GAUR8 - mila leiho zabalik

Euskal Herria ikusezina, kanpotik ala barrutik?


Ukrainako presidenteak Madrilgo Diputatuen Kongresuan hitz egin behar zuen egunean, esango zuena aurreikusteko ahalegina egin genuen lagun artean. Zelenskyren hitzaldi bakoitzak tokiko iragana aipatu ohi duela eta entzuleen belarrietara egokitu ohi dela jakinda, Franco aipatzeko hipotesia azaldu zen, baina hortik haratago, ETA diskurtsora ekarriko zuen agian? Maiatzaren 11ko sarraskia akaso? Gertuago genuen erantzuna, baina ez genuen asmatu: Gernika. Entzun ostean, orduan bai, zentzu osoa zuela ondorioztatu genuen: Picassok emandako oihartzunarekin edo Picasso gabe, ba al da hau baina gertaera bortitz eta gizagabekoagorik azken mendeko historian, agertoki horri lotuta?

Biharamunean, oraindik adierazgarriagoa egin zitzaidan Iñigo Urkulluk Volodimir Zelenskyri esker ona adieraztea. Izan ere, EAEko lehendakariak ezker abertzalearen kontra erabili duen ildo tematian guztiz ezabatuta dago 1937ko bonbardaketa, indarkeria Euskal Herrian 20-30 urte geroago hasi zela dioen errelato faltsuaren onerako. Gernika bertan dela gogoraraziko ote zion berari ere ukrainarraren esaldiak?

“Gernikako seme-alabak” deitu zion Euskal Memoria Fundazioak bere lehenengo lan mardulari, Estatuak eragindako biktimak biltzen dituena. Beste 400 ingururekin batera María Mercedes Ancheta ageri da bertan, Meliton Manzanasen eskutik sexu eraso ezin krudelagoa jasan ondoren hil baitzen. Orain, 60 urte geroago, Jineth Bedoya kazetari kolonbiarra izendatu du Nazio Batuen Erakundeak sexu indarkeriaren aurkako enbaxadore, hango gatazka armatuaren testuinguruan espetxe batean bortxatua izan ondoren. Nazioartean inork ez daki, ordea, nor zen Ancheta, ez eta azken hamarkadotan hemengo komisaldegi eta koarteletan beste emakume batzuk bortxatuak izan direnik ere, inpunitate osoz: Rita M., Bea Etxeberria, Nekane Txapartegi… Baina egon pixka batean; ba al dakigu guk, edo gogoan dugu behintzat, Bedoya bat baino gehiago dela gure artean?

Korrika berraurkitu du Txapartegik Suitzatik etxerako bueltan. Pozez, seguru, 22. edizio honek sekulako eztanda ekarri duelako. Euskal Herrian ez ezik, zuzeneko emanaldi etengabearen bitartez mundu osora zabaldu da estreinakoz lasterketa, eta arretaz jarraitu ditut kanpoko ikusleen artean eragin dituen sentsazioak: harridura baino, miresmena; zirrararekin batera, inbidia; “ez dago Euskal Herria gelditzerik”, idatzi du batek baino gehiagok sare sozialetan, egunez eta gauez geratzen ez zen jende multzo alaitsu horrekin txundituta. Berdin sentitu al dugu guk, harrotasun berberaz eta politikoki ekimenak duen garrantzia emanez alegia, folklorismotik aparte eta jai giro apartatik haratago?

Orreagatik igaro da Korrika, elur gainean, Ibañetan gora Roldan inbaditzailea gogoratzen duen oroitarritik gertu. Baliteke aurten, hamabi mende pasata –bada marka– bataila hartan garaile izan ziren euskaldunak omenduko dituen artelana izatea. Historia beti irabazleek idazten dutela gauza jakina da, baina herri honetan euskaldunek irabazi dugunean ere ez omen dugu idazten jakin. Patxi Aldunate eskulturagileak orriotan esan duenez, «zor asko ordaintzeko ditugu oraindik». Iraganarekin jakina, eta etorkizunarekin gehiago.

Euskal Herria askotan ikusezin da munduan, bi estatu handik ezkutarazia. Baina geuk ere, ohartu gabe, ez ote dugu ikusezin gehiegitan? •