12 FéV. 2022 POLE POLE OLABIDE Gasteiztarrak eta turkanak, hezkuntza eta osasuna uztartuz elkarrekin hazten Amaia Sanchez Iduya eta Muskoa Sanchez Halsouet, Gasteizko Olabide ikastolako irakasleak, burbuila batean daude oraindik elkarrizketaren unean, Turkanatik itzuli eta biharamunean. «Beste kultura bat ezagutzeko aukera izan da, bizipen pertsonalak izateko, pila bat ikasteko». Eta hori ekarri dute Olabide ikastolara. Maider Iantzi Olabide Ikastolan agertu direnean gainera etorri zaizkie denak Amaia eta Muskoa Sanchezi, galdezka. Hasieratik sartu ziren ikasleak Pole Pole Olabide proiektuan. Adibidez, Turkanako lagunentzako jolastokia diseinatuz. Batek erraten zuen: «Txirrista bat jarriko nuke», eta bertzeak erantzun: «40 gradu badaude, erreko dira botatzerakoan». Hala, 4 eta 18 urte bitarteko ikasleek eztabaidatu eta gozatzeko zer paratu adostu zuten: ateak, legar parkeak, turkanak bizi diren lastozko etxetxoak edo manyattak, gurpilak… Kenyako herri honetako ikasleak ikaskidetzat dituzte, eta egitasmoari bizirik eutsi eta egunerokoan presente izatea da asmoa. Olabidek hiru eraikuntza ditu Gasteizen eta laugarrena, Turkanan. «Gure abestiak eraman ditugu, eta haienak ekarri, ikasteko. Bideo dei pila egin ditugu. Interes izugarria egon da ikasle eta familien aldetik. Turkanari eskainitako gune bat sortuko dugu ikastolan, binilo batzuekin. Ikasle, ikasle ohi edo familia batek herria ezagutu eta proiektu bat sortzeko aukera izan dezan, adibidez ortu bat. Familia handi bat gara. Ikasle ohiak ere parte dira, eta laguntzen ari dira, ekonomikoki edo ideiak emanez», azaldu dute Kenyatik bueltatu berri diren irakasleek. «Ejoknoi, ejoknoi, ejoknoi…» Turkanan sortutako Pole Pole Olabide proiektuaren xedea elkarrekin hazten joatea da. Elkar lagunduz ikastea. «Euskaldunak gure txokotxoan zabalak garela esaten dute, baina beraiengandik jaso dugun gozotasuna, harrera, esker ona ikaragarria izan da». Denbora osoan erraten omen zuten «ejoknoi, ejoknoi, ejoknoi…» («milesker, milesker, milesker», turkanera hizkuntzan). «Zoragarria izan da nola zaindu gaituzten ere. Egun batean ondoko herria ezagutzera joan ginen, gaua egin zen, eta oinutsik joan ziren, aurretik, bidean harritxoak bazeuden kentzen, gu ez mintzeko». Urtarrilaren 17an inauguratu zuten haur hezkuntzako zentroa, eta herritarrekin ospatzeko ekitaldi bat egin zuten. Bertara gonbidatu zituzten ikasleen familiak eta ondoko herrietako jende esanguratsua. «Hezkuntza da etorkizunerako oinarria eta ez zekiten nola eskertu euren umeek aukera hori izatea. Apaiza ere gonbidatu genuen ospakizunera, erlijioa oso presente dagoelako han. Ohitura daukate edozein momentutan altxatu, hitz egin eta eskerrak emateko. Guri ere tokatu zitzaigun. Ingelesez hitz egiten genuen eta turkanera itzultzen ziguten». Kenyako bandera igo zen, Muskoa Sanchezek aurreskua dantzatu zuen, pila bat gustatu zitzaien, eta gero batera bazkaldu zuten. Arratsaldean futbol partida bat jokatu zuten. Pole Pole Olabide haur hezkuntzako zentrora bost urtera arteko haurrak joaten dira, baina badira gazteak hurbiltzen direnak eta eurekin egin zituzten futbol partida eta geroko askaria. Pole Pole Olabide erreferente bihurtu da, ez bakarrik txikientzat, nerabeak ere hor biltzen dira. Kulturalki ikasteak garrantzia du Turkanan, baina etxean lan egiteak ere bai: uraren bila joatea, ahuntzak zaintzea… Orduan, familiekin adostu dute futbol partidak asteburuetan jokatzea, arratsaldeko lauretatik aitzinera. Klinika pediatrikoaren aurrean Hezkuntza eta osasuna uztartzen ditu egitasmoak. Valentziako CEU Unibertsitatearen elikadura programa du oinarri. Horretaz gain, Victor