14 MAI 2022 BULGARIA, EB-RA SARTZEKO ATEA Etorkizunik gabe, gazte mazedoniarrek Bulgariako pasaportea dute ihesbidea Aukera falta dela-eta, gazteek Ipar Mazedoniatik alde egin eta Europar Batasunean lan egiteko aukera bilatzen dute. Bulgariako pasaportea lortzea da biderik errazena. Sofiaren ustez, Mazedoniako herria Titoren Jugoslaviaren sorkuntza artifiziala da, eta tesi horri jarraituz, izapideak errazten ditu. Miguel Fernandez Ibañez Kristina Petrovskak Ipar Mazedoniatik alde egingo du, Bulgariako nazionalitatea lortu eta EBn lan egiteko aukera izan bezain laster. Bere herrialdean ia ez dago lan aukerarik eta, aurrera egiteko, alderdi politikoekin eta oligarkekin loturak behar dira. Sistemarekin nazkatuta eta etsita, duela hiru urte hasi zen nazionalitate bulgariarra tramitatzen, kamioi gidaria den bere nebarekin batera. «Etorkizun hobea» lortzeko egin zuela eta hainbat lagun dagoeneko Mazedoniatik kanpo daudela azpimarratu du: Suedian haurrak zaintzen ditu batek, eta beste bik gurutzaontzietan lan egiten dute (mazedoniarren artean ohikoa da). Horietako bakar batek ere ez zuen itsasorik zeharkatu edo hesirik gainditu behar izan; EBko estatu kide bateko pasaportea lortzea izan zen bidea. «Jendearen pentsamoldea epe laburrekoa da. Hemen lana baldintza batekin banatzen da: zuk eta zure familia osoak, ez zuk bakarrik, alderdia babestu behar duzue», dio Kristinak, Mazedoniako alderdi politiko nagusiek (VMRO, SDSM eta DUI) kontrolatzen duten sistema klientelarrari erreferentzia eginez. Soldata txikiak eta langabezia handia dituen herrialde pobretu honetan, Kristina bezalako gazteek emigratzea erabakitzen dute, eta modurik errazena Bulgariako nazionalitatea tramitatzea da. Arrazoia, klientelismoa Klientelismoa gizarte orotan existitzen da, aspaldiko kontua da, baita naturala ere: gure aukeren barruan, denok saiatzen gara senide edo lagun bati laguntzen. Ikuspegi antropologikotik, Alex Weingrodek «autoritate maila desberdinetako pertsonen» arteko harremantzat jotzen du klientelismoa, «baina interes eta adiskidetasun loturen bidez lotuak daude, eta helburu jakin batzuk lortzeko beren harremana manipulatzen dute». Harreman hori indartu egiten da Alvin W. Gouldner soziologoak 1960an honela definitu zuenarekin: «elkarrekikotasunaren araua», alegia, lehen lagundu zizunari laguntzeko betebehar morala. Arabiar satrapia aberatsetan, klientelismoa gaitz txikitzat hartzen da. Mazedonian, ordea, ez dago biztanle guztiak asetzeko adina aberastasunik. Sistema disfuntzionala da eta bere aurpegirik krudelena erakusten du egunerokoan: kontaktuak beharrezkoak dira lanean aurrera egiteko edo administrazioarekin izapideak arintzeko. Etorkizunik gabe, gazteek ihes egiten dute. “Youth Study South-East Europe” azterlanaren arabera, gazteen herenak emigratzeko gogo bizia du, eta bitik batek atzerriko bizi baldintza hobeetan oinarritzen du bere erabakia. Azterlanean gazteek lana aurkitzeko giltzarritzat jotzen dituzten faktoreak identifikatzen dira: «Lehenik eta behin, loturak eta lagunak; bigarrenik, jende boteretsuarekiko loturak, eta, hirugarrenik, zortea. Horien atzetik datoz esperientzia, hezkuntza maila eta alderdi politiko batean sartzea». Kristinak sistemaren bidegabekeria azpimarratzen du, eta hiruhileko kontratuak kateatzen dituela azaldu du. Haur Hezkuntzan lizentziaduna da, baina beste sektore batean egiten du lan. Velesekoa da. Gainbeheran den eskualde industrialean kokatua, hiri hori ezaguna egin zen Donald Trumpen aldeko kanpaina zibernetikoa egiteagatik, eta Topilnica