GAUR8 - mila leiho zabalik

Manifestazioez, kontaketaz, politikaz eta kazetaritzaz


Aurreko asteburuan GKS gazte antolakundeak egindako manifestazioaren ondotik, parte hartu zuten manifestarien kopuruari buruzko polemikatxoa izan zen sare sozialetan. Nik neuk tuit bat bota nuen mobilizazioen kopurua puztea ez dela komeni eta hori gerora kaltegarria ere izan daitekeela esateko. Manifestazio baten baino gehiagotan pasatu da hori azkenaldian. Jakina, zernahi erantzun zidaten, hainbatetan gaiarekin zerikusirik ez zuten hausnarketekin. Ezer larririk ez, birao batzuk, hainbat ele gaizto eta kontraesan dezente. Twitter da.

Halere, manifestazioez, horien kontaketaz, politikaz eta kazetaritzaz hitz egitea komeni da. Izan ere, pandemiak hori dena ere hankaz gora jarri du. Manifestazioak egiteari utzi zitzaion eta ondoren, zenbait hilabetez, oso modu berezian egin dira. Gure hedabideek ere kontatzeari utzi zioten, baina hori ere errekuperatzea komenigarria da.

Manifestazioen kopuruak eta kontaketak beti izan dira polemika iturri, eta manipulazioa ere izan da askotan, batez ere boterearen itzalpean egindakoetan. Savater, Goriarran eta enparauek espainiar konstituzionalismoa aldarrikatzeko Euskal Herrian egindako mobilizazioetan, bertaratutakoen kopurua hamabi aldiz biderkatzera ere iritsi ziren. Gesto por la Paz-enak ere mugarik gabe biderkatzen zituzten.

Eta zenbakiak gizentzeko erakunde publikoak ere erabili izan ziren. Hala, Ibarretxek 2000ko hamarkadaren hasieran deitutako manifestazio bat laukoiztu zuen Poliziak zifra ofiziala ematerakoan.

Maila horietara iritsi gabe, herri mugimendutik eta eraldaketa ekarri nahi duen ezkerreko independentismotik zenbaitetan zenbakiak puzteko tentazioa izan zen. Kalapita ederrak izan ohi zituzten HBko, Amnistiaren Aldeko Batzordeetako edo KASeko ordezkariek “Egin”-eko kazetari eta arduradunekin, egunkariak kopuru «txikiegiak» ematen omen zituelako.

Zifrak puzteak arriskuak ere baditu luzera. Adibide bat jartzearren: ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko Aljerreko elkarrizketen bueltan, ezker abertzaleak gora eta gora egingo zuen prozesu bat aurreikusi zuen, gero eta boz gehiago eta gero eta mobilizazio handiagoekin, baina hark beherako bidea hartu zuenean, puztutako denak kalte baino ez zuen egin.

Kazetarien lana ez da erraza gaur egun ere. Aurreko larunbatean kazetari batek Twitterren idatzi zuen berak manifestazio batean 1.500 lagun kontatu zituela eta eszenatokitik antolatzaileek 5.000ko kopurua eman zutela. Egoera horiek kazetariak bere lanetik inhibitzea ekarri dute, «antolatzaileen arabera» formularen babespean. Gogoan dut egunkari baten aspaldiko lehen orrialde bat. Manifestazioaren burua eta amaiera ikusten zen argazkian, eta titularrak, antolatzaileek emandako zifrari segituz, 60.000 pertsona zegoela zioen. ETAren kontrako mobilizazio bat zen, jakina.

Kasu batzuetan besteetan baino esanguratsuagoa da kopuru zehatza jakitea (Leitzarango autobidearen garaia gogoratzea baino ez dago, bi asteburutan jarraian elkarren kontrako manifestazio bana egiten zelarik, norgehiagokan), hedabideek ere baliabide mugatuak ditugu, akatsak izaten ditugu… baina manifestazioen zifra datu garrantzitsua izan ohi da, eta ezagutzea onuragarria errealitateaz jabetzeko, unean uneko interes partikularren gainetik. •