GAUR8 - mila leiho zabalik
GOSETEAREN GAITZA

Gatazkak, klima larrialdia eta pandemia, haurren muturreko desnutrizioaren akuilu

Munduan, bost urtetik beherako 13,6 milioi haurrek muturreko desnutrizio larria dute, Unicef-ek landutako azken txostenaren arabera. Egoerak, gainera, larritzera jo dezake neurriak hartzen ez badira: pandemia osteko krisia, klima larrialdia eta Ukrainakoa bezalako gatazkak elikagaien prezioak igotzen ari dira.


Zaila da hitzez azaltzea zer esan nahi duen haur batek muturreko desnutrizio larria izatea. Baina desnutrizioa bere aldaera hilgarrienean bizi duen haur bat ezagutzen duzunean, ulertuko duzu eta ez duzu sekula ahaztuko». Horrela hasten du Catherine Russell Unicef-eko zuzendari exekutiboak erakunde honek asteon argitaratu duen txostenaren hitzaurrea; “Muturreko desnutrizio larria: haurren biziraupenaren larrialdi ahaztua” izenburu duena.

Goseak erasanda bizi diren munduko haurren egoera agertzen duen lanak ez du berri onik ekarri. Kontrara, larrialdi egoera bat erakusten du: munduan, gutxienez, bost urtetik beherako 13,6 milioi haurrek muturreko desnutrizio larria dute, horietatik gutxienez hamar milioik ez dute tratamendurik jasotzeko aukerarik eta arazo horrek adin talde horretako bost heriotzatik bat eragiten du mundu zabalean.

Gainera, dokumentuaren arabera, herrialde askotan egoerak okerrera egin du azken urteetan. «Saihestu daitezkeen haurren heriotzez eta muturreko desnutrizioa duten haurrez betetako bolborategia ari da bilakatzen mundua», ohartarazi zuen Unicefeko zuzendariak.

Altuera kontuan hartuta meheegia izatea eta sistema immunitarioa ahultzea eragiten du muturreko desnutrizio larriak, eta hori da desnutrizioaren aldaerarik berehalakoena, ikusgarriena eta arriskutsuena. Ezagutzeko errazena.

Horrela, haurren eritasun arruntak eritasun hilgarri bilakatzen ditu desnutrizioak. Gaixo dauden haurren gorputzek ez dute ia babesik bakterio, birus edo onddoen aurrean. Digestio sistemak ezin dituenez elikagaiak xurgatu, hil egiten dira. Desnutrizio larria duen haur baten gorputza funtzio oinarrizkoenetara murrizten da: energia guztia behar du arnasa hartzen jarraitzeko.

Ez da arazo berria. «Ukrainako gerrak mundu osoko elikagaien segurtasuna kolokan jarri baino lehen ere, gatazkek, klima krisiek eta covid-19ak kalte handiak eragiten zizkieten familiei seme-alabak elikatzeko gaitasunean», agertu zuen Russellek. Baina orain, «Ukrainako gerrak munduko elikagaien segurtasunean duen eraginarekin», haur gehiago daude desnutrizioan erortzeko arriskuan, «elikagaien, erregaien eta ongarrien eskasia, inflazio presioekin batera, prezioak igotzen ari baita». Elikagaien Mundu Programaren arabera, «elikagai esportazioak luzaroan gutxituz gero, desnutrizioa duten pertsonen kopurua zortzi eta hamar milioi artean handitu daiteke 2022an eta 2023an».

Gosetearen lurraldeak

Goseteak eta desnutrizioak badituzte, aspalditik, zenbait lurralde konkistatuta, eta lekua ari dira hartzen beste batzuetan. Testuinguru horretan, Asiako hegoaldeak muturreko desnutrizio larriaren epizentroa izaten jarraitzen du munduan; izan ere, 22 haurretik batek jasaten du, gutxi gorabehera 7,7 milioi umek orotara. Zifra horrek bikoiztu egiten du Saharaz hegoaldeko Afrikan erregistratutakoa. Halaber, aurreikuspenek diote Afganistanen 1,1 milioi haurrek muturreko desnutrizio larria izango dutela aurten. 2018an baino ia bi aldiz gehiago.

Bestalde, Afrikako Adarreko lehorteak kasuak azkar ugaritzea eragin dezake, 1,7 milioitik bi milioira, Unicefen aurreikuspenen arabera; Sahelen, berriz, kopuru hori %26 handituko dela espero da, 2018an erregistratutakoarekin alderatuta. Baina Somalia da kaltetuena. Gutxienez 330.000 haurrek salbamendu tratamendua beharko dute 2022an desnutrizio larrirako, eta aise gaindituko da 2011n herrialdeko gosete garaian tratamendua behar izan zuten 190.000 haurren kopurua.

Desnutrizioa sekula baino ugariagoa da, halaber, Hego Sudanen. Gutxienez 87.000 pertsonak dute elikadura-segurtasun falta. Desnutrizio larrien tasak izugarri igo dira, gaur egun munduko handienetako bat duelarik: 5 urtetik beherako sei haurretik bat.

Hainbat hamarkadako lehorteen ostean eta covid-19aren eraginei ezin ihes eginda, Madagaskar hegoaldeko bizibideak sarraskitu egin dira, munduko herrialde pobreenetako bateko eskualderik pobreenean. Gauzak larriagotzen ari zirela, ekaitz hilgarriek eta uholdeek jo zuten lurraldea 2022aren hasieran. Madagaskarreko haurren ia erdiek desnutrizio kronikoa dute. Beherakoa, arnas infekzio larriak, elgorria eta malaria oso hedatuta daude.

Txostenak jasotzen du, gainera, nolabaiteko egonkortasuna duten herrialdeek, hala nola Ugandak, %40ko edo gehiagoko hazkundea izan dutela 2016az geroztik haurren desnutrizioan. Familien pobrezia eta elikadura segurtasunik eza handitu egin dira eta, horren ondorioz, haurdun dauden emakumeen eta haurren elikaduraren kalitatea eta maiztasuna ez dira nahikoa.

Finantziazioaren beharra

Klimarekin eta uraren eskuragarritasunarekin lotutako arazoek egoera larritzen dute. Bien bitartean, txostenak azpimarratzen du goseteari aurre egin ahal izateko laguntzek «tamalez txikiak» direla eta are gehiago jaitsiko direla agian.

Alde horretatik, dokumentuak dio finantzaketa maila 2018 baino lehenagoko mailetara itzultzeko aukera gutxi dagoela. Muturreko desnutrizio larria desagerrarazteko munduko laguntzak Garapenerako Laguntza Ofizialeko osasun sektorearen %2,8 hartzen du soilik. Ez da nahikoa, Unicefen ustez.

Hori dela-eta, gobernuz kanpoko erakundeak eskatu zuen munduko gobernuek 2019ko garapenerako laguntza maila gutxienez %59 igo dezatela, egoera horrek bereziki erasaten dituen 23 herrialdetan tratamendua behar duten haur guztiei arreta emateko. «Nahikoa txikia den inbertsio gehigarri batek nabarmen murriztuko lituzke haurren heriotza tasak», ondorioztatzen du txostenak.

«Besterik gabe, ez dago arrazoirik haur batek muturreko desnutrizio larria izateko, eta are gutxiago prebenitzeko gaitasuna dugunean. Baina oso denbora gutxi dago desnutrizioa prebenitu, detektatu eta tratatzeko mundu mailako ahalegina suspertzeko, egoera askoz okerragoa izan aurretik», nabarmendu zuen Russellek.

Elikagai terapeutikoak

Bada munduan desnutrizioa gainditzen laguntzen duen produktu giltzarri bat: erabiltzeko prest dagoen elikagai terapeutikoa, Unicefek aspalditik erabiltzen duena. 90eko hamarkadan garatu zen, eta kakahueteekin, azukrearekin, olioarekin eta esne-hautsarekin egiten zen hasieran. Urik gehitu gabe jan daiteke, kutsadura arriskua murrizteko. Gaur egun, gero eta gehiago ekoizten da mundu osoan, besteak beste, Kenya, Haiti, Burkina Faso, Etiopia, Nigeria, India eta Pakistanen.

Baina honi ere eragiten dio elikagaien industriaren ezegonkortasunak. Ildo horretatik, Unicefen dokumentuak ohartarazten du aurreikuspenek diotela hurrengo sei hilabeteetan elikagai terapeutikoen prezioak %16 igoko direla lehengaien kostuak gora egingo duelako, eta, beraz, 600.000 haur gera daitezkeela tratamendurik gabe.

«Urtero, milioika umerentzat, pasta terapeutiko horiek bizitzaren eta heriotzaren arteko aldea dira. Munduko elikagai merkatuen testuinguruan, %16ko prezio igoera onargarria izan daiteke, baina, hornikuntza kate horren amaieran, desnutrizio larria duen haur bat dago, eta jokoan dagoena ez da inola ere onargarria», azaldu zuen Catherine Russellek. Eta zera gaineratu: «Aurten, desnutrizio larria zuten haur askok galdu dute bizitzeko borroka. Ezin ditugu itzuli, eta ezin diegu amaiera eman gauetik goizera goseari eta desnutrizioari, baina muturreko desnutrizioak jota haurrak hiltzen segitzea saihestu dezakegu», esan du.