metalurgia lantegiaren itxieragatik. Seigarren hiririk handiena izan arren (50.000 biztanle), ez dago aukerarik. «Jendea oso itxia da hemen. Desberdina bazara, gizarte arauetatik ateratzen bazara, beti ikusiko zaituzte ardi beltz bat bezala. Ez zara onartua sentituko», azaldu du. Emigratzeko gogoa du, eta ez soilik lan eta aukera faltagatik: oraindik homosexualitatea edo transexualitatea onartzen ez duen herrialde txiki baten pentsamoldeak ere zerikusia du. Urduri jartzen da, adibidez, jendaurrean agertzean. Horregatik eskatzen du izengoitia erabiltzea. Skopjen, Mazedoniako hiriburuan, errazagoa da onartua sentitzea. Aukera gehiago daude, talde sozial gehiago, intimitate gehiago. Baina ez da nahikoa. Marija Dimkova Turismoan lizentziadunak inoiz ez du lan kontraturik izan. «Soldata ez da nahikoa» bere herrialdean, eta pare bat lan baino ez ditu egin. 39 urte ditu. Soldatak ez dira nahikoak, eta turismoa, bere sektorea, eskasa da. 2016an, bitartekari bati 450 euro ordaindu ondoren, Bulgariako pasaportea lortzeko prozesua hasi zuen. «Lehen elkarrizketa egin nuen eta emaitza positiboa izan zen. Bide azkarrena eta errazena da». Emakume baikor honek mazedoniarren artean arrunta den lan historia zirkularra du. Turista gisa 90 egunez sartuz, nahiz eta berez asteko zazpi egunetan lan egin, Marijak 20 urte daramatza Greziako hoteletan udako denboraldia egiten. Orain, Bulgariako pasaporteari esker, dena errazagoa da eta haratago begiratzen du. «Leku batean sei hilabetez lan egitea eta beste batean sei hilabetez bizitzea ez da bizimodu txarra, baina ezegonkorra da. Noiz arte bizi daiteke horrela? Lagun batek Berlinera joateko esaten dit; hasiera bat izan liteke», dio ilusioz. Jada ez du nahi gaztaroaren joan-etorri hori: egonkortasuna nahi du, eta hori ez da familia bat, bizitza duina eskaintzen duen herrialde bat baizik. Ipar Mazedoniak identitate gatazka handia du Bulgariarekin. 1991n bere independentzia onartu zuen lehen herrialdea izan arren, mazedoniera bulgarieraren dialektotzat hartzen jarraitzen du. Baina tentsioa handiagoa da: formalitate politikoetatik urrun, bulgariarrek uste dute mazedoniarrak Titoren Jugoslaviaren sorkuntza artifiziala direla, XX. mendearen hasiera arte mazedoniarrek euren burua bulgariartzat jotzen baitzuten. Horregatik, Sofiak herritartasuna lortzeko izapideak errazten ditu. Koherentea da bere jarrerarekin. «Horrela, 50 urte barru esango dute: aizue! Bulgariakoak zarete-eta», ondorioztatu du Petrovskak. «Jendeak ez du iragartzen Bulgariako pasaportea duela, baina lagunartean hitz egiten da. Ezagun askok atera dute. Denok ditugu idealak, baina oinarrizkoena bizitzeko lan bat izatea da», dio Kristinak. Duela urtebete hasi zuen Bulgariako pasaportea lortzeko prozesua. Haren senide batek gomendatu zion bitartekari batekin harremanetan jartzeko. 500 euro kobratzen ditu. «Pertsona horrek behar dituzun dokumentuak ere prestatzen ditu: jaiotza agiria edo senideen agiriren bat. Gero dena itzultzen du», azaldu du. Nor zen bulgariarra bere familian? «Inor ez. Nire aitona derrigorrezko soldadutzan egon zen. Trikimailu bat da. Zure aitona eta gurasoak bulgariarrak zirela baino ez duzu esan behar. EB kexu agertu da Malta, Zipre eta Bulgaria atzerritarrei nazionalitatea oso modu errazean ematen ari zaielako. Prozesua ustelkeriaz beteta dago. Bulgariaren kasuan, 2018an Sofiak 20 pertsona baino gehiago atxilotu zituen eroskeriagatik, 5.000 eurorainoko ordainketak onartzeagatik eta irabaziak lortzeagatik. Besteak beste, Petar Haralampiev Atzerriko Agentziako zuzendaria. Identitate konprometitua duen herrialde batentzat bereziki mingarria den arazo honetan datu ofizialik izan gabe mazedoniarrek uste dute dagoeneko 100.000 herrikide baino gehiagok Bulgariako pasaportea dutela. Eta fluxua ez da eteten, mazedoniarrek ez dutelako espero EBn sartzeko prozesua laster amaitzea: joan den martxoan ireki bazen ere, uste dute betiko luzatuko dela, Turkiarekin gertatzen den bezala, baldin eta lehenago ez bada izarren aliantza desagertzen. 