GAUR8 - mila leiho zabalik

BI EUSKAL MUSIKARI HANDI

SOROZABAL FAMILIAREN ARTXIBOA

1928ko azaroan egindako argazki honetan nazioarteko garrantzia duten bi euskal musikari eta konpositore handi ageri dira, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin. Elkarrengandik 30 km eskasera jaio ziren. Maurice Ravel ziburutarra (1875-1937) eta Pablo Sorozabal (1897-1988) donostiarra. Egile ezezaguneko irudia Bilboko Sociedad Filarmonican egina da. Garai hartan Sorozabal Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra zen. Orduko prentsak Sorozabalen eta Bilboko Sinfonikoaren kontzertuen kronika batzuk argitaratu zituen, baita 1928. urtearen hasieran Donostian bertako Orkestra Sinfonikoarekin eta Orfeoiarekin egindakoenak eta Madrilen egin zituen beste kontzertu batzuenak ere. Han, besteak beste, Iparragirreren "Gernikako arbola"-ren moldaketa bat interpretatu zuen, publikoak "oso txalotua" izan zena. Urte hartan, Ravelek, Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan barrena bira arrakastatsua egiteaz gain, “Boleroa” konposatu zuen eta Oxfordeko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen.