erreprodukzioaren adar batzuk ere, lan ordaindua bihurtu zirenak.

Langile horien grebak ikusten ari gara azkenaldion, Katalunian hasi ziren antolatzen, orain Madrilen... Mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten langileek etxez etxeko lana egiten dute eta udalek azpikontratatuta daude, baina soldata eta baldintza ezin eskasagoak dituzte eta erreprodukzio lantzat jotzen dena egiten dute, zaintza lana baita. Haietako asko pobrezia egoeran eta baldintza penagarrietan bizi dira.

Emakumeek oro har eta bereziki emakume langileek horren guztiaren kontzientzia handiagoa dute pandemia aurretik baino?

Bai. Pandemiak nabarmen utzi zituen gizarte zerbitzuetako murrizketak, mendekotasun lanen arloetako aurrekontuen murrizketak; osasun krisiak pertsona nagusien zaurgarritasun egoera agerian jarri zuen zerbitzu horren pribatizazioaren ondoren. Horrek zahar egoitzen jabeen poltsikoak bete eta langileak ikaragarri prekarizatu zituen, Euskal Herriko egoitzetako langileek eta beste leku batzuetakoek ederki ikusarazi duten bezala.

Funtsezko kontu bat ere geratu zen agerian zerbitzu sozialen murrizketa horrekin, 0 eta 3 urte bitarteko hezkuntzaren falta, doakoa eta unibertsala izan beharko lukeena, zerbitzu sozial askoz hedatuagoa izan behar lukeena eta ez erdi pribatua. Zaintza lana jasan ezinezko lan bihurtu zen langile familientzat, zama bikoitz horrekin, egiturazko arazoa baita. 60 eta 70eko hamarkadetatik fabrikek haurtzaindegia izan behar zutela zioten emakumeen aldarrikapen askok, eta oraindik hori ez da gauzatu: pandemiak modu gordinean bistaratu du.

Zaintza lan horiek lan indarraren erreprodukziorako beharrezkoak dira, kapitalaren produkzioaren funtsezko sostengu horretarako. Badaude teoria batzuk erreprodukzioa eta produkzioa sistema bereiziak balira bezala aztertzen dituztenak, eta nire ustez ez diote erreparatzen gero eta lotura zuzenagoak daudela etxeko lanaren eta lan esplotazioaren artean. Zaintza lanak ez dira arlo pribatu batekoak bakarrik, eta pandemian ikusi da ostalaritzan, adibidez, zaintzarekin lotura duten lan ordainduak jasanezinak gertatu direla zama bikoitz hori jasan behar izan duten emakume langileentzat.

Indarkeria matxistaz, zer esango dugu? Pandemia baino lehen ere emakume batek ezin zuen bere etxeko tratu txarren egoera batetik askatu bere egoera ekonomikoa zela-eta. Bada, pentsa pandemian.

Oraindik ez dago esaterik, ezta hurrik eman ere, pandemia laster igaroko dela; edonola ere, haren ondoren, lehengora itzuliko gara?

Nire ustez, ez. Kapitalistentzat hau aho biko arma da. Hemen ezinbestekoak daude, kapitalismoak funtzionatzeko lan horiek duten garrantzi estrategikoa erakusten ari dira, eta egoerak langile klaseko sektore asko kontzientziatu ditu, esaten dutenak: «Ezinbestekoak bagara, lan hitzarmen hobeak merezi ditugu, soldata hobeak, ezin diogu prekaritate, pobrezia eta esplotazio egoera honi eutsi».

Pandemia baino lehen ere langile klaseko sektore esplotatu eta feminizatu asko antolatu eta kalera irten ziren, ez bakarrik borroka eta greba prozesuetan, baizik eta antolakuntza prozesuetan, hala nola Euskal Herriko egoitzetako langileak. Itzela izan zen hura. Horiek pandemia baino lehenago hasi ziren borrokan, eta lorpen garrantzitsuak izan zituzten, batez ere euren buruaren aitortza emakume langile gisa, emakumeak izateagatik ezin antola daitezkeelako estigmari eta emakumea eta langilea izateagatik jasaten duten zapalketa bikoitzari aurre egin diezaieketela erakutsita.

Kelly-en borroka ere hor dago. Hotelak garbitzen dituzten zerbitzarien %95 bota egin zituzten pandemian, eta haietako askok, gehienak immigranteak, langabeziarako eskubiderik ere ez zutenez, gosearen ilaretan amaitu zuten, lanik gabe. Leku askotan osasungintzako langileak astero ateratzen dira ospitaleetako ateetan manifestatzera.

Borroka eta autoantolakuntza prozesu asko pandemia baino lehen agertu ziren, pandemian zehar ere agertu dira eta orain modu hedatuagoan agertzen ari dira. Ikusi berri dugu Cadizko greba handia, ikusi genuen Tubacexekoa, Euskal Herriko greba mugimendua, Kataluniako zerbitzu publikoetako sektorerik prekarizatuena...

Ni asko hunkitu ninduen Bizkaiko kontserba langileen grebak, horregatik idatzi nuen haien gaineko artikulu bat. Sektore guztiz ezezaguna da, oso feminizatua, %60 emakumeak dira. Bizkaian 2.000 emakume eta 100 gizon dira, baina lana, hizkera patriarkalean esanda, gizonen lana da, eta lan baldintzak oso eskasak, enpresen eta mutualitateen arteko konplizitatearen mendekoak, lan esplotazioaren ondorioz izaten dituzten gaixotasunak onartu gabe. Emakume horiek bistaratzen hasi dira, eta horiek ere ezinbestekotzat jo dituzte.

Lan mota guztietan emakumeek dituzte lan baldintza eskasenak?

Emakumezkoen lan ordaindua oso handia da ezinbesteko jarduerei dagokienez. Estatu espainoleko osasun jardueretako eta zerbitzu sozialetako langileen %77,5 emakumeak dira. Zaintza eta etxeko lanetan, %88,6. Ehunka mila, horietatik asko gizarte segurantzan afiliatuta, baina hala ez daudenen kopurua ikaragarria da. Estatu espainolean dagoen prekaritate maila itzela da: kontratu partzialak, soldata txikiak… Soldatarik txikienak jasotzen dituzten hiru pertsonatik bi emakumeak dira, eta %26ko soldata arrakala dago, Estatu espainolean lau kontratu partzialetik hiru emakumeek dituzte.

Hauek ez dira zenbakiak bakarrik, eta emakume langile gehienak kontziente dira. Gaur egun grebetan dituzten lan eskakizunei erreparatzen badiegu, euren erreibindikazioetan soldata arrakala, emakumezkoen baja eta abar aldarrikatzen dituzte, horregatik diot morez jantzitako grebak direla. Gehienak emakumeak dira, gutxien kobratzen dutenak, lanik txarrenak dutenak, gutxietsienak, hain lan beharrezko baina ikusezinetan ari direnak… hau da, badago emakumeak bai produkzioan bai erreprodukzioan langile klaseko parte diren eta ezinbesteko parte diren kontzientzia.

Kapitalismoak ordainik gabeko lana sistematik kanpokotzat jo izan du. Marxismoak ere ez du arazo hori nolabait alboratuta izan? Langile mugimenduak nahiko aintzat izan du emakumea? Eta gaur egun, zuk esan berri duzun moduan, langile klasearen %50 inguru zarete.

Marxismoaren barruan eztabaidak daude, eta estrategia desberdinak. Aspalditik, gerra zibiletik izan dira eztabaidak, emakumeek gerran izan zuten paperaz-eta, baina hain urrunera jo gabe, eztabaida historiko horrek jarraitzen du. Badago korronte erredukzionista bat, oso estalinizatua, multzo generoa gutxiesten duena, generoak klasea zatikatzen duela dioena.

Zuk, eta mugimendu feministan beste askok, intersekzionalitatea aldarrikatzen duzue, zapalketa guztien aurkako borroka, hierarkizatu gabe.

Horixe. Bi ikuspegi daude, eta nik feminista marxistatzat dut neure burua. Edonola ere, marxismoko klasiko handiek sekula ez zuten genero arazoa ukatu, ezta arrazismoarena ere; aitzitik, Marx, Engels, Inesa Armand, Rosa Luxemburg... eta beste emakume ugari daude genero eta klasearen arteko intersekzio horretaz idatzi dutenak, idatzi dugunak. Marxismoak, bere hasieratik, inoiz ez du esan generoak klasea banatzen duela. Beste kontu bat da klasea eta generoa bi kontu desberdin direla, eta identitateen batuketa klase arazoa gurutzatu gabe oso zabalduta dagoen ikuspegia da mugimendu feministan, batez ere korronte postmodernoei lotua. Gaur egungo egoeran, genero eta klasearen eztabaida gaurkotzen ari da; generoa, klasea eta arraza, langile klasea oso askotarikoa baita, arrazializatua...

