GAUR8 - mila leiho zabalik

«SOR ANGELICA» ETA «INFERNUA» PAREZ PARE


1935eko inauteriak baino egun batzuk lehenago “El Pueblo Vasco” egunkariaren iragarki batek “Inauterietako saria irabazteko” jantzien alokairua iragarri zuen; beste batek, maskarak, biboteak 15 zentimotan, sudurrak, kapelak 50 zentimotan eta bizarrak 95 zentimotan saltzen zirela. Tolosa inauterietako albiste guztien arretagune zen 1935eko martxoaren lehen egun haietan. Ekitaldiek goizeko seietan hasi eta egun osoan irauten zuten etenik gabe. Kroniketako batean tolosar batek hauxe idatzi zuen: «...herriak diren bezalakoak dira, eta gure honek egun hauetan bere nahigabe guztiak ahazten ditu dibertitzeko, zalapartan dibertitzeko, gogo biziz eta baikortasun eldarniotsuan...». 1935eko martxoaren 5ean Tolosako inauterietan egindako argazkian “Infernua" konpartsa ageri da. Dirudienez, konpartsak propio aparkatu du bere karroza 1934an egindako “Sor Angelica" filmaren kartelaren ondoan. Jesus Eloseguik, autoreak, bere egin ditu "Infernua" konpartsako kideen keinua eta ironia moja batek irudikatutako filmeko kartelaren aurrean.