GAUR8 - mila leiho zabalik

FELICIANO ETXANIZEN «SELFIEA», DUELA MENDE BAT


Argazkia Comillaseko Pontifize Unibertsitatean dago egina, joan den mendeko 20ko hamarkadan. Teologiako azken zikloa ikasten ari ziren euskal apaizgaien talde erretratua da. Lehen lerroan eta desenfokatuta, irudi honen egilea, Feliciano Etxaniz (1900-1978). Argazkigintzan zaletu zen eta batez ere hainbat esparrutako erlijio bizitzarekin lotutako irudiak utzi zituen. Feliciano 1928an apaiztu zen. Lehen destinoa 1929an izan zuen, kapilau gisa, Tolosako Urkizu auzoan. 1935ean Azpeitiko parrokiara bidali zuten laguntzaile. Militante nazionalista, Gerra Zibilean frankistak iritsi zirenean atxilotu egin zuten. Hasieran Azpeitiko espetxean egon zen eta handik Gasteizko apaiztegira eraman eta bertan espetxeratu zuten. Goma kardinalak 1937ko urtarrilaren 28an bidalitako gutun batean, Antonio Perez Ormazabal Gasteizko elizbarrutiko bikario nagusiari gomendatu zion Alfonso Velarde Gipuzkoako gobernadore militarrarekin hitz egiteko erregimen berriaren aurkako apaizak lekualdatzeko, eta hala izan zen Feliciano Etxanizen kasua, besteak beste. Azpeitian 500 pezetaren isuna jarri zioten otoitz batzuk euskaraz egiteagatik. Nemesio Etxaniz apaiz eta idazle euskaldun ezaguna Felicianoren hamar anai-arrebetako bat izan zen.