GAUR8 - mila leiho zabalik

Positibo


Balkoira irten naiz haize pixka bat hartzera, eta azpian dugun zuhaitzari begira pasatu ditut minutu batzuk. Bi aste eskasean, biluzik egotetik hostoz eta kimuz janztera pasatu da; edozeinek esango luke zainetatik sartu zaiola inauteria. Gogoratu dut konfinamendu itxi-luzetik nola idatzi nion “Koaderno” bat zuhaitz berari, artean hazten ari zen nire sabelarekin alderatuz. Izan ere, pandemia bat gorpuztu behar genuela jakin genuenez geroztik, erraztasun handiagoa dut gertakizun arruntak efemeride bilakatzeko, eta hainbestetan errepikatu dugun esaldia ahoskatu dut buruan: bi urte jada.

Errekortariarena eginez heldu naiz konfinamenduaren urteurren bezperetara, koronabirusaren bihurgune eta aldaera guztiei iskin eginez, harrigarriki. Baina lehertu ziren pandemian-ospatu-baina-pandemia-osteko-izendatu-genituen inauteriak eta, aspaldiko partez, nire gorputzari baimena eman nion tentsio horretatik pixka bat askatzeko: zer kristo, covida harrapatu behar badut, izan dadila Tolosako inauterietan.

Segituan sentitu nintzen ahobero samar, mozorroak garbitu eta etxean bi marradun testak azaltzen hasi zirenean. Orduan eta, lauzpabost test negatiboren ondoren, joan den Martxoaren 8an positibo eman nuenean; bai kapritxosoa birusa. Joder, ez kalera ateratzerik, ez oihu egiterik; etxean ni eta nire sua, amorrazio garretan.

Asanbladatik deitu genuen mobilizaziora ezin izatea joan benetako arazo balitz bezala; han elkartu ziren emakume guztien presentzian ordezkatuta ez banengo bezala. Esan, landu, egin eta lortu nahi dugun guztia nire aletxorik gabe esan, landu, egin eta lortuko ez balitz bezala. Hori gertatzen baita zure unibertso konfinatu-efimeroa zu eta zure balkoi aldameneko zuhaitzera mugatzen duzunean: dramak sortzen dituzula dramarik ez dagoen tokitik.

Nire biografiako punturen batean topo egin nuen feminismoarekin eta, horri –eta terapian lantzen ari naizen beste zenbait konturi– esker, ia egunero jartzen dut zalantzan neure burua. Zigortzen naizela, alegia, tokatzen ez zaidanean amorratzeagatik. Une batez kontuan ez izateagatik, nire zapalkuntza guztiekin ere, pribilegio-algodoitan bizi naizela munduko beste hainbat emakumeren aldean.

Zer da ba, pribilegio bat ez bada, inauterien suziriarekin batera lehertzen hasi ziren Ukrainako bonben albisteak zeharka jarraitzea, festaren aitzakian? Zer da ba, pribilegio bat ez bada, proxeneta alemaniarrek Poloniako mugan emakume errefuxiatuak bahitu eta haiek esplotatuz eta bortxatuz negozioa egingo dutela irakurri, eta gure bizitzarekin aurrera jarraitzeko barrenak izatea, nahiz eta emakume haiekin egunean bost aldiz gogoratu?

Tamalez, paperean idatzitako galdera erretorikoetan ez da emakume horiek guztiak askatzeko konponbiderik kabitzen. Ukrainarren maletetan haien bizitzak kabitzen ez diren bezala, edo itotzen gaituen bizimodu honi su emateko piztu dugun garra mugetako proxenetak erretzera iritsiko ez den bezala. Tamalez, gure balkoitik ez naiz zuhaitzari irten berri zaizkion lore txikiak usaintzera iristen, ezta gure unibertsotik munduko arazo guztiak konpontzera ere. Kezkaren eta ezinegonaren testean positibo gara, eta bada zerbait. •