GAUR8 - mila leiho zabalik

Zientzia eta pazientzia


Filosofian ezaguna da “gaizkiaren problema”: mundua zein ankerra den ikusita, zentzugabea da Jainko on eta ahalguztidun bat badenik sinestea. Jainkorik baldin bada, edo ez da ona –eta, beraz, berdin dio gure sufrimenduak–, edo ez da ahalguztiduna –eta, beraz, bai, inporta dio, baina ezin digu sufrikarioa arindu–. Gure agintariak pandemia-egoera nola kudeatzen ari diren ikusita, “deskalabruaren problema” planteatzen zait niri: zein trakets ari diren ikusita, edo ez dira gai gauzak ondo egiteko, edo ez dute gauzak ondo egiteko egin behar dena egin nahi. Agintari ezgauzak edo intentzio makurrekoak ditugu. Zuek atera kontuak.

Hau ez da gerra bat, eta helburua ez da inoiz izan birusari irabaztea. Helburua beti izan da birusaren ondorioak gure osasun-sistemak jasan dezakeen neurrira apaltzea. Bi gauza egin behar ziren hori lortzeko: birusaren ondorioak minimizatzeko neurriak hartu, eta osasun-sistema indartu. Guk, “txikiok”, egin dugu gurea: maskara, distantzia, aireztapena eta txertoa, altura hauetan badakigu zer egin behar dugun birusari hedatzea zailtzeko. Gizarteko banako ia denok bete ditugu neurriok –baita zentzugabetzat jo ditugun beste zenbait ere–. Une honetan, arazo nagusia ez da neurriak bete ez dituen ehuneko txiki hori. Hemen arazoa handiena da, eta handia da.

Ia bi urte igaro dira hau dena hasi zenetik, eta azken asteetan denok ikusi dugu nola ari den herrenka gure osasun-sistema: aztarnarien deiak astebete berandu iristen dira; herriko osasun-etxean ezer oso larririk izan ezean mesedez ez deitzeko esaten dizute; bi urte (BI URTE) daramatzagu herriko medikuari gure minak telefonoz azaltzen, hark telefonoz zer daukagun igartzen, botikak gure txartelean guri aurpegirik ikusi gabe sartzen. Bi urte izan dira pandemia honi aurre egiteko baliabideak prestatzeko, eta ez da egin. Kontrakorik ere egin ez ote den. Horren ardura dutenak dira orain pairatzen ari garen deskalabru honen erantzukizuna dutenak, eta ez txikia.

Era askotako neurriak ezarri dizkigute, eta gehienok bete ditugu. Baina bagenekien ez zirela debaldekoak izango. Birus honek ez dizkigu soilik sukarra eta eztula eragin; birusari aurre egiteko neurriek ondorio asko, eta denak txarrak, ekarri dizkigute maila pertsonal, ekonomiko eta sozialean. Konfinamenduz konfinamendu dabiltzan haurren gurasoek soldatarik gabeko asteak eta asteak hartu behar izan dituzte; tabernari eta saltzaileek, lehen nahikoa ez, eta polizia-lanak egin behar dituzte orain; ia bi urte daramatzagu besteekin harreman normalik ezin izan –ez kantatu, ez besarkatu–. Lehen bizitzan nekez ari zena, orain nekezago; lehen txiki zena, orain txikiago. Ingurura begiratu besterik ez dago egoera honek gure animoan, gure osasun mentalean, gure aldarteetan nola eragin duen ikusteko. Pentsatzekoa zen, espero zitekeen; baina egin behar zuenak ez du ezer egin horri aurre hartu eta bitartekoak prestatzeko.

Pandemia hasi zenetik askoren mantra “zientzia eta pazientzia” izan da. Larrialdia birus batek sortu zuenez, birusez dakienak aurkituko zuen konponbidea. Zientziak. Ebidentzia zientifikoek marrazten duten bidetik aterako gara pandemia honetatik; hori ukatzea, altura hauetan, senargaia egitera Urkiolara joatearen pareko da. Baina, egoera erabat berria eta inoiz ez bezain larria zenez, ez genuen irtenbidea nahi bezain azkar ikusiko. Pazientzia. Prest egon gara okerrago bizitzeko, gure pribilegio eta eskubideak murriztuak ikusteko, gizarteko heldu eta ahulenentzat bizitzeko eskubidea pribilegio bihur ez zedin. Eta prest gaude oraindik ere. Baina handien ardura zen egoera azkar eta ondo kudeatzea, ondorioak ahalik eta gehien murrizteko, eta ez dute ez bata ez bestea egin. Azkeneko neurriek, ebidentzia zientifikoen kontra, petatxo gisara eta hala moduz hartu diren horiek, nabarmen utzi dute: zientziarekiko konfiantza dugunoi ere agortzen ari zaigu zuekiko pazientzia.

Eta, bien bitartean, handien albistegiek guri errieta egiten jarraitzen dute: gure arduragabekeriaren erruz, neurri berriak hartu behar izan omen dituzte, eguberriak salbatzeko. Ez ditugu eguberriak salbatu nahi; zentzuzko neurriak nahi ditugu, zientzian oinarrituak; gaiaz dakitenak nahi ditugu egoera kudeatzen; osasun-sistema sendoa nahi dugu. Gure eskubide indibidual eta sozialak salbatu nahi ditugu, deskalabru honen erdian. •