2009ko abenduaren 19tik, EBko mazedoniarrentzako bisa turistikoak liberalizatu zirenetik, Kristina bezalako pertsonek jada ez dute dirurik eta denborarik gastatu behar 180 eguneko epean 90 egun bidaiatzeko, baina lan arazoa ez da konpondu. Egonkortasunerako, Europako pasaportea behar da. Ahal dutenek Esloveniakoa edo Kroaziakoa ateratzen dute, baina bestela beti izango dute hor Bulgariako atea. Aukerarik gabeko lurralde honetan geratzea baino aukera hobea da. Horrela laburbildu du Kristinak: «Sufritu egingo dut emigratzen dudanean: zure bizimodua atzean uztea eta lan duina bilatzea ez da erraza. Dena utzi eta herrialde ezezagun batera joatea ez da erraza. Gainera, bigarren mailakoa izango zara beti. Hala ere, Mazedonian bizitzea baino hobea dela uste dut». EB-KO KIDE IZATEAK ERE EZ DU EMIGRAZIOA GELDIARAZTEN Balkanetako egoera dramatikoa da. Ez da Mazedonia bakarrik, eskualde osoa baizik. Errumania eta Bulgaria EBko kideak dira, eta haien dinamikek erakusten dute Bruselak ez duela lortu gazteak emigratzera behartzen dituzten egitura mafioso eta klientelarrak aldatzea. Gurasoek Europa mendebaldean lan egiten dutelako aitona-amonek hazitako haur errumaniarrak hizpide dituzten erreportaje asko daude. Tim Judah balkanologoaren ikerketa batek bilakaera dramatikoa erakusten du: kalkuluen arabera, 2050ean Bulgariak biztanleriaren %38,6 galduko du 1990arekin alderatuta; Errumaniak, %30,1; eta Kroaziak, %22,4. Hazkunde ekonomikoak –BPGa edo zor publikoa alde batera utzita– ez du herritarren bizitza hobetu eta, horregatik, gazteen erdiek ihes egin nahi dute. Bururik prestatuenek, Estatu espainolean ere gertatzen den bezala, aukera gozoak aurkitzen dituzte AEBetan, Alemanian edo Herbehereetan; hezkuntzarik gabeko langileek, aldiz, eskulan merkea izaten jarraitzen dute harrerako herrialdeentzat. Horrela sortzen dira Balkanetan familia desegituratuak: milaka kilometrora dauden gurasoak, bidalketa sortak bidaltzen dituztenak beren familiek bizimodu txukuna izan dezaten. Knomad erakundearen arabera, Mazedoniako herritarren ia heren bat aldi baterako edo modu iraunkorrean bizi da herrialdetik kanpo. Etorkizunari begira, eta migrazio zirkularra ezaugarri duen eskualde batean –hau da, jatorrizko herrialdean bizitzea hilabete batzuetan eta beste hilabete batzuk atzerrian ematea lanean– errolda fidagarri bat egitearen konplexutasuna kontuan hartuta, egoerak Balkanetako despopulazioa ekar lezake: emigrazioa 1960ko hamarkadatik egon da lur honetan, baina bertako familiek gaur egun ez dute seme-alaba nahikorik populazio mailari eusteko, eta kanpoko inor ez dago prest herrialde hauetan finkatzeko, Alemanian ez bezala, 300 edo 440 euroko soldatak dituztelako eta aurrera egiteko «lagun» bat behar delako. «Jendeak ez du iragartzen Bulgariako pasaportea duela, baina lagunartean hitz egiten da. Denok ditugu idealak, baina oinarrizkoena bizitzeko lan bat izatea da» Etorkizunik gabe, gazteek ihes egiten dute. Hirutik batek emigratzeko gogo bizia du, eta bitik batek atzerriko bizi baldintza hobeetan oinarritzen du bere erabakia