GAUR8 - mila leiho zabalik

GERRA ARGAZKIA, HONDAMENDIAREN ISLA

L’ILUSTRATION FRANÇAISE

Lehen Mundu Gerraren hasieran, lubakietan zeuden soldaduek dokumentatu zuten Gerra Handia beren kamerekin. Multinazional handiek beren modeloak jendarteratu eta saltzen zituzten, “Le Kodak du soldat” kasu. Beste marka batzuk, hala nola Ansco estatubatuarra edo Ensignett ingelesa, ez ziren atzean geratu eta euren publizitatean soldaduak animatu zituzten kamerak erostera gerraren memoria gordetzeko. Gatazka horretan lanean hil zen Jean Baptiste Sanson Partarrieu, Hazparneko argazkilari euskalduna, gaur egun arte iristen den zerrenda luze horretako lehenbizikoetakoa. “Lux” argazki aldizkariak 1918an argitaratu zuen “Argazkigintza eta gerra” izeneko artikuluan, gerrak argazkigintzaren zale kopurua handitu zuela adierazi zuen. Bere gomendioen artean, gailu txikiak erabiltzeko gomendatzen zuen, eta ez eramateko kolpeen ondorioz erabilezin bihur zitezkeen makina garestiak. Artikuluan, halaber, negatiboak tokian bertan errebelatzeko osagarrien eta hainbat gai kimiko motaren zerrenda ageri zen, eta hartualdi motak ere azaltzen zituen. Gudu zelaiko gaiak ez ziren falta, bonbardaketetatik trumilkako erasoetara, atzeguardietatik behaketa puntuetara. Kodaken soldaduaren kameraren publizitate hotza edo “Lux” aldizkariko artikulua alde batera utzita, gerrako argazkiaren errealitatea giza dramaren, bonbardaketen, suntsitutako eraikinen, heriotzaren edo errefuxiatuen ibilaldi luzearen isla da. Guk oso ezagunak ditugun irudiak, batez ere 1936ko gerrakoak. Frankistak 1936ko irailaren hasieran Irunen sartu zirenean hildako erresistente eta zibilen talde bat erakusten du artikulua ilustratzen duen argazkiak. Irudi horrek antzeko suntsipen eta heriotza agertokietara eraman gaitzake XIX. mendeko, XX.eko eta gaurdainoko beste gerra batzuetan.