15 JAN. 2022 Abokatuak, filosofoak eta beste animalia batzuk Iñaki Soto Mugimendu eta are herri baten patua ere bere gidaritzan dauden pertsonen bizibidearekin lotzen du lagun batek. Bere ustez, jatorri horrek nolabaiteko identitatea ematen dio proiektu bati, gauzak eztabaidatzeko eta egiteko modu bat ezartzen duelako. Gutxienez, ezartzen ahalegintzen delako. Etxetik ibiltzeko «volkgeist» moduko bat da. Umore handia duen pertsona denez, normalean lanbide horien ezaugarriez eta, batez ere, jatorri horiek dituzten burkideez trufa egiteko erabiltzen du bere tesi hau. Hari horretatik tiraka, abokatuak eta filosofoak azken hamarkadetan Euskal Herriko askapen mugimenduak izan dituen aje guztien arduradun egiten ditu. Egia esateko, filosofoen barruan giza eta gizarte zientzietan lizentziatu oro sartzen du. Kazetariak kenduta, agian, baina bertsolariak barne, ziur asko. Soziologoen eta antropologoen arteko ezberdintasunak ulertzen ditu, noski, baina berarentzat ez dira determinanteak. Determinantea, mugimendua irudikatzeko forma hori da, intelektualismoaren era desberdinei lotua eta errealitate printzipiotik ez gertu, nolabait esateko. Krutwigen «uniberchitarios» delakoen antzera, baina pentsalariaren klasismoa konpartitu gabe. Aurretik, abokatuen agintaritzak ahal dena eta ezin dena etengabe markatu nahi izan zuen, eta horretarako gauza bat eta kontrakoa justifikatzeko hamaika formula jarraitu ziren. Lan izugarria egitea tokatu zitzaien, bai epaitegietan eta bai hortik kanpo. Batzuetan, jendea askatzea herria askatzea bezain zaila izan daiteke. Zer erregimen ezarriko da garai berrietan? Baliteke psikologoena izatea. Arazoa hain da larria, moda ere izateko arriskua duela. Zibilizazio honek, baita herri honek ere, sortzen dituen zoroen eta psikologoen arteko ratioa ez dakit nahikoa izango ote den. Duela gutxi, Karmele Jaiok “Burua” artikulua argitaratu zuen Noticias taldeko egunkarietan, eta benetan iradokitzailea iruditu zitzaidan. Laburbilduz, sarri psikologoarengana pertsona kaltetuak bai baina pertsona kaltegarriak ez direla joaten defendatzen zuen. Eta honela ezinezkoa dela honi buelta ematea. Tamalez, tesi hau sasikumeen ahotan entzun dut, honezkero. Arkitektoek markatutako mugimendu bat ezagutu nahiko nuke, agian. Non eta nola bizi, nola antolatu, zer sortu eta zer berreraiki, nondik hasi, zergatik honela eta ez bestela, nola egiten dute han… Ez dira herri bat eraikitzeko galdera txarrak. Jakina, erantzunetan dago gakoa. Ander Gortazarrek eta Ibai Gandiagak agur esan diote GAUR8 eta 7Kri, hurrenez hurren, eta urte hauetan idatzi dituzten hamaika artikulu horiei behar besteko arreta ez diegula jarri esango nuke. Mila esker egindako ekarpenengatik. Ongi etorri, berriei. Nire lagunak ere badaki: ergelak edonon daude, are filosofo eta abokatuen artean ere. Zozo txuriak topatzea zailagoa da. Egunotan “Txomin. Aurrera bolie!” liburua irakurri dut, eta une jakin batean baserritar, iraultzaile, euskaldun, kooperatibista, sinistun eta futbolzale bat herri bat aurrera ateratzeko pertsonarik egokiena izan daiteke. Pentsalariei eta abokatuei lana erruz eman zien eta psikologo lanak hartu zituen maiz. Arkitekto baino gehiago obrako langile izan zen. Herri batek, batez ere militantzia eta pasioa behar ditu askatu ahal izateko. Eta umorea, umore handia. • Non eta nola bizi, nola antolatu, zer sortu eta zer berreraiki, nondik hasi, zergatik honela eta ez bestela, nola egiten dute han… Arkitektoenak ez dira herri bat eraikitzeko galdera txarrak.