Ez da eztabaida berria. Batzuek esaten zuten klase borrokak lehentasuna zuela eta iraultzaren ondoren ikusiko zela nola heldu emakumeen zapalketaren arazoari, baina hori ez da marxismoaren ikuspegia. Josefina Luzuriaga Martinezekin egin nuen liburuak [“Patriarcado y capitalismo. Feminismo, clase y diversidad”. Akal, 2019] eztabaida hori du ardatzetako bat; generoaren, klasearen eta dibertsitatearen arteko erlazioa; arraza dibertsitatea, sexu dibertsitatea, jakina. Izan ere, badira beren burua ezkerrekotzat aurkezten duten korronteak transexualak jazartzen dituztenak, edo pertsona trans, lesbiana eta abarren sexu dibertsitatea onartzen ez dutenak, eta horrek ez du inondik inora marxismoarekin zerikusirik, ezpada homosexualak jazartzen zituen estalinismoarekin, baina ez Leninen beraren idatziekin. Leninek zaintza lanen gaineko idatziak ditu; berak idatzi zuen, besteak beste, etxeko zaintza lanak ezin zirela emakumeen esklabotzarako lanak izan, eta ez zela mundu berririk izango harik eta emakumeek euren etxean esklabo izateari utzi arte. Hori da marxismoa.

Josefina Luzuriaga Martinezekin batera idatzi zenuen liburu horretan beste feminismo mota batez ere badiharduzu, feminismoak klase arazoarekin zerikusirik ez duela dioena, edo feminismo «erradikala» esaten dioten horretatik distantzia gorde nahi duena.

Eztabaida ugari dago, eta feminismo asko dago. Badago esandako korronte bat dibertsitate sexualak langile klasea zatitzen duen ideia atzerakoi hori bere egin duena, eta azken batean eskuinarekin bat egiten duena, nahiz eta errealitatearen aurkako korrontea den, errealitateak langile klase oso askotarikoa erakusten baitu, oso feminizatua, oso arrazializatua, erantzun bat eman behar zaiona, eta korronte horrek ezin dio horri erantzunik eman. Hori emakume gehienen arazorik funtsezkoenei bizkarra ematea da.

Eta badaude, beste alde batetik, feminismo neoliberalaren korronteak, klase arazoa genero arazotik bereizi nahi dutenak. Horiek diotenez, emakumeok berdintasuna lor dezakegu geure meritu indibidualen bitartez, emakume gisa ahaldunduz, emakume arteko sororitatea lortuz, klase arazoak askotan elkarren aurkako arloetan dauden emakume sektoreak erakusten dituela pentsatu gabe. Pandemian enpresa handietako emakumeak ondo aberastu dira. Munduko aberatsenen %1 horren barruan emakumeak ere badaude.

Gure liburuan, itu nagusia Ana Botin da. Horrek ez du zaintza lanetan jardun behar, ez du ospitaleak garbitzen jardun behar izan, eta haren senideek ospitalerik onenak izango zituzten, berak milioika euro irabazi ditu pandemian... Feminismo neoliberal horrek zalpalkuntzak, esplotazioak, arrazismoa, are herrialde inperialistetan dagoen arrazismoa ere, ukatzen ditu. Ana Botin lehen lerroan egon bada, bankuak salbatzeko egon da. Guk Ana Botinen bizitza beste Ana baten bizitzarekin alderatzen dugu, Kelly-etako beste Ana batenarekin, hain zuzen, hoteletako gelak garbitzen dituen boliviar horrenarekin, etxegabetu horrenarekin, indarkeria matxista jasan zuen horrenarekin. Kontrastatu egin behar da hori, eta beste bandoan badaudela emakumeak ikusi.

Estatuan, ezkerrekoa dela dioen Gobernu honen feminismo neoliberala da. Ezkerrekoa baina atzerritarren lege berari eusten dio, ez du bertan behera utzi lan erreforma, monarkia sostengatzen du... Ez da ezkerrekoa hori guztia egiten badu, emakume gehienok jasaten ditugun arazo larriak dira, nahiz eta feminismo neoliberal hori aurpegi aurrerakoia erakusten saiatzen den sarritan.