Victoris psikologoak metodo bat sortu du espresuki, adimen emozionala lantzeko. Eta eskolaren parean dagoen Santa Martha pediatria klinikan osasun arreta ematen dute. Aztivate Fundazioarena da klinika hori eta bertako langile guztiak turkanak dira. Eskolan egunean hiru aldiz jaten dute: gosaria, bazkaria eta askaria. «Hori arraroa da han, Gobernuaren eskoletara joaten diren ikasleek asko jota egunean behin bazkaltzen dute. Klinika pediatrikoa aurrean izanda, gaixotzen badira jarraipena egitea oso erraza da. Eztul handia izaten dute, biriketako arazoak. Egunean hirutan janez eta osasun jarraipena eginez, eritasun eta heriotza tasak asko jaisten dira. Egunero bi ume eramaten genituen auskultatzeko edo zauriren bat sendatzeko». Ana Baz gaztearen ideia Hiru hanka ditu proiektuak, Amor Sin Barreras GKEa, Olabide Ikastola eta Aztivate fundazioa. Azken honen sortzailea madrildarra da baina urte pila darama Kenyara bidaiatzen. Ana Baz Lapueblako gaztearena izan zen ideia. «Duela urte batzuk ezagutu genuen, irratian entzun genuelako bere Kenyako esperientzia kontatzen. Berarekin jarri ginen harremanetan, diru kantitate bat jaso zezan egiten zituen lanetara bideratzeko. Asko hitz egiten genuen eta urteak eman genituen laguntzen. Ikastolara ere etortzen zen ikasleekin hitz egitera». Aztivatekoekin eskola eraiki nahi zuela kontatu zienean, Olabidekoek ez zuten zalantzarik izan parte izateko. «Hasieran 1.000 euro jarriko zituzten 100 enpresa behar genituen, hala lortuko genuen hiru urtez proiektua martxan egotea, eta GKE batek eraikitze lanak egingo zituen. GKE horrek atzera egin zuen, ordea. Orduan, kanpaina bat hasi genuen familiekin. Kantitate bat lortu zen. Eta ikastolako Amutio-Sukunza familiak, Amutio Taldea enpresa duenak, kopuru benetan handia jarri zuen». Hala abiatu zen egitasmoa, 2021eko uztailean. 60 enpresa atxiki dira momentuz eta bertze 40 behar dituzte. «Izugarria da egin den lana. Asmoa aurrera jotzea da eta aukera badugu lehen hezkuntza ere eskaintzea. Proiektuak arrakasta handia izan du Turkanan. Kenyako Gobernuko kideak inaugurazioan izan ziren, pila bat gustatu zitzaien nola bateratzen genituen osasuna eta hezkuntza, eta proiektuaz jakin nahi zuten beste toki batzuetan ere gauzatzeko. Zoriondu egin gintuzten. Batzuetan urduri jartzen dira atzerritik datozenekin, ematen du Gobernuak ezin duela behar duena egin, baina guri gehiagotan joateko eskatu digute eta laguntza ere eskaini digute». Bertakoek sortua Eraikina egiteko herri osoa inplikatu zen eta bertako langileak kontratatu zituzten. Proiektu honek inguruko ekonomia pizten lagundu du. «Behar dugun janaria ekarri behar digute eta horrek lanpostuak sortu ditu. Zentroko irakasle eta langileak ere turkanak dira. Denak soldata duinekin, kontratuarekin eta gizarte segurantzarekin. Aberastasuna ekarri du horrek, beraiek sortu duten proiektu bat baita, euren seme-alabentzat, ume txikientzat, etorkizuna eurengan dagoela konbentzituta». 38 ikasle hartu dituzte. Aukeraketa ez zen erraza izan. Bertakoa den Lucy Soila zentroko zuzendari eta irakasleak egin zuen, Santa Martha klinikako gizarte laguntzailearekin eta Ana Bazekin batera. Familiak ezagutzen dituzte hirurek. Herriz herri joan ziren. Kontatu dutenez, hango familiek bazekiten eurek beharra izanda ere bazirela behar handiagoa zutenak. Ume baten amak hala adierazi zuen: «Bai, gure umeak premia du, baina beste emakume honen bi haurrek handiagoa, zergatik ez dituzue haiek hartzen nirea hartu beharrean?». Kontuan hartu behar da Pole Pole Olabidera joaten ez baziren astean bi edo hirutan janen zutela. Bertze ama batek erabaki zuen 10 urteko alaba ez