29 JAN. 2022 14. ELKAR LEHIAKETA Irudia kontatu eta kontakizuna marraztu Hamalaugarren Elkar Ipuin eta Ilustrazio Lehiaketara aurkezteko epea zabaldu eta, betiere euskararen erabilera, irakurzaletasuna eta sormena sustatzeko asmoz, ipuin bat ilustratzeko eta irudi batek iradokitzen duena idazteko gonbita egin die Elkar Fundazioak haur eta gazteei. Azken urteetan bezala, komiki nahiz bineta bat aurkezteko aukera ere badago. Xabier Izaga Urrutiko intxaurrak adina. Hamalau. Baina hurbildu eta... milaka haur eta gaztek parte hartu dute aurreko urteetako lehiaketetan, eta hamalaugarren honetan parte hartzeko epea zabalik dago apirilaren 13ra arte. Elkar Ipuin eta Ilustrazio Lehiaketaren edizio honek betiko helburua du, haurren eta gazteen irakurzaletasuna eta euskararen erabilera sustatzea, hain zuzen. Parte hartzen duenak ondo pasatu eta gainera sari bat jasotzeko aukera dauka. Izan ere, opari politak eramango dituzte irabazleek, aurreko edizioetan bezala. Horrek ez du esan nahi, ordea, lan on bakarrak irabazleenak izan direla, ezta hurrik eman ere. Aurreko edizioetako epaimahaietako kideei oro har kalitate handiko lanak aurkeztu direla iruditu zaie. Haur eta gazte literaturan aditu horien zeregina aurkezten diren lanen originaltasuna eta kalitatea baloratzea da, baita ipuinaren eta ilustrazioaren gaiarekiko lotura ere; beraz, horixe izan beharko dute kontuan parte hartzaileek. Sariak jolas hezitzaile sortak, opari txartelak eta tabletak dira. Horiez gainera, ikastetxeei eskainitako sari bereziak izango dira aurten ere. Alde batetik, Laboral Kutxak bi ikasgelarentzako saria emango du eta, bestetik, Irrien Lagunen Klubak ikastetxe batentzako ikuskizun bat. Lehiaketak hiru modalitate ditu, haur eta gazteen ikasturtearen arabera: ipuin bat ilustratu, ilustrazio bat ipuin bilakatu eta komiki bat edo bineta bat sortu. Ilustrazioa Ipuinaren ilustrazioari dagokionez, haurrek sail hauetan parte hartzeko aukera izango dute: A sailean, Haur Hezkuntzako laugarren eta bosgarren mailetakoek eta txikiagoek; B sailean, Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetakoek, eta C sailean, Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetakoek. Iaz Lur Gallastegiren ipuinak munduan zehar eraman gintuen pastel goxo baten bidez. Aurten, berriz, Edu Zelaietak eta Txabi Arnalek idatzitako “Hiru lehoi” ipuinean, Duniak ume azkarra dela erakutsiko die hiru lehoiri. Hona ipuinaren hasiera: «Mapa zahar bat eman zion Amonak Duniari, eta hauxe esan zion: –Entzun ongi, biloba maitea. Nire buruak sorbalden gainean segituko du, baina gogoa beste leku batzuetan izango dut laster. Mundu honetatik aparte, segur aski. Eta hori gertatu baino lehen, nire bizitzako sekreturik handiena zurekin partekatu nahi dut. –Nirekin, Amona? –galdetu zuen Duniak, guztiz harrituta. –Zurekin, bai –erantzun zuen Amonak–. Begira, mapa zahar honek gordetzen du aspaldiko sekretua. Harrezkero, nire bizitzan gauza asko eta asko gertatu dira, baina maparen sekretuak bere horretantxe jarraitzen du: lurraren azpi-azpian eta hiru lehoik zainduta. –Aspaldiko sekretu bat? Lurraren azpi-azpian? Eta hiru lehoik zainduta, Amona? –Bai, hala da, biloba kuttuna. Orain arte ezkutuan gordetako mapak jakin beharrekoa azaltzen du: altxorra non dagoen eta hara ailegatzeko bidea zein den. –Beraz, horrek esan nahi du… gaztetan zu… –Ni gaztetan… Horrek ez dauka garrantzirik orain eta, gainera, ez dut horretaz hitz egin nahi. Entzun ongi, laztana: altxor bati buruz ari naiz, eta hauxe da mapa. Sinetsidazu. –Bai, Amona, sinesten dizut! –erantzun zion Duniak; Amonaren begirada sekula ez zen gezurti batena izan. Abentura handiak etorri ziren orduan. Tontor elurtuak igo behar izan zituen Duniak. Itsaso zabalak nabigatu. Basamortu idorrak zeharkatu. Amildegi arriskutsuak libratu. Azkenik, hainbeste nekeren ondoren, helburua lortu zuen: mapa zaharreko X-ean zegoen». Ipuina irakurtzen jarraitu nahi duenak erraz asko eskura dezake lehiaketa@elkar.eus atarian, eta irakurtzean bururatu zaizkion irudietako bat marrazteko gogoa duenak kontuan izan beharko ditu arau hauek: ipuinean oinarrituta egindako ilustrazioak A3 edo A4 formatudun orrian egin beharko dira. Margo mota eta teknika guztiak onartuko dira. Haur bakoitzak ilustrazio bakar bat aurkeztuko du. Ipuina Aurreko orrialdean Alai Zubimendik egindako ilustrazioa ageri da. Irudi horretatik abiatuta ipuin bat idatziko duten haurrek D nahiz E sailetan parte hartu ahal izango dute: lehenengoan, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailakoek; bigarrenean, berriz, Lehen Hezkuntzako seigarren mailakoek. Ipuinek euskaraz idatziak izan behar dute, ordenagailuz, eta orrialde bakar batean aurkeztu beharko dira. Aurreko urteetan eskolatik bidali ziren ipuinen artean aukeraketa bat egitea eskatzen zen, baina aurrerantzean ipuin guztiak bidal daitezke; horrela, parte-hartzea handiagoa izango da, baita Laboral Kutxaren saria lortzeko aukera ere. Komikia nahiz bineta Komikia gustuko duten marrazkilari trebeek F sailean parte har dezakete, DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleak badira. Gai bat kontuan izanda marraztu behar dute beren komikia nahiz bineta: euskal pertsonaia baten biografia edo bizitzaren pasarte bat. Komikia edo bineta eskuz zein ordenagailuz sortua izan daiteke eta euskaraz idatzia izan behar du. Teknika eta materiala guztiz libreak izango dira, baina A4 tamainako orrialde bakar batean entregatu beharko da lana. Nora bidali Esan bezala, lanak jasotzeko azken eguna apirilaren 13a izango da. Ilustrazioak, ipuinak, komikiak edo binetak bidaltzeko honako bide hauek erabil daitezke: edozein Elkar liburu dendatan utz litezke. Postaz ere bidal litezke, helbide honetara: Ilustrazio eta Ipuin lehiaketa; Euskal kulturgintza S.A. – Haizpea Poligonoa 1, 20150 Aduna. Azkenik, eskaneatutako ilustrazioa edo ipuina postdata.elkar.eus atarira igo daiteke. Ilustrazioa, ipuina eta komikia edo bineta paperean entregatzekotan, haur eta gazteek honako datu hauek jarri behar dituzte lan bakoitzaren atzealdean: izen-abizenak, jaiotza data, telefono zenbakia eta helbidea eta ikastetxearen izena. Ondo pasatzeko aukera. Are hobeto sariren bat irabazita!