28 MAI 2022 Euskal eredua Pello Otxandiano Iragan astean mahai-inguru batean hartu nuen parte, eta solaskideak esandako hitz batzuek pentsakor utzi ninduten. Hala esan zuen: gaur egun ez dago euskal politikagintzarik. Solaskidea nirea ez den beste tradizio politiko batekoa da. Pisu handiko hitzak dira. Esan nahi zuen hori ezer berria ez izanagatik, pentsakor utzi ninduen. Azken egunetako notiziak pentsatzen hasita, adibidez, bistan da espainiar politikagintzak bizi gaituela euskaldunak bainoago: Josu Jon Imazek CEBEKen ekitaldian esandakoak, Gamesaren inguruko berriak, Gasteizko Parlamentuan izandako demografiaren gaineko debatea edo Nafarroan 0-3 plataformaren ekimena itzalpean gelditzen dira «Pegasus auziaren», errege emerituaren etorreraren edo Andaluziako hauteskundeetarako hautagaitzen alboan. Jakina da globalizazio digitalizatu honen itsaso zabalak euskal marko kognitiboari eustea zailtzen duela, eta euskal nazioaren erreprodukziorako mekanismoak prekarioago egiten dituela. Jakina da, baita ere, estatuko instituzioetan modu normalizatuan parte hartzeak baduela bere eragina, euskal politikagintzaren grabitate zentroa desplazatzen duen neurrian. Lehen erreflexua da erantzun azkarrak bilatzea: adibidez, pentsatzea Espainiako politikagintzak xurgatu egiten gaituela edo, nire kasuan, solaskideari kontrakoa gerta ez dadin askorik lagundu ez dutela arrapostu egitea. Esan daiteke, baita ere, gaur egun kontsumitzen den politika populista dela eta horretan espainiarrak direla txapeldunak. Zalantzarik ez dut euskal independentismoak estatu eskalan jarri behar duela hanka bat, Espainiako instituzioetan egin dezakegun esku-hartzea baliagarria zaigula maila askotan euskal errepublikaren aldeko gehiengo sozialak eratzeko bidean. Baina, modu berean uste dut estaturik ez duen nazioak behar duela lekune bat sendoa, ikuspegi autozentratu bat, gure kasuan azken urte luzeetan lausotuz joan dena. Narratiba bat behar dugu, mundu aldrebes honetan egoteko modu bat. Irlanda eta Eskoziako prozesuak eredu zaizkigu. Euskal abertzale, independentista, subiranista aurrerazale guztiok lurzoru partekatu bat eraiki beharko genuke, gure politikagintza zedarrituko lukeena. Narratiba horrek jaso beharko luke iragan hurbilari buruzko gutxieneko bat, orainaldiaren gaineko begirada zorrotz bat eta etorkizunaren bisio argi bat. Posible al da? Esan al dezakegu, adibidez, gutxi gorabehera guztiok eroso sentitzeko moduan, gai izan garela Otxandio, Durango eta Gernikako errautsetatik zein Nafarroako kunetetan lurperatutako izugarrikeriatik biziberritzeko; euskal kultura eta nazioa suntsitzeko saiakerei aurre egiteko, nazio eraikuntza garaikidearen prozesuari ekiteko eta gure inguruko herrialdeetakoekin homologatu daitekeen ongizate sistema batez hornitzeko? Azterketa autokonplazienteak eta diskurtso paralizatzaileak albo batera utzita, esan al dezakegu, inoren kontra egin gabe, botilak zuloa duela, ez dugula etorkizuna prestatzen jakin eta, bidean, iraganean hain emankorra izan zaigun gauzak egiteko modua, euskal eredua, lausotu zaigula? Eta egin al dezakegu etorkizunari aurre egiteko behar dugun euskal ereduaren eguneraketa bat? Hau da, oinarrizko kontzeptualizazio bat, nolako gizarte antolamendua nahi dugun (garapen ereduari, sektore publikoak bete beharreko rolari eta gobernantza ereduari dagokionez) eta nola kudeatuko dugun estatuarekiko konfrontazio demokratikoa; eta gainean ditugun herri erronken kartografia partekatu bat. Mundua, Europa eta Espainia zer jite hartzen ari diren ikusita, esango nuke ezinbestean eraiki behar dugula halako lekune bat, euskal politikagintzaren plaza eratuko lukeen narratiba sendo bat. Inertziak hautsi eta norberekerietatik ateratzeko garaia da. • Euskal abertzale, independentista, subiranista aurrerazale guztiok lurzoru partekatu bat eraiki beharko genuke, gure politikagintza zedarrituko lukeena