23 AVR. 2022 Irlanda eta Eskozia Gorka Elejabarrieta Irlanda eta Eskozia, Sinn Fein eta Scottish National Party; bide oso ezberdina jarraitu duten nazio askapen mugimenduak; historia, bizipen eta esperientzia ezberdinak dauzkaten herriak. Erresuma Batua daukate parean, eta ez da nolanahiko arerioa, biek ala biek independentzia dute helburu. Eta biek daude haien helburutik inoiz baino gertuago. Historikoki Euskal Herriko nazio askapen mugimenduak harreman eta konplizitate gehiago izan ditu irlandar errepublikarrekin. Hamarkada luzeetan eta eremu anitzetan bien arteko elkartasuna eta elkarlana oso ugariak izan dira. Aurten 25 urte beteko dira, 1997an, Euskal Herrian Irlandako Foroa sortu zenetik, eta hori izan zen, ez dezagun ahaztu, Lizarra-Garazi akordioaren abiapuntua. Irlandako bake prozesua eredugarria izan zen euskaldunentzat, eta konponbide prozesu horren jarraipena egiteko sortu zen, hain zuzen, aipaturiko foroa. Gerora iritsi zen, 1998an, Ostiral Santuko Akordioa eta, harekin batera, aurrera begira irlaren batasuna eskuratzeko jarraitu beharreko bidearen bi zutabe/oinarri nagusien inguruko adostasuna. Onespen printzipioaren onarpena, lehenik. Zer esan nahi du zehazki printzipio horrek? Irlanda eta bere izaeraren inguruan nork bere ikuspegia izanda, gaur egun bi administraziotan zatituta dagoela onartzea, nahiz eta zatiketa horren kontra egon, eta ondorioz batasunak bi eremuen onespena behar duela adostea. Bigarrenik, onespen hori bi erreferendum bidez neurtu beharraren onarpena eta adostasuna. Finean, eta beste hitz batzuekin esanda, Ostiral Santuko Akordioak erabakitzeko eskubidearen onarpen formala ekarri zuen. Hogeitalau urte pasatu dira akordioa sinatu zenetik eta oraindik ez dira erreferendumak burutu. Ziurrenik, azalpen eta arrazoi ezberdin asko daude horren zergatia azaltzeko. Akordioek sinatzen diren egunera arte dute balioa, ez gehiago. Ondoren beteko diren edo ez, norberak betearazteko daukan indarraren arabera izango da. Akordiorik onena, politena, perfektuena izan dezakezu, baina ondoren betearazteko indar nahikoa ez baduzu, akordioa lagun baino zure etsai bilaka daiteke. Munduan eman diren konponbide prozesuen %80 inguru akordioaren ondorioz joan dira pikutara. Akordioak ez direlako erdietsi, ez direlako modu berean ulertu, ez direlako behar bezala bete… Baina gehienetan akordioa dago porrotaren erdigunean. Nazio askapen mugimenduek urteak, hamarkadak, belaunaldiak pasa ditzakete haien artean muturtuta, zatituta, bete ez diren akordioen inguruan eztabaidatzen, arerioari errua botatzen, baina borrokan aurrerapauso bat ere eman gabe. Konponbide prozesu guztietan sartzen den edozeinek bi helburu nagusi dauzka: nork bere indarra eta posizioa indartzea eta arerioarena ahultzea. Esan bezala, Eskoziak oso bide ezberdina egin du. Erresuma Batuak Ostiral Santuko Akordioa erabili zuen estatu erreforma sakona egiteko eta, Stormonteko gobernu eta parlamentuarekin batera, Eskozia eta Galesko autonomiak ere onartu zituen. Oroitu garai hartan SNP alderdi minoritarioa zela. 1999an egin ziren Eskoziako Parlamenturako lehen hauteskundeak, eta SNPk, orotara dauden 129 diputatuetatik, 35 lortu zituen. 2021ean burutu dira azken hauteskundeak eta SNPk 64 diputatu lortu ditu. Igoera nabarmena da eta oso denbora laburrean. Ez da bake edo konponbide prozesurik egon, Eskoziak ez dauka erabakitze eskubidearen onarpen formalik eta, hala ere, Irlandan ez bezala, Eskozian jada erreferendum bat egin da. Azalpen eta arrazoi asko egongo dira Eskoziak erreferenduma egin izana azaltzeko. Indarra. Indarra, eta parean demokrazia gutxieneko printzipioak onartzen dituen arerioa. Baina, bereziki, indarra. Irlandar iparraldean hauteskundeak izango dira maiatzaren 5ean. Sinn Feinek aukera handia du indar bozkatuen bilakatzeko. Hegoaldean ere inkesta guztiek diote Sinn Fein babes handien jasoko duen alderdi bilakatuko dela hurrengo hauteskundeetan. Pronostikoak bete eta Sinn Fein indar politiko indartsuen bilakatzen bada, iparraldean eta hegoaldean, erreferendumak egingo dira eta, ziurrenik, gehiengoak irlaren batasunaren alde egingo du. Eskozian ere bigarren erreferenduma dator, Brexitak bultzatuta. Irlandan eta Eskozian erreferendumak izango dira laster: batean erabakitzeko eskubidea onartuta dago eta bestean, ez. Baina bietan egingo dira, baldin eta erreferenduma aldarrikatzen duten indar politikoek indar nahikoa eskuratzen badute. Indarrak, eta ez legeek diotenak, erabakiko du etorkizuna. Garai egokia izan daiteke, 25 urte geroago, Irlandako bigarren foroa sortzeko.• Indarrak, eta ez legeak, erabakiko du etorkizuna