GAUR8 - mila leiho zabalik
EUROPAKO ARKEOLOGOEN ITZULERA

Irakeko arkeologoen «paradisuan», Europakoek eskuilak eta paletak berreskuratu dituzte

Golkoko Lehen Gerra, ondorengo bahimendua, AEBen inbasioa, erlijioen arteko gatazka, eta azkenik Estatu Islamikoaren kalifaldiak galarazi egin du arkeologo atzerritarrek Iraken lan egitea azken hamarkadetan. Orain itzuli dira eta, jihadistek egindako suntsiketaren ostean, pozik daude aurkikuntza berriekin.


Zatozte ikustera!». Arkeologo frantsesak pozik daude. Irakeko basamortuan 4.000 urteko inskripzio kuneiformea lurpetik atera berri dute.

Irak urratu duten gatazken ondorioz, arkeologo atzerritarrak ez dira bertaratu duela zenbait hamarkadatan. «Halako inskripzioak aurkitzen ditugunean, in situ, hunkigarria da», adierazi du pozik Dominique Charpinek. College de France-ko Zibilizazio Mesopotamikoko Katedraren titularra da, eta 2021aren amaieran Larsan (Irak hegoaldean) egindako indusketa kanpaina honetako bidaidea. Sumerreraz idatzitako inskripzioa adreilu egosi batean zizelkatu zen Kristo aurreko XIX. mendean. «Shamash jainkoari, bere errege Sin-iddinamek, Larsako erregeak, Sumer eta Akadeko erregeak», erraztasun harrigarriz itzuli du Charpinek.

Haren atzean dozena bat arkeologo frantses, europar eta irakiar daude, sokaz mugatutako indusketa eremu karratu batean lanean. Batzuk adreiluak eskuilaz garbitzen ari dira, beste batzuk lurra kentzen... Larsako ubidea zeharkatzen zuen zubi baten zutabe bat garbitzen ari dira.

Larsa Mesopotamiako hiriburua izan zen Babilonia baino lehentxeago, Kristo aurreko bigarren milurtekoaren hasieran.

«Larsa Nasiriya hiritik hurbil dago. Irakeko aztarnategi handienetako bat da: 200 hektarea baino gehiago hartzen ditu, azken neurketen arabera. Tankera hartzeko, Filipe II.aren garaian (XII-XIII. mendeak) Parisek zeukan tamaina bera du», argitu du Regis Valletek, Frantziako CNRS Ikerketa Zientifikoen Zentro Nazionaleko ikertzaileak.

«Alde honetan eliza bat lurperatuta egon daitekeela adierazten duten arrastoak aurkitu ditugu. Eta santutegi bat ere egon daiteke», azaldu du Alemaniako Arkeologia Institutuko Ibrahim Salman arkeologoak.

Hogei ikertzailez osatutako talde honek dagoeneko aurkitu dituen altxorren artean, inskripzio kuneiformeak dituzten 60 taulatxo daude. Bagdadeko Museo Nazionalera eraman dituzte, eta bertan, kanpaina honek «aurkikuntza handiak» ekarriko dituela iragartzen dute; izan ere, inskripzioetan garai hartako gobernuburu baten egoitza aipatzen da.

«Etenaldi luzea»

Larsa jolastoki ikaragarria da, «paradisua», dio Regis Valletek. Irak osoa bezala. Izan ere, Mesopotamia zaharrak Akadtar inperioa, babiloniarrak, Alexandro Handia, kristauak, persiarrak eta Islama bata bestearen atzetik ikusi ditu.

Baina Irakeko azken urteetako historiak eta bertako gatazkek urrun eduki dituzte aspalditik atzerriko ikertzaileak.

Lehenengo, Golkoko Lehen Gerra izan zen 1990-1991n, gero bahimendua, eta ondoren AEBek 2003an gidatutako inbasioa, 2006-2009ko erlijioen arteko gatazka, eta azkenik Estatu Islamikoko jihadisten erasoaldia, 2014an Irakeko lurraldearen heren bat hartu zuena.

2014an Estatu Islamikoak (EI) kalifatza aldarrikatu zuenean, Irakeko ehunka gune arkeologiko erori ziren borrokalarien eskuetan.

Horren ondoren, bandalismo ekintza izugarriak gertatu ziren. Horietako asko talde jihadistako kideek bideoen bidez plazaratu zituzten, hala nola Mosulgo Museoan lehergailuak nola suntsitzen zituzten, Asiriako Nimrud hiriburua nola dinamitatzen zuten. Gerora, berriro konkistatutako eremuetara itzuli ziren arkeologoek aparkaleku bihurtutako lekuak aurkitu zituzten, birrindutako estatuak... eta eskuizkribuen desagerpena egiaztatu zuten.

Hala ere, ohartu ziren EIk ez zuela dena suntsitzea lortu: hondakinen artean aurkitu gabeko altxorrak azaleratu ziren eta beste aurkikuntza berri eta zirraragarri batzuk egin zituzten.

Irakeko Estatuak 2017an Estatu Islamikoa «garaitu» izana aldarrikatu zuenetik, herrialdea «neurri handi batean egonkortu egin da, eta berriro posible izan da Irakera itzultzea», azaldu du Regis Valletek.

«Frantziarrak 2019an itzuli ziren eta ingelesak lehentxeago. Italiarrak 2011n itzuli ziren», zehaztu du. Haren arabera, 2021aren amaieran atzerriko hamar misio arkeologiko zeuden Dhi Qar eskualdean, Larsa dagoen tokian.

Laith Majid Hussein Antzinaroko Ondarearen Irakeko Kontseiluaren zuzendaria oso pozik dago atzerriko lankideei ongietorria emateko aukerarekin. «Hau onuragarria da guretzat maila zientifikoan, eta aukera bat da gure langileen prestakuntzarako, etenaldi luze honen ondoren», adierazi zuen Bagdaden AFPk egindako elkarrizketa batean.

Zibilizazioen sorlekua

Era berean, pozik dago Salman, Najafetik gertu (xiiten hiri sakratuetako bat, Irak erdialdean) eremu bat aurkitu dutelako, Al Hira antzinako hirian prospekzio kanpaina egiteko. Izan ere, 2003tik 2013ra, Alemaniako arkeologoek ere ezin izan zuten Irakeko indusketa guneetara sartu.

Neurketa geomagnetikoko gailu batez hornituta, Ibrahim Salmanen taldeak Al Hira zegoen lekuan eratutako tellen erraiak miatzen ditu. «Tell» delakoak gizakien eraikuntzen aztarnek utzitako muinoak dira. Al Hira lakhmiden aroan (V. eta VI. mendeak) goia jo zuen hiri kristau luze bat izan zen.

«Induskatuko dugun tell baten gainean gaude. Zenbait aztarnak pentsarazten digute eliza bat egon zitekeela han», azaldu du zientzialariak.

Seinale horiek lurzoruan antzematen diren marrak dira, lur azpian lurperatutako egiturek atxikitako hezetasunagatik, pixkanaka lurrazalera igotzen direnak.

Hezetasunaren arrastoak zenbait metro luzeko zerrenda bat eratzen duenez, zalantzarik gabe ondorioztatu daiteke arkeologoaren oinen azpian antzinako elizako trenkadak daudela.

Al Hira kokalekua beste gune arkeologiko batzuk baino askoz berriagoa bada ere, haien aniztasunak argi erakusten du, Ibrahim Salmaneren arabera, «Irak edo Mesopotamia zibilizazioaren jaioterria dela. Horra, oso sinplea da».