GAUR8 - mila leiho zabalik

San Valentin


Zaila da San Valentinen gezi komertzialetik ihes egitea. Iragarkien bonbardaketa maitasun erromantikoz jantzita. Zein gozoak bonboiak, zer dotoreak puntilladun bularretakoak, zenbat maitasun inuzente irribarretsu, zenbat bake arrosa, zenbat erotika gorri...

Baten batek honezkero pentsatuko du zer nezesidade dagoen hain gauza erromantikoa, polita, maitasunezkoa, melenga, gozoa zalantzan jartzeko. Ospatu nahi duenak egin dezala eta ospatu nahi ez duenak paso egin dezala. Kito. Besteren batek hasperen egingo zuen honezkero, ‘patriarkatuak zeharkatutako maitasun eredu ez-osasuntsuen’ inguruko ‘txapa’ datorkiola igarrita.

Imajinatu hamabi urteko haurrak, ‘nobioak’ diren bi lagunek elkarrekin hilabete daramatelako festatxo bat antolatzen. Imajinatu hamabost urteko mutil bat etxera korrika bizian eta larrituta, adin bereko beste mutil batek jipoi bat eman nahi diolako bere kuadrillaren laguntzarekin. Zergatik? ‘Bere’ neskarekin ‘rollo’ bat izan zuelako aurrekoan. Imajinatu hemezortzi urteko neskatoa parranda giroan haserre. Behin eta berriz esan dio ezetz herritik ezagutzen duen mutil horri. «Ezetz esan dizut aizu, bizitza gogorra da», bota dio neskatoak. Eta besteak erantzun gogorra beste gauza bat duela berak une horretan.

San Valentinek beste aldea dauka, buelta eman eta josturak ikusten zaizkio. Jostura horietan daude mina ematen duen maitasuna, norbait zure jabetzakoa sentitzea, jeloskortasuna maitasun neurgailua dela pentsatzea, ez-maitatua sentitu denaren amorrua... Asko maite duenak asko sufritzen du eta, maiz, asko sufriarazten du. Bada garaia ‘maitatzeko’ modu horiek mahai gainean jarri, labana batekin erditik ebaki eta zeren gainean eraikiak dauden ikusteko.

Ez da iragarki melosoek sortu dezaketen nekea, egunero emakumeak erasotzen eta akabatzen dituen eredua da. •