31 DéC. 2021 Kultura agertokietan Entrevue IKER ARRONIZ GASTEIZKO JIMMY JAZZ ARETOKO ARDURADUNA «Kontua ez da ostalaritza, edo musika edo kultura salbatzea, jendartea salbatzea baizik» Gogor kolpatu du pandemiak jendartea oro har; sektore batzuk areago, kultura kasu. Ia urte biko balantzea egin du Gasteizko Jimmy Jazz aretoko arduradunak. Xabier Izaga Iker Arronizek harreman estua du musikarekin eta beste kultura agerpen askorekin. Gasteizko Jimmy Jazz aretoko arduradun izanda, mundu horretako parte da. Kontzertuak ez ezik, era guztietako ekitaldiak antolatzen ditu Jimmy Jazzen: besteak beste, DJak, bakarrizketak, antzerki jarduerak, bertsolariak, haurrak musikara hurbiltzeko jarduerak, liburu aurkezpenak eta disko eta bideoklip grabaketak. Aretotik kanpo ere ekitaldi ugari antolatzen ditu hainbat entitaterekin elkarlanean, hala nola EHU Kultura egitasmo musikala, Euskararen Eguna, Gauart: elektronika eta artea Artiumekin, Belarrien Goxoko egitasmoa Oihaneder Euskararen Etxearekin, Birra Zuzenean Arabako artisau garagardoaren azoka... «Euskal Herriko kulturari lotutako marka bat» izateraino. Pandemiak dena gerarazi eta aldatu du, eta kulturaren munduak, sortzaileetatik aretoetaraino, egoerara moldatu behar izan du. Denbora horretan, Jimmy Jazzen helburu nagusia «aretoa humanizatzea» izan da. Bi urte hauek arraroak eta gogorrak izan dira. Jende pila batekin egiten ditugu gauzak. Batzuekin ez duzu ohiko harremanik; esate baterako, Aspace eta horrelako elkarteekin, baina gauzak egiteko eskatzen dizkigute. IKAkoek edo AEK-koek bezala, Udalaren beraren departamentuekin ere egiten ditugu… izaera sozialeko gauzak eskatzen dizkigute, eta horren guztiaren falta nabaritu da, nabaritzen da. Maiatzeko Poetak, Saharakoak… hori guztia. Pandemiarekin, egiaz gurea ez zen espazio bat hartu behar izan dugu. Parraleko kontzertuak, Gaztetxekoak eta abar desagertu zirenean, nolabait esateko erreferentzia txiki ez-profesionalizatu guztiak itxi zirenean, parte profesionalagoak bakarrik eman ziezaiokeen bidea, aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteengatik nahiz laguntzengatik, ahalmen ekonomikoagatik, berdin dit, araudiak gu ere moldarazi gintuen gauza txikiago horietara. Baina beste alde batetik natural samarra izan zen. Zuk zabal dezakezun gune bat duzu, eta momentu horretan ohiko lekuetan egiten uzten ez ziren gauza horiek har zitzakeenez... Horrek ere bizi pila bat eman digu bi urte hauetan. Nolabait herri mugimenduarekiko hurbiltasunak, elkartasunak, bizia eman digu, eta gauza pila bat egin dugu. Hori izan da alderik positiboena. Egoera triste batean. Itxialdiko hiru hilabete horien ostean, erresistentzia denbora horren ostean, oso garbi geneukan berreskuratu behar genuela aurreko jardun hori. Gizakiaren denboran oso denbora gutxi ematen zuten hiru hilabete horiek pentsa zer panorama utzi duten: leku itxiek, kultura eta jendarte topaketek, gaueko aisiak bat-batean ospe ezin txarragoa hartu zuten: arriskugarriak. Orduan, guk hasieratik, bai streaming bidez bai aurrez aurre, aretoak humanizatzeko helburua izan dugu; alegia, kontzertu, kultura, jendarte elkarretaratzeak azken batean, ezin ziren agertu zerbait txar eta arriskugarri bezala. Streamingarekin hasi ginen, baina ahal bezain laster 150 lagunentzako ekitaldiak egin genituen, DJak diskoak jartzen zituen bitartean jendeak eserita egon behar bazuen ere. Jendeak hona etorri eta protokolo batzuk eta segurtasuna bazeudela ikus zezan, eta hau birus bat dela, ez gerra bat. Egin ahal izan dituzuen gauzak egin dituzue lokalean, neurri zorrotzen artean. Besteak beste, talde batek kontzertu bat prestatu eta abesti bi sortu zituen bertan… Bai, Izaki Gardenak taldearekin egin genuen. Taldeek ezin zuten entseatu, eta zerbait egiteko tresna juridiko erridikuluak bilatu behar izan ditugu. Ekainean taldeek ezin zuten grabatu, baina Jimmy Jazzek ikuskizunetarako baimena duenez, telebista plato baten antzeko zerbait bihur zitekeen, talde batek lau egunez abesti horiek entseatzeko balia zezan, ondoren streaming bidez kontzertu bat egiteko. Eta egin dugu, sekulako lana eginda. Ez diogu araudiari buelta eman tranpa egiteko, egin daitekeelako baizik, erakusteko ez dela sortzen elkarren zaintza kontzeptuarekiko inongo kontraesanik, ez osasun arazorik. Jimmyn, lehen, 120-150 ekitaldi egiten genituen urtero, eta pandemian lortu dugu ia 100 egitea, inongo birus fokurik sortu gabe. Urriaren 7ra arte murrizketei estu eutsi ondoren, egun horretatik aurrera debekualdia guztiz bukatu zela eman zezakeen, sentsazio hori daukat nik. Ordura arte goizeko ordu bata zen muga, eta egun batetik bestera 6.00etara pasatu ginen, edukiera betean. Ezin daiteke pixka bat lasaiago egin, mailakatuago? Eta orain berriro... Pandemiaren kudeaketa ez da ona izan? Uste dut oso gaizki enfokatu dela, 2020ko ekainean etxetik ateratzen hasi ginenean, aurrekoaren arrastoa nabarmena zen: «Ez hurbildu horra, ikaragarri arriskugarria da». Eta ez dut uste inor gaiztoa denik, uste dut ezgai asko dagoela. Birusarekin Estatuan, eta Euskal Herrian, egon den diskurtsoa ez da ona izan, oso mingotsa, errudunak bilatzen zituena, jendarteko sektoreak eta portaerak errudun egiten, oso oinarrizkoa zen diskurtsoaren ordez: elkar lagundu dezagun, hau denon artean gerarazi behar dugu. Eta aldi berean, erantzukizuna instituzioena dela argi izanda, osasun sistema publikoaren arduradun direlako. Birusa zerk mugatu dezake? Osasun sistema indartsu batek, denei zerbitzua eman diezaiekeenak, eta esfortzuak, energia eta dirua behar dituena. Pasaporteak zuei eragin dizue bereziki. Pasaporteak ez dauka zentzurik heldu den momentuan. Populazioa txertatuta dago, horrekin txertatu gabeengan eragin nahi dute, eta oso gutxi dira horiek. Seigarren olatua ez da etorri ostalaritzagatik, ez kulturagatik, ez gaueko aisialdiagatik, ezta txertatuta ez daudenengatik ere. Hegoafrikan sortutako aldaera batengatik dator, planetaren %75 txertatu gabe dagoelako, eta horrelako gertaerak ditugula, ez dakit etxera itzuli behar den, gauzak mugatu behar diren... igual bai, baina betikoak ez, ostalaritza, gaueko aisia eta ekitaldiak. Pasaportea geuk eskatu behar dugu, gu arduratu, eta gure espazioetan baten bat pasaporterik gabe topatzen badute, isuna guretzat da. Hori ez da gure lana, jendartearentzat ez da ona eta osasun aldetik ez du ezer konpontzen. Ekainean beharbada beharrezkoagoa izango zen, txertaketa azkartzeko, baina orain… Nik arazo gehiago izan dut pasaportea zeukan jendearekin, errazagoa baita gure kontra protesta egitea. Nik pasaportea eskatzen ez badut, isuna jarriko didate, eta urriaren 7ra arte lanik egin gabe egon naiz. Barruan hainbat emozio dauzkagu barreiatuta. Egun batean pozik zaude, hurrengoan haserre gauza bat esaten dizunarekin edo kontrakoa esaten dizunarekin, horretara heldu gara. Ni ez naiz birologoa, ez medikua, ez politikaria, ez polizia; beraz, ez diezadatela horrelako fardelik pasatu, eta ezinbestean pasatzen badizkidate, ahalik ondoen egiten saiatuko naiz, baina ez dira nire marroiak. Hamaika aldaketa egin ditugu, hamaika protokolo, sarrerak saltzeko, dirua itzultzeko, izena eta telefonoak jartzeko, lan ikaragarria egiten dugu egoera hau pixka bat hobea izan dadin, eta hala ere nik hanka sartu dut inoiz, eta hurrengoan hobeto egiten saiatzen naiz, baina iruditzen zait beste aldekoek, erabakiak hartzen dituztenek, ez dutela jarrera bera. Eta ondorioak ez dira samurrak, nonbait. Bi urteren buruan, jostura guztiak ikusten dira: futbolak jarraitu egiten du, saskibaloiak berdin, merkataritza gune eta enpresa handiak… jende kontzentrazio handiak egoten dira, indartsuenek kontzertu handienak egiten dituzte; ondoren sekulako iskanbila sortu liteke, baina egin egingo dituzte. Azkenean ondoen aurrera egin eta beren zenbakiei eutsi ahal izan dietenak handienak izan dira, eta atzean enpresa ertain eta txiki deskapitalizatuen arrasto bat geratu da. Kultura ez da kapitalismoa bakarrik, egia da oso merkantilizatuta dagoela, dena bezala, baina egia da, era berean, oso gauza askotarikoa dela, oso behetik hasten dena, beti kultura underground esan izan zaion horretatik. Ingalaterran areto txiki eta ertainak nola desagertzen diren ikertu dute. Talde batek 80ko hamarkadan 15 urtean lortzen zuen jaialdi bateko burua izatea, eta gaur egun bandei 25 urte kostatzen zaizkie, kultura behetik sostengatzen duen ehun hori desagertzen ari delako. Horrek badu alde ekonomiko bat, egitura ekonomiko bideragarri bat behar du, baina beste alde batetik badu kooperazio eta militantzia alde bat… energia eta denbora pila bat. Eta hori desagertzen denean, egitura kapitalista bakarrik geratzen denean, kultura sufritzen hasten da, proiektu hasiberri politek, gizakiari hautatzea planteatzen diotenek, gauza entzuten zailek, musika berriek, musika kontzeptu berriek ez dute hor lekurik. Ekonomikoki funtzionatu behar duenak baino ez du funtzionatzen, fast food janak bezala, pentsamendu arinak bezala. Eta bi urte hauetan ikaragarri galdu da. Hain zuzen ere, balantze bat egiteko eskatu behar nizun. Alde ekonomikotik argi dago, penagarria da. Bi urte hauek bidean zeuden asko, lehen esan dudan salto hori egin nahian ari zirenak, harrapatu dituzte. Guztiak dira garrantzitsuak, baina erdiko horiei, belaunaldi berriei, proiektu berriei, undergroundetik profesionaltasunera bitarteko salto horretan daudenei, sekulako zartada eman die honek. Kulturaren prozesu horretan aizkorakada bat jotzen baduzu, galera ikaragarria da. Sektore horretatik kanpo jende asko gelditzen da; gainera, Euskal Herria hain txikia izanda… gutxi baikara, eta beste zerbait bilatu behar izan dute, batzuek beharbada betiko. Berez baldintza kaskarrak dituen sektorea da, gainera. Oso geldiune bortitza izan da, eta ez artistentzat bakarrik, enpresa txiki horientzat, banda bat edo bi izan eta diskoren bat editatzen dutenentzat… Euskal Herrian industria txikitxoa daukagu, eta horientzat sekulako jipoia izan da. Ahal bezala bizimodua atera behar izan dute, eta adibide argiena da teknikariena eta musikariena. Horietako askok beste lanbideren bat bilatu behar izan dute, alokairua ere ezin izateagatik ordaindu. Eta orain lehengora trantsizioa egitea ameskeria da. Sektoreak, adibidez aretoak, Euskal Herrian elkartuta daude duela 15 bat urtetik, artistak eta enpresak bezala. Sektorean zegoen azken eztabaida baldintzak duintzearen aldekoa zen, oso sektore ezegonkorra baita, udan lan asko egiten da, neguan oso gutxi... lan baldintzak duindu beharra aldarrikatzen ari zenean, bat-batean pandemia iritsi zen, eta grinatu egin zen sektorearekin, araudia harekin grinatu zelako; jakina, osasun egoera jendartearen harremanetan grinatu zelako. Eta bat-batean 15 urte atzera egin duzula konturatzen zara. Zure sektorearen egoerak, lan baldintzei dagokienez, hainbat urte atzera egin duela. Orain bakoitza ahal den moduan bizirik ateratzeko egoeran gaude. Errazen jartzen duenak eramango du lana, bere langileen lan baldintzak negargarriak izanda… Gainera, sektore honetara nolabait bokazioz iritsi garenez, artistak munduari zerbait kontatzeko asmoz eta sustatzaileok gogoko ditugun gauzak munduari erakusteko asmoz, ematen du ez dela beste edozein lanbide bezalakoa, eta gauza askoren mende zaude. Batzuetan atzera bota behar duzu kontzertua, lan guztia eginda dagoenean. Ikusten dituzu gazte asko, etorkizuna, ordezkoak izan behar zutenak, energia eta gogo handiarekin iristen, eta gora egiten ez badute, sektorea uzten dute, beti lan baldintzei lotutako egoera baten bila, egoera egonkorrago baten bila. Azken irekieraren ondoren, beldurra sumatu duzue? Bai, baina baita jendearen elkartasuna ere, eta adinaren arabera, gazteei beldur gutxiago nabari zaie. Aldi berean, hedatzen den diskurtsoak eragin handia izaten du gugan, bonbardatuta gaude. Gabonak baino lehen hasi ginen nabaritzen sarreren salmentak behera egin zuela, kontzertuak bertan behera gelditzen hasi ziren, jendea oso urduri dago.... eta emozionalki dena oso zaila da horren guztiaren ondorioz. Ederra litzateke aretoa itxi behar diguten bakoitzean baten batek esango baligu pixka bat lagunduko digutela, ez dut kopururik edo portzentajerik esango, jakina. Gabon zaharrean ekitaldiak bertan behera geldituko dira, jendeak prest dauka dena, eta inork ez du esan: lagunduko dizuegu. Enpatia pixka bat erakutsi gutxienez. Araudia gure bizkar betetzen ari dira. Honek guztiak alde positiboa ere baduela esan duzu. Bai, honek bere alde polita ere badu. Ni ikusita nago gogoko kontzertua ikustera joan den jendea negarrari emanda, eta ez bat, ez bi. Hasieran esaten zuten ez bezala, ez gara hobeak atera, baina gizatiarrak gara. Eta kontua ez da ostalaritza, edo musika edo kultura salbatzea, jendartea salbatzea baizik. «Kultura ez da kapitalismoa bakarrik, egia da oso merkantilizatuta dagoela, dena bezala, baina egia da, era berean, oso gauza askotarikoa dela, oso behetik hasten dena, beti kultura ‘underground’ esan izan zaion horretatik» «Lan ikaragarria egiten dugu egoera hau pixka bat hobea izan dadin; hala ere, nik hanka sartu dut inoiz, eta hurrengoan hobeto egiten saiatzen naiz, baina iruditzen zait beste aldekoek, erabakiak hartzen dituztenek, ez dutela jarrera bera»