09 AVR. 2022 Taupadak errepidearen kontra Maider Iantzi Goienetxe Gurea, bakarra da Korrika. Erokeria bat. Euskal Herriaren zain guztietara zabaltzen asmatzen duen dardara. Mugiarazten gaitu, poztu. Egunotan une oro norbait euskaraz lasterka ari dela oroitzean harro sentitzen naiz, eta etxean bere irudiak entzun edo soinuak ukitzen ditugunean margo bat, krema poto bat edo edozer eskuetan hartu eta korrika ibiltzen gara elkarri lekukoa pasatuz. Zigan, euskaraz da Izaskun. Cintruenigon, euskaraz ikasten ari da Monika. Euskal hiztuna izatea erronka da berarentzat, Kanpezuko Myriamentzat bezala. Haira 14 urteko saratarrarentzat, xantza bat da eta 91 urteko Joxe Landarentzat, garrantzi handiko balioa. Euskarak ostadarraren koloreak dituela erakusten dute Maeztuko Itsasok, Suhar eta Etxahun 10 eta 11 urteko barakaldarrek eta Ainhize-Monjoloseko Marie-Agnes Gorostiaguek ere, Txakur Gorriaren “Uhinak” dokumentaleko protagonistak guztiak. Etxeko janaria, baratzeko lurra, zitrikoen zapore freskoa, gurasoen larruazala, egunsentiko ihintza, marrubia edo menditik zoazela behorrak pasatu direla erraten dizun usain hori da euskara eurentzat. Euskaraz gara, bai bihotz taupadak errepidearen kontra lehertzen direnean bai eguneroko bizitzan. Hitz gozo, gazi, garratz, leun eta lakarrekin. Parez pare elekatzean. Lainotuta gaudenean. Hitza gorpuzten dugularik. Ondokoei uzteko eleak aukeratzen ditugularik: ‘harreman’, ‘askatasun’, ‘historia’... Faltako zaizkigu solasak, izanen dugu agian ezabatu nahiko genukeen hitzik ere. Segi dezagun elkarrekin eraikitzen eta bibratzen. •