22 JAN. 2022 Futbola, salbuespena? Amagoia Mujika Telleria Futbolak jende asko «tximinotu» egiten duela ikusia dut aspalditik; ohikoa da jenderik kabalenak bere onetik aterata ikustea futbolari begira. Ez naiz ari pasioaz edo talde batekiko maitasunaz. Horiei ez diet txarrik ikusten. Pasio edo maitasun hori kanporatzeko moduak gehiago kezkatzen nau, bereziki haurrengan futbolak sortzen duen lilura ikusita. Hor aritzen gara guraso eta hezitzaileak “lata ematen”, norbere izatea eta maitatzeko moduak errespetatu behar direla esanez. Zenbat azalpen patxadatsu, zenbat hausnarketa, zenbat eta zenbat. Eta, gero, edozein asteburutan edozein futbol zelaitan, «...hijo puta, maricón, tu madre se caso por dinero». Eta segi. Haurrei esaten diegu gure azalaren koloreak ez gaituela hobeak edo okerragoak egiten, denak garela desberdinak eta eskerrak, aniztasuna aberastasuna dela. Arrazismoa gaitz larria dela esaten diegu eta gero, futbola tartean denean, «puto negro vete a tu casa». Matxismoarentzat ere zelai oparoak dira. Emakume jokalariek eta epaileek eraso sexista larriak sufritzen dituzte futbolaren beroaz sututako gizonezkoen aldetik. «Vete a fregar» Ahoa harro zabaltzen dugu Euskal Herriaz ari garela, zazpi herrialde garela, herri bat, hizkuntza bat... eta gero zer eta askorentzat etxe ondoko taldeak, alboko probintziakoak, etsaietan etsaienak dira, nazkaz eta amorruz. Giro horretan euskarak duen tokia ere hausnartzekoa da, euskarak “pasio” horrentzat hitzik ez balu bezala. Zer nahi duzue esatea, nik ez dut ezer ulertzen eta aspaldi utzi nion haur izateari. Pentsatzen dut kontraesan horiekin haur batzuei buruan sortzen zaien katramila ez dela makala izango. Okerrena da korapilo horiek futbolaren testuinguruan gertatzen direla, dena pasio, oihu, gozamen eta estuasun den olatu ikaragarri horretan. Eta giro horretan ikasten direnak barru-barruraino sartzen dira, belaunaldiz belaunaldi transmititu. Futbolak ezin du salbuespena izan. Jendarte hobeagoa eraiki behar badugu, zelai horietan ere serio jokatu beharko da. •