zela gehiago eskolara joanen. Han, ez direnean eskolara joaten lepoko batzuk jartzen dizkiete, ezkontzeko prest daudela adierazteko. Ikasle horiek eskolara joaten lagundu nahi dute Pole Pole Olabiden. «Orduan, amarekin hitz egiten, esan genion bere bi seme txikiak hartuko genituela –bat Downen sindromearekin– 10 urteko nagusia eskolara bueltatzen bazen. Amak onartu zuen eta klinikan bertan lepoko guztiak moztu zizkioten neskatilari». Olabide eta Turkanako kultura Gasteizko ikastolako hezkuntzaren lau zutabeak –izatea, egitea, edukitzea eta jakitea– Turkanako kulturara eraman dituzte. «Han dagoena asko ezagutu behar dugu, eta dena horretan oinarritu, beti ikastolako lau zutabe horiek kontuan izanda. Azkenean unibertsalak dira. Haurrak joko sinbolikora jolasten dira han eta hemen, helduak imitatuz. Neska bat hondarrarekin jostatzen ari zela, botila buruan jarri, eta ibiltzen hasi zen. Bere amatxo egunero joaten da ur bila, botila buruan jarrita». Hezkuntza proiektua Turkanako herriarentzat eraiki dute, Soilarekin elkarlanean eta Kenyako curriculumak eskatzen duenari begiratuz. Bideo dei bidez harremanetan jarraitzen dute eta elkarrekin eginen dute bidea. «Pole-pole» («poliki-poliki», turkaneraz). Aunitz gustatzen zaie Pole Pole izena, erranahi handia du. «Olabiden ume bakoitza protagonista da bere ezagutza eraikitzen joateko. Erritmoak errespetatzen dira. Hori da gure hezkuntzaren oinarria». Aipatu dugu gauza batzuk unibertsalak direla, baina bizi garen lekuaren arabera balio batzuk erdi lokartu edo atzendu egiten dira. Zaintzarekin gertatzen da, adibidez. «Imajinatu duela hiru egunetik ez duzula bazkaldu, zure ondokoari platera jartzen diote eta zure txanda itxoin behar duzu. Hemen ez dakit egingo genukeen, baina han bai, ondokoa errespetatu eta zaintzen dute, elkarbanatu egiten dute. Hori egin zaigu deigarriena. Platera jarri eta ondokoak ez bazuen, jaten hasi baino lehen ematen hasten ziren. Ume batek ez bazekien eskuak nola garbitu, ondokoak garbitzen zion. Norbait negarrez sumatuz gero, beregana hurbiltzen ziren», deskribatu dute Muskoa eta Amaia Sanchezek. Begirada Olabideko irakasleei arreta eman die begiradak ere. «Beti, beti, beti begietara begiratzen dute. Heldu, nerabe zein txikiek, guztiek. Benetan konfiantza ematen dizu horrek, aurrez aurre begiratzen dizute, zintzo». Aunitz mintzatzen da egokitzapenaz edo etxekotzeaz eta han ere egin dute. «Familiak gurekin egon dira lehenengo egunetan, langileekin konfiantza sortzen bada umeak errazago gelditzen direlako. Egia da oso azkar egin dela lotura hori, eta zoragarri gelditu dira haurrak». Zentroan urte eta erditik bost urtera bitarteko ikasleak dituztela erranen lukete. Baina zaila da adina jakitea. Ez dakite hagitz ongi noiz jaio diren euren seme-alabak. «Ez dakit zer eraikuntza egin zenean, edo ez dakit zer bide zabaldu zenean», halako erreferentziak dituzte. Ez daude gu bezala egutegiari begira… ezta erlojuari ere. Pole-pole. Ikastola goizeko zortzietan zabaltzen da, baina batzuek ordubeteko bidea dute oinez eta agian zazpi eta erdietan agertzen dira. Oilarrak abesten duenean jaikitzen dira eta badakite hori dela joateko momentua. Ateratzeko berdin. Lauretan jasotzeko batzuk egoten dira, baina bertzeak beharbada bostetan azaltzen dira, ez dutelako kalkulatzen edo urruti joan direlako egun horretan uraren bila. Maitatuak eta ulertuak Lokitaung Kenya iparraldeko herri txikian dago Pole Pole Olabide, Euskal Herritik 10.000 kilometrora. Paisaia idorra eta harritsua da. Akaziaz jantzitako mendiek ematen dute itzala tenperatura izugarri altuetan. Ana Baz Amor Sin Barreras GKEaren sortzaileak bere blogean dioen bezala, bertan, denbora ez da existitzen. Zuhaixkak daude, ahuntz eta gameluak, eta manyattaz osatutako nukleo txiki ugari. Guraso eta haurrak manyatta edo lastozko etxetxo batean bizi dira, bertze batean anai-arrebak, aitatxi-amatxiak bertze batean… Bost manyattako herrixkak dira, familia batek osatuak, eta handik 200-300 metrotara bertze nukleo txikitxo bat dago. «Manyatta batean sartu ginen eta lau ahuntz jaioberri zeuden eurekin», kontatu dute Amaia eta Muskoa Sanchezek. «Oso emozionalak eta negartiak gara biak», aitortu dute irriz. «Egin ziguten harrera ikusita bakarrik, zelako bizitasuna eta poztasuna daukaten… Esan dugunez, erlijioa garrantzitsua da beraientzat, orduan apaizarekin elkartzen dira. Festa bat da, abestu eta dantzatu egiten dute, baina aldi berean bilera bat da eta bakoitzak bere arazoak kontatzen ditu. Inongo trabarik gabe utzi digute parte hartzen. Oso maitatuak eta zainduak sentitu gara. Oso-oso pertsona bereziak dira». Hemen, Euskal Herrian, euskara da gure hizkuntza; haiek turkanera dute. «Swahilia pixkatxo bat hitz egiten dute, baina normalean denek turkanera. Ikastolan, turkaneraz gain, Gasteizko zentroan bezala ingelesa ere txertatuko da, herritik ateratzeko ezinbestekoa dutelako. Dena dator bat: beraien herriko hizkuntza daukate, dantzak, ohiturak, abestiak… Guk bezala. Oso maitatuak eta ulertuak sentitu gara». «Oso deigarria da ezer ez eskatzea ere. Zurekin egoten dira eta zer moduz galdetzen badiezu, esan ahal dizute ‘ondo’, gose direla hiru egun jan gabe daramatzatelako, baina ez dizute janaririk eskatzen». Tokirik zigortuenetakoa Irakasleek nabarmendu dutenez, proiektuak denen laguntzarekin jarraitu behar du aurrera. «Behar asko daude munduan, zergatik hara?, galde dezake norbaitek. Egia da, baina kooperazioan dabiltzan adituek diote Turkana dela munduko tokirik zigortuenetariko bat. Hasteko modu bat da. Gainera, hezkuntzarekin lotutako egitasmoa denez, benetan lagun dezakegula uste dugu. Aukera paregabea dugu elkartrukea egiteko eta lo ditugun balio batzuk esnatzeko, gure ikasleengan ere gauzak mugitzeko. Turkanengandik ikasteko daukagun guztia altxor bat da. Pribilegio bat, gure ikasleek aukera hau izatea». Olabide Ikastolak Afrikako hainbat proiektu lagundu izan ditu Gabonetako kanpainetan dirua bidaliz, baina oraingoa bezalakorik ez dute egin. «Inplikazioa oso handia da. Finantziazioa lortu behar da, gauzak martxan jartzeko dirua behar baita, baina hau harago doa, bizitza beste modu batean, beste betaurreko batzuekin ikusten erakutsiko digu, gure barruan lo ditugun gauzatxo batzuk mugitzen, gure bertsiorik onena ateratzeko», baieztatu dute. Egunean hirutan janez eta osasun jarraipena eginez, eritasun eta heriotza tasak asko jaisten dira. Egunero bi ume eramaten dituzte auskultatzeko edo zauriren bat sendatzeko «Batzuetan urduri jartzen dira atzerritik datozenekin, ematen du Gobernuak ezin duela behar duena egin, baina guri gehiagotan joateko eskatu eta laguntza ere eskaini digute» «Pole pole» izenak («poliki-poliki», turkaneraz) erranahi handia du. «Olabiden ume bakoitza protagonista da bere ezagutza eraikitzen joateko. Erritmoak errespetatzen dira» Zentroko irakasle eta langileak turkanak dira. Denak soldata duinekin, kontratuarekin eta gizarte segurantzarekin. Proiektu honek inguruko ekonomia pizten lagundu du Ondokoa errespetatu eta zaintzen dute, elkarbanatu egiten dute. Platera jarri eta ondokoak ez badu, jaten hasi baino lehen ematen hasten dira «Aukera paregabea dugu elkartrukea egiteko eta lo ditugun balio batzuk esnatzeko, gure ikasleengan ere gauzak mugitzeko. Ikasteko daukagun guztia altxor bat da»