GAUR8 - mila leiho zabalik

Herritartasunaren gaineko «bidesaria» igo nahian


Urtarrilaren 1ean abiatu zen atzera-kontaketa. Apirilaren 10 eta 24an izanen diren frantziar Presidentetzarako bozetara daraman egutegiaren orriak pasatzeko garaia. Bere azkenekotan den astean frantses Asanblea Nazionalean bizi izan den giro zalapartatsuak hainbat seinale eman ditu. Entzundakoaren arabera, ondoko hilabeteetan osasun krisiaren kudeaketaren eta Eliseoko besaulkia eskuratzeko lehiaren artean bizikidetza zaila aurreikus daiteke.

Hilabete bukaeran azkartuko da lasterketa. Hauteskunde prozesuan parte hartzeko hautesleei zuzenduriko deialdi publikoa argitaratu orduko presidentegai bilakatu nahi duen ordezkari orori kontuak ateratzeko ordua helduko zaio. Hauteskunde prozesuari ezarritako blindajea tartean, hautagaiek 500 bat aitabitxi-amabitxi behar dituzte atzeman. Auzapezetik gorako kargudunen artean 500 sinadura beharko dituzte bildu, sostengu banaketari buruz beste hainbat baldintza zorrotz errespetatuz.

Presidentetzarako hautagai bik, Jean-Luc Melenchon Frantzia Suminduaren tribunoak, batetik, eta Errepublikanoak eskuinaren marka ofizialaren hautagaiak, Valerie Pecressek, bestetik, tonua igo dute txerto pasaportea ezartzea xede duen lege egitasmoaren eztabaidaren baitan. Giroa gehiago berotzeko, Asanblea Nazionalean pizturiko suteari erregaia bota dio karguan jarraitzeko asmoa izanik ere oraindik bere hautagaitza aldarrikatu ez duen Emmanuel Macronek.

Jarduneko presidenteak txertoa hartu ez duten 5 milioi herritarrak izorratzeko duen gogoa aitortu zuen “Le Parisien” kazetari emandako elkarrizketa batean.

Arduragabetzat jo zituen, bide batez, txertatzeko hautua egin ez duten pertsonen herritartasuna kolokan emanez. Adierazpena ezin da inondik inora beroalditzat hartu. Ez baita zuzeneko saio batean gertatu, argitaratu aurretik Eliseoko zuzentzaileek ongi miatutako testu idatzi batean baizik.

Zentzu horretan, presidentearen karguari aitortu zaion neutraltasun printzipioa albo batera uzteko borondatezko hautua egon dela iradoki daiteke. Agian irizpide hori, botere banaketa bezala, nardargarria bilakatu delako frantziar Errepublikaren presidente, Europar Batasuneko txandakako buruzagi eta hautagai gisara denbora berean jarduteko asmoa duen agintariarentzat.

Ez da ateraldi bat, beraz. Errepublikaren zutabe nagusia den herritartasun printzipioaren berrirakurketa behin baino gehiagotan mahai gainean jarri baitu Macronek. Segurtasun indarren defentsa egiteko herritar zintzoen eta manifestari biolentoen arteko sailkapena asmatu zuen 2018an. Hala, Txaleko Horien mugimenduaren garaian gordintasunez irudikatu zen polizia ereduari buruz aldebakarreko kontakizuna sustatu zuen.

Osasun krisiaren aitzakiaz autoritate markoa oraindik ere gehiago indartzeko hautua ez da kasualitatea.

Herritarrek eginbeharrak badituztela oroitarazi zuen Macronek berriki. Oinarrizko eskubideen jabe izateko «bidesariak» kostu ordainezina zuela, esaterako migratzaileentzat, jakina zen. Osasun politikari buruzko eztabaida ukatuz, jendearen asaldura norabidetzeari lehentasuna eman dio orain Macronek: (z) herritar gogaikarri batzuk dira errudun. Balio partekatuak hozkailuan sartu eta estrategiatzat duen «lemazain ausart bakar» gisa agertzeko hautua egin du. Mozkinen kalkulua. •