GAUR8 - mila leiho zabalik

Pornografia emozionala


Azkenaldian, egia esan aspalditik, berriak entzun eta irakurtzean botalarria sentitu dut. Ohituta egon beharko nuke baina oraindik nazka eta haserrea pizten dizkidate. Zer eta nola kontatzen ditugu gertakariak? Zergatik ez dut desberdintasunik topatzen berri kontalarien eta txutxu-mutxu programen artean?

Komunikabideek emozioak saltzen dituzte modu zikin eta tranpati batean. Pornografia emozionala kontsumitzera ohitu gara jakin gabe. Zertarako erabiltzen duten? Egiak zabaltzeko, ikuspuntu jakin batzuk indartzeko eta besteak lekuz kanpo uzteko. Protagonista batzuk aukeratzen dituzte eta beraien sufrimendua erakutsi; «begira zenbat sufritzen duten hauek» esanaz. Alde jakinetako pertsonak izaten dira eta horrenbestez, beste guztiak ez dira existitzen. Fokuak gutxi batzuk argiztatzen dituen bitartean, beste guztiak itzaletan galtzen dira.

Azken egunetan gerra baten berri jo eta ke ari dira, pandemia eta munduko beste guda guztiak desagertu direlarik. A zer boterea duten, zuk ere sentitzen duzu kontakizun honek eragindako tristura eta haserrea, ezta? Barnean badakizu ez dela dagoen gerra bakarra, egunero itsasotik datozenak hiltzen direla, alanbrezko pareta pasatzen saiatzen direnak ez direla joan, kale gorrian bizi diren mordoa dagoela... Baina zer fuertea gerra, zelako tristura. Imajinatzen al duzue gure komunikabideek esandako errealitateei denbora eskainiko baliete? Egunero behin eta berriz horretaz hitz egingo balute?

Irratia pizten duzu berriak entzuteko asmoz. Hor dago gerra bizi duen haurra bere esperientzia euskaraz kontatzen, negar ez egitea kosta egiten zaizu eta konturatu baino lehen, inauterietara pasatu gara! Bortxatuak izan diren emakumeen samina eta mina adierazi eta ondoren Realak galdu egin duela entzutera. Sentitu duzun hori airean geratzen da, ez dago ezer ulertzeko denborarik, gogoetarako espaziorik. Ez duzu denborarik ohartzeko gutxi batzuen emozioei eskaintzen zaiela denbora eta beste askori ez. Nahikoa da. Manipulazio emozionala biolentzia da. Ardurarik gabe emozioak saltzea indarkeria da. Beldurra behin eta berriro saltzea egia bakarra dela konbentzitzeko, biolentzia da.

Pornografia tradizionalak dakartzan arriskuei arreta eskaini diegu. Behin eta berriz errepikatzen dugu bertan ikusten duguna ez dela errealitatearen isla, gidoi bat duela, antzezlan bat dela. Ez al da berdina komunikabideek beren egia adierazteko emozioak saltzea? Are gehiago, gure sentsibilitatera iristeko pertsona zaurgarrienak erabiltzea?

Demagun esaten digutela pornoan ikusten duguna dela egia bakarra, ondo dagoena eta guztiok hori bilatu behar dugula, hori dela bide bakarra. Indarkeria iruditzen zaigu, ezta? Ba, horixe gertatzen zaigu egunero, porno emozionala kontsumitzen dugula errealitatearen isla izango balitz bezala.

«Ez da pornografia, errealitatea da», esango dute. Zeinen boteretsuak diren kontakizunak. Hauen bitartez eraikitzen da errealitatea, oraina eta iragana manipulatu eta etorkizun interesatuak